NAIZ

Ravel, euskal musikagile unibertsalenaren disko monografikoa argitaratu du Euskadiko Orkestrak

Euskadiko Orkestrak ‘Ravel’ diskoa argitaratu berri du, Ziburun jaiotako musikagilearen obrak biltzen dituen lana. Diskoan Ravel «sinfonikorik desiratu eta zorrotzena» jaso dutela ziurtatu dute Orkestratik.

Oriol Roch eta Robert Treviño, diskoaren aurkezpenean. (Maialen ANDRES | FOKU)
Oriol Roch eta Robert Treviño, diskoaren aurkezpenean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Euskadiko Orkestrak Ravel «sinfonikorik desiratu eta zorrotzenaren grabazioa» argitaratu berri du. Ondine Records diskoetxearen eskutik merkaturatu dute ‘Ravel’ izena daraman lan monografikoa eta, aurkezpenean azaldu dutenez, Orkestrak «bere musika ibilbidean oraindik jorratzeke zuen irakasgaiari» heldu dio horrela.

«Maurice Ravel, Ziburun jaiotakoa eta mundu osoan interpretatua, Euskadiko Orkestrak bere bezala aldarrikatzen duen musikagilea da», ziurtatu dute, eta Robert Treviño orkestrako zuzendariak «hasieratik» haren musikan murgildu nahi izan duela ekarri dute gogora: «Denboraldiko kontzertu ugaritan eta Parisko Théâtre des Champs-Élyséesen orkestrak izan zuen estreinaldian protagonismo handiz zuzendu ondoren, Ravelen euskal nortasuna sakon aztertu nahi izan du, baita orkestra honek konpositore horren hizkuntzaz dakiena eta ulertzen duena munduarekin partekatu ere».

Bere osoan Ravelen obrekin osatutako diskoa osatzea «erronka handia» izan dela baieztatu du Treviñok, errepertorioa nazioarte mailan ezaguna izateaz gainera kalitatezko grabaketa egin nahi izan delako. «Ravelen musikan pasarte asko daude, bereziki euskaldun bezala atzeman ditzakezunak, bere musika osoak ezkutatzen dituen erritmo edo esamolde herrikoiak» esan du.

Ravelen konposizioetan «frantses kolore asko» sumatzen duela aitortuta ere, haren «euskal zintzotasuna eta determinazioa ere nabarmen» igarri daitezkeela nabarmendu du Treviñok. «Bere musikan murgildu gara eta konpositore magistral hau birpentsatu dugu, agian euskaldunak ez diren orkestrentzat hain nabarmenak ez diren egiak aurkituz. Esperientzia bikaina izan da».

Hau da Treviñok Ravel grabatzen duen lehen aldia, ez ordea orkestrak, bere fonoteka zabalean 2000. urtean orduko titular Gilbert Vargarekin eta Joaquin Achucarrorekin grabatutako Ravelen beste monografiko bat baitauka. Grabazio hark Ravelen pianorako bi kontzertuak erregistratu zituen pianista bilbotarraren eskutik eta baita ‘Alborada del gracioso’ lana ere, zeina oraingo grabazioan berreskuratuko den ‘La Valse’, ‘Boléro’, ‘Rapsodie Espagnole’, ‘Pavane pour une infante défunte’ eta ‘Une barque sur l'océan’-ekin batera.

Grabazioa Kursaal Auditoriumean egin zuten pasa den urrian eta eszenatoki zabalari plataforma gehigarri bat gehitu zitzaion, Ravel interpretatu behar zuten 90 musika inguruk gaur egun indarrean dauden segurtasun-distantziak zorrotz manten zitzaten.

Nazioarteko entzutea

‘Ravel’ diskoa sareko plataformetan zein CD formatuan eskura daiteke eta, Orkestratik nabarmendu dutenez, Ravel nazioartean entzutea duen musikagilea izanik gisa honetako lan monografiko batek arreta erakartzea ez da erraza. «Baina orkestrak eta zuzendariak grabazio honetan helarazi nahi izan duten begirada desberdin horretatik abiatuta, duela egun batzuk nazioartean kaleratutako diskoak merkatu honetako erreferentziazko plataforma handien arreta bereganatu du eta posizionamendu nabarmena lortu du», ziurtatu dute.

Ondine diskoetxe finlandiar ospetsuarekin argitaratu izana ere nabarmendu dute. Treviñok urteroko grabazio hitzarmen bat sinatu du diskoetxerekin eta konpromiso horri duela hilabete batzuk eman zion hasiera Beethovenen sinfonien integrala grabatu zuenean Malmöko Orkestra Sinfonikoarekin (orkestra horren titularra ere bada Treviño).

Diskoetxearen zuzendari fundatzaile Reijo Kiilunen-en hitzetan, «artista gutxi batzuk bakarrik aukeratzen ditugu, ohiko errepertorioaren interpretazio ameslari eta irudimentsuak egiteko gaitasuna dutenak, baita obra musikal ezezagunagoak publiko aurrean ezagutzera emateko gogamen abenturazalea dutenak ere. Robert Treviñok zalantzarik gabe baldintza horiek betetzen ditu, botere musikal handiko zuzendaria baita eta jakin-min handiko adimen originala baitauka».

Kiilunenen ustez, Ravel-en disko honek «modu zoragarrian» erakusten du Treviñoren batutapean «orkestrak zeinen ondo interpretatzen duen Maurice Ravelen musika. Hasierako nazioarteko erantzuna bikaina izan da eta kritika oso onak espero direla uste dut. Orkestrari eta Treviñori zorionak eman nahi dizkiet hasiera zirraragarri honengatik eta hurrengo grabazioak gogo handiz espero ditut».