NAIZ

Baionako Bestak aurten ere bertan behera geratuko direla jakinarazi du Herriko Etxeak

Baionako Herriko Etxeak, Jai Batzordea osatzen duten eragileekin batera, 2021eko bestak ere bertan behera uztea erabaki duela jakinarazi du. Hala eta guztiz ere, uztailean eta abuztuan elkarteen babesarekin hainbat jarduera eskaini nahi dituztela aurreratu dute.

Baionako Bestak, 2018an. (Isabelle Miquelestorena)
Baionako Bestak, 2018an. (Isabelle Miquelestorena)

Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapezak Lapurdiko hiriburuko Jai Batzordearekin bildu da asteazken honetan eta elkarrekin Baionako Besten 2021eko edizioa bertan behera uztea erabaki dutela jakinarazi du.

«Gaur egungo osasun-testuinguruak eta aurreikusten den garapenak ezinezko egiten dute Baionako Bestak bezalako jai-ekitaldi masibo bat egitea», adierazi du Herriko Etxeak, ohar baten bitartez, urruntze fisikoa eta covid-19aren pandemiari aurre egiteko martxan jarritako beste neurri batzuk aipatuz.

«Txertoak itxaropen handia ematen duen arren, pandemiak bere horretan jarraitzen du eta iraunkorra da», azpimarratu du.

Halaber, Jai Batzordeak erabaki «zail» hori bigarren urtez jarraian hartu behar izan duela gogorarazi du. Horren harira, Etchegarayk jaien antolaketan parte hartzen duten alde guztien «ardura» eskertu du.

Udako jarduerak elkarteekin

Hala ere, eta zalantzak gorabehera, Etchegarayk iragarri du Baionako Udala udarako animazio programa zabal bat martxan jartzeko lanean ari dela.

Programa horren bidez, uztailaren erdialdetik abuztuaren amaierara arte, «indarrean dagoen osasun-araudiarekin bateragarria den kultura ekitaldiz beteriko eskaintza zabala antolatu nahi da. Horretarako, Baionako elkarteetan lagunduko duela ziurtatu du.