Andoni Arabaolaza

Oihana Kortazarrek garaipenarekin hasi du Espainiako Kopa

Seniorren kategorian, korrikalari elgetarra Fedme-ren erregulartasun zirkuituaren lehen proban gailendu zen. Beñat Katarainek, berriz, bigarren postua sinatu zuen, eta Maite Maiorak hirugarrena.

Pandemiaren leherketak mendi lasterketen denboraldia hutsik utzi zuen iaz. Euskal Herrian zein gure ingurumari honetan antolatutako proba guztiak bertan behera geratu ziren. Baina, zorionez, aurtengo denboraldia indarrarekin hasi da. Bederen, hitzordu nagusiei dagokienez. Adibidez, Fedme-k antolatutako Espainiako Kopak lehen lasterketa izan zuen atzo. Algamitas herrian (Sevillan) Peñon Xtreme proba jokatzeko aukera izan zen. Eta, hein handi batean, azpimarratu behar dira euskal lasterkariek eginiko lanak eta lortutako emaitzak. Eta horien guztien artean Oihana Kortazarren sasoiari lehentasuna eman behar diogu. Seniorren mailan, elgetarrak garaipena erdietsi zuen.

Irteera puntuan bildu ziren 500 korrikalariek lan eskerga egin behar izan zuten 20,5 kilometroko ibilbide gogorrean. Oso gorabeheratsua den proba horretan 2.000 metroko goranzko desnibela gainditu zuten. Aldapa ikaragarri gogorrak; une jakin batzuetan %39ko pendiza zutenak. Eta horri, jaitsiera teknikoak gehitu behar zaizkio.

Lehen hitzordu garrantzitsu honetan hamabi selekzio autonomikok hartu zuten parte. Katalanek, adibidez, hemeretzi ordezkari bidali zituzten. Eta irabazteko lehian jardun zutenen artean, gaur egungo espezialista asko zeuden. Tartean, euskal korrikalariak.

Kortazar, nagusi

Seniorren kategoriari dagokionez, aurreratu behar dugu, oro har, euskal lasterkariek emaitza bikainak lortu zituztela. Kortazar, adibidez, 2:58:57 denborarekin gailendu zen. Nahiz eta azkarrena izan, ibilbidearen ia 21 kilometroak ondo baino hobeto kudeatu behar izan zituen. Patricia Pinedak, batez ere jaitsieretan, ezustekoa eman zuen, baina, azken igoeran, korrikalari gipuzkoarrak erakutsi zuen oso sasoiko dagoela, eta helmugan bigarren sailkatuari minutu bat eta 38 segundoko aldea atera zion.

Maite Maiora faboritoetako bat zen ere. Mendaroarrak lasterketa txukuna egin zuen, eta hirugarren postua eskuratu zuen. Azpimarratzekoa da Lide Urrestarazuk eginiko lasterketa. Berez, promesak mailan parte hartzen du, baina sailkapen orokorrean laugarren postuan amaitu zuen. Andrea Garaik bosgarrena sinatu zuen.

Mutiletan, bestalde, podiumera igo ziren hiru lasterkarien artean borroka oso estua egon zen. Hots, Manuel Anguita, Asier Larruzea eta Borja Fernandezen artean. Lasterketa guztian zehar ez zen lider argi bat egon, baina Anguitak beste plus bat izan zuen hanketan eta 2:26:19 denborarekin irabazi zuen. Larruzeak bigarren postua lortzeko aukera izan zuen; irabazlearengandik soilik 31 segundora helmugaratu zen. Fernandez hirugarrena izan zen. Top10ean beste bi euskal korrikalari sailkatu ziren: Beñat Katarain bosgarren eta Aitor Ajuria hamargarren.

Ajuria, Urrestarazu bezala, promesak kategorian aritzen da. Orokorrean hamargarrena izan zen, eta bere mailan brontzea lortu zuen. Urrestarazuk, berriz, garaipen handia eta erosoa biribildu zuen. Bigarren sailkatuari zortzi minutuko aldea atera zion. Eta junior kategorian, azkenik, Gontzal Murgoitio podiumaren hirugarren kutxara igo zen.