NAIZ

Hurrengo asteetan ikasgela gehiago itxiko direla aurreikusi du Bildarratzek

Joan den ostegunean, 19 ikasgela zeuden itxita covidagatik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, baina zenbaki hori handitzea espero du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak. Irakasleak ostegun honetan sektore publikoan izanen den grebara ez batzea nahi luke, «zentroetako segurtasun dinamika ez hausteko».

Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntza sailburua, Legebiltzarrean, joan den otsailean. (Iñigo URIZ/FOKU)
Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntza sailburua, Legebiltzarrean, joan den otsailean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Jendartean gertatzen den guztia eskoletan islatzen denez, positiboen gorakada ikusita datozen asteetan ikasgela gehiago itxiko direla espero du Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntza sailburuak. Joan den ostegunean, 19 ikasgela zeuden itxita koronabirusa dela-eta.

Bildarratzek izurritearen eragina aztertu du Radio Euskadirekin izandako elkarrizketan. Europa Pressek jasotako solasaldi honetan erran duenez, ikasturte hasieran ikasgeletan presentzialtasuna lortzea jarri zuten helburu bezala, baita kurtsoa amaitzea ere. Alde horretatik «ohorezko matrikula» eman dio sailburuak hezkuntza komunitateari, xedeak betetzea posible egiten ari delako.

Aldiz, pandemiak «hutsune batzuk» ikusarazi dituela erantsi du eta krisia «digitalizazioa, humanitatea eta elkartasunaren» gisako eremuetan «hazteko» baliatzearen alde egin du. Ikasle batzuen arrakala digitala «konpontzen jakin dela» nabarmendu du, ikastetxeen eta udalen inplikazioari esker.

17.554 ikasgeletatik %1 ixteraino

Hezkuntza sailburuak jakinarazi duenez, joan den ostegunean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 17.554 ikasgeletatik 19 zeuden itxita, baina «gorantz datorren olatu batean gaude eta gizarteak bizi duen guztia zentroetara pasatzen da». «Oraindik normaldu ez den aste santu batetik gentozen eta datozen asteetan zenbaki hori haziko dela aurreikusten dut, ikasgelen %1 ixteraino», azpimarratu du.

Unibertsitateei dagokienez, «erabateko presentzialtasunari» eutsi izana baloratu du Bildarratzek. Gaineratu duenez, bertako irakasle «gehienak» txertatuak egoteak «segurtasun handiagoa» ematen die herritarrei.

Ikasleak izanen dira txertatzen azkenetarikoak eta horregatik etorkizunean tentesioa eskoletara pasatuko dela espero du, bertan agertzen ahalko baitira positiboak.

EBAU probari buruz

EBAU proba edo selektibitatea heldu den ekainaren 8, 9 eta 10ean eginen dela baieztatu du Jokin Bildarratzek. Azaldu duenez, dagoeneko ari dira horretarako espazioak egokitzen.

Data horietan positibo diren edo konfinatuta dauden ikasleak egoteko aukeraren aitzinean, «soluzio bat bilatuko» dela agertu du. «Uztailaren 6, 7 eta 8an, bigarren proba egiten denean, lehenengora aurkeztu ez direnek lehenbizikoa balitz bezala egitea litzateke aukera bat».

Ekaineko proba gainditu ez eta osasun arrazoiengatik bigarrenera joan ezin dutenekin zer gertatuko litzatekeen galdetuta, egoera aztertzen ari direla erantzun du sailburuak. «Edozein kasutan, halako kasu gutxi izaten dira, ikasle gehienek proba gainditzen baitute», azaldu du.

Izurriteagatik iazko ekainetik aurtengora atzeratutako Enplegu Publikorako Eskaintzari dagokionez, ordurako osasun egoera hobea izanen den itxaropena agertu du Bildarratzek.

Ostegunean, greba sektore publikoan

Ostegun honetarako sektore publikoan deituta dagoen grebari ere aipamena egin dio Hezkuntza sailburuak eta irakasleen artean atxikimendu zabalik ez izatea espero duela adierazi du.

«Eskolak berdintasun esparruak dira... Krisi egoeretan ikasleak seguruago daude zentroetan. Dinamika horrekin hausten duen guztia ez da ona hezkuntzaren ikuspegitik, nahiz eta lanaren ikuspuntutik sindikatuek aldarrikatzeko legitimitate guztia izan», ondorioztatu du.