NAIZ

AEKren kultur sorkuntzarako bekarako deialdia urrian irekiko da

Kultur sortzaileen lana sustatzeko Korrika-AEK beka sortu zuen AEK-k. Pandemiagatik urtebete atzeratu da, baina urritik aurrera proposamenak aurkezteko epea irekiko da. 23.000 euro bideratuko dituzte sormen lanak bultzatzera eta proiektua, gainera, Korrika Kulturalaren barruan aurkeztuko da.

‘Zuzeneko Istanteak’ erakusketa, Korrika Kulturalaren barruan. (Idoia ZABALETA | FOKU)
‘Zuzeneko Istanteak’ erakusketa, Korrika Kulturalaren barruan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

AEK-k, Korrika kulturalaren bidez, lan bat sarituko du bi urterik behin. Bekaren xedea euskal kulturaren baitako sormen lanak bultzatzea da eta, 23. Korrikatik aurrera, Korrika kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzea. Pandemiak deialdia urtebete atzeratu badu ere, urritik aurrera proposamenak aurkezteko deialdia irekita egongo da. 

Deialdia euskal sortzaile ororentzat da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute.

Baldintzak bete eta beka eskuratzen duen proiektuak 23.000 euro jasoko ditu hura gauzatzeko, eta 23. Korrika  kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2023ko azarotik 2024ko apirilera, hain zuzen.

Bekaren ezaugarri guztiak dagoeneko eguneratu dira Korrikaren webgunean eta proposamenak 2021eko urriaren eta 2022ko urtarrilaren artean aurkeztu beharko dira.

Oinarrietan zehazten denaren arabera, bekadunak kontratua sinatuko du AEKrekin, eta une horretan jasoko du bekaren lehenengo ordainketa (%40; gainerakoa prozesuan zehar eta hura amaitzean jasoko du). Kontratuaren arabera, amaierako proiektua zehaztutako epean aurkeztuko du, eta AEK-k konpromisoa hartuko du saritutako lanaren  gutxienez 5 eta gehienez 50 aurkezpen egiteko. Hori dela eta, bekadunak 5etik 50era bitarteko ikuskizun edota aurkezpen egin ahal izateko baliabide nahikoak dituela bermatu beharko du.

AEKtik nabarmendu dutenez, urrats hau eginda, hemendik bi ediziotara begira jarriko dira: «Batetik, kultur sorkuntzari beste bultzada bat emateko; bestetik, Korrikako kultur eskaintza guztiz berritzeko». Hori dela eta, tartean izango den edizioa, 22. Korrika, 2021eko azaroan aurkeztuko dutenez, «kultur eskaintza beste era batean osatuko dugu, elkarlana bultzatuz, Euskal Herrian abian izango diren sorkuntza-lanak Korrikan ere sustatuz eta leku gehiagora eramanez», zehaztu dute.

Oinarriak zabaltzeko bideoa ere osatu dute.