NAIZ

Nafar Gobernuak egun indarrean dauden neurriei eutsiko die maiatzaren 9a arte

Osasun egoera kontuan hartuta, koronabirusa gelditzeko orain arteko neurriekin jarraituko du Nafarroak maiatzaren 9a arte. Alegia, ostatu barneak itxiak egonen dira, denden edukierak mugatuak izanen dira eta ezingo da kalean ibili 23.00etatik 6.00ak arte, bertze arau batzuen artean.

Birusa gelditzeko orain arteko neurriekin segituko du Nafarroak maiatzaren 9a arte. Irudian, Iruñeko Alde Zaharra. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Birusa gelditzeko orain arteko neurriekin segituko du Nafarroak maiatzaren 9a arte. Irudian, Iruñeko Alde Zaharra. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Nafarroak alarma egoeraren amaierara arte, hau da, maiatzaren 9a arte segituko du covid-19a gelditzeko orain arteko neurriekin. Edukiera, mugikortasuna eta bilerak mugatzen dituzten arau horiekin jarraitzea beharrezko ikusten du Gobernuak koronabirusaren hedapena gelditzeko. Bestalde, ostiral honetan irekiko dute Milagro eta datorren asteartean, Arguedas.

Gobernuak azaldu duenez, azken astean %21 positibo gutxiago zenbatu badituzte ere, azken 14 egunetan pilatutako intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 408 kasukoa da. Hortaz, herrialdea arrisku hagitz handian dago, 250 kasuko intzidentziatik gora ezartzen baita egoera hori.

Azken zazpi egunetako intzidentziari begiratzen badiogu, 100.000 pertsonako 179 kasu ditu. Eta hemen ere arrisku hagitz handia markatzen duen 125 kasuen langa gainditzen du.

Ospitaleak ere estu dabiltza. Atzo 210 lagun ospitaleratu zituzten, horietako 42 ZIUetan.

Bi faktore horiek, intzidentzia eta ospitaleen presioa, kontuan hartua orain arteko neurriei eustea erabaki du Nafarroako Gobernuak. Ostatu barneek itxiak segituko dute, baita bingoek eta entretenimendurako bertzelako barreneko espazioek ere. Denda handi eta ertainen edukierak %30era mugatua jarraituko du; denda txikienak, erdira; eta janari eta edariarekin egindako ospakizunak debekatuko dira ekitaldietarako espazioen barrenean.

Gauez ateratzeko mugak ere bere horretan jarraituko du (23.00etatik 6.00etara), ezingo da Nafarroatik atera lanerako edo osasun kontuetarako ez bada, eta eremu publiko eta pribatuko bilerek ere mugatuak segituko dute. Sei lagun elkartzen ahalko dira espazio publiko irekietan eta lau, espazio publiko itxietan, pertsona hauek batera bizi ez badira behintzat. Arlo pribatuan, elkarrekin bizi direnak soilik biltzen ahalko dira.

Milagro eta Arguedas irekiko dituzte

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren Osasun Sailak ostiral honetan irekiko du Milagro. Joan den martxoaren 26tik itxia dagoen 3.400 biztanleko herri honetan, azken 14 egunetan intzidentzia metatua 100.000 pertsonako 1.873 kasutik 673ra pasa da. Azken zazpi egunetan, aldiz, 1.610 kasutik 204ra. Martxoaren 23an baheketa egin zieten 44 eta 64 urte bitarteko herritarrei.

Arguedas, berriz, datorren asteartean zabaltzeko asmoa dute. Joan den apirilaren 6tik dago itxia 2.300 biztanleko herri hau. 14 egunetan 1.012 kasuko intzidentzia metatua du eta zazpi egunetan, 440koa. Apirilaren lehendabiziko astean baheketa egin zuten hemen ere, bi adin taldetan kasu honetan: 15 eta 29 urte bitartekoen artean eta 45 eta 64 urte bitartekoen artean.