Jon Ormazabal

Gotzon Embilek beste lau urtez jarraituko du Euskadiko Pilota Federazioko presidente

Epea amaituta, beste hautagaitzarik aurkeztu ez denez, Gotzon Embile zumaiarrak bere bigarren agintaldia hasi du dagoeneko.

Gotzon Embil, Donostiako Atano III.eko kantxan. (EEPF)
Gotzon Embil, Donostiako Atano III.eko kantxan. (EEPF)

Ostiral honetan amaitu da otsailaren 25ean hasi zen Euskadiko Euskal Pilota Federaziorako hauteskunde prozesua eta hautagaitza bakarra aurkeztu denez, Gotzon Enbilek beste lau urtez jarraituko du karguan. Patxi Jauregi, aurreko presidentearekin, hauteskunde lehiatu batzuen ostean, duela lau urte hartu zuen Zumaiako puntista ohiak kargua, baina oraingo honetan, aurkaririk gabe, hauteskunde prozesua askoz lasaiagoa izan da.

Abenduan hausteskunde batzordea osatu eta otsailean hauteskunde prozesua zabaldu ostean –Bizkaiko ordezkariek ezingo lukete bozkatu euren herrialdeko zuzendaritza berria aukeratu gabe dagoelako– apirilaren 6-13ra arteko epea zuten euren hautagaitza aurkeztu nahi zuten guztiek, baina Gotzon Enbilena izan da aurkeztu den bakarra.

Hautagaitza honen inguruko helegiteak ezartzeko epea ere ostiral honetan bertan agortu da eta kasu honetan ere inolako kexurik agertu ez denez, hauteskunde batzordeak gaur bertan izendatu du, behin betikoz, Gotzon Embil Unanue Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako lehendakari 2020-2024 legegintzaldirako.

Covid-19arekin egoera are gehiago larriagotuta, ez du erronka makala zumaiarrak aurrean, besteak beste, azken urteetan emandako lizentzien jaitsierarekin amaitzen. Herri gehienetako klub eta eskolen egoera ere sekula ez da izan gaur egunekoa bezain kezkagarria.