Haritz Larrañaga

Sindikatu eta eragile anitzen deialdi bateratua Baionan maiatzaren 1ean mobilizatzeko

Ipar Euskal Herriko sindikatu eta eragile anitzek bat egin dute maiatzaren 1ean mobilizatzeko. Lan baldintzak ardatz hartuta bakoitza bere aldarriekin joango da 11:00etan Lan Burtsatik abiatuko den manifestaziora.

Sindikatu eta eragile anitzetako ordezkarien agerraldi bateratua Baionan. Guillaume FAUVEAU
Sindikatu eta eragile anitzetako ordezkarien agerraldi bateratua Baionan. Guillaume FAUVEAU

Eragile eta sindikatu anitzek deialdi bateratua egin dute maiatzaren 1ean Baionako Lan Burtsatik 11:00etan abiatuko den manifestazioan parte hartzeko. Bakoitza bere aldarriekin, «deialdi honekin bat egiten dugun eragileok iparra aldatzeko proposamenak ditugu», nabarmendu dute Lapurdiko hiriburuan egin duten agerraldian.

LAB, CGT eta SBUipp-FSU sindikatuetako ordezkariekin batera, sortu berria den Gazte Ekintza kolektiboa, Egiazko Berdintasunaren Alde elkartea, BIZI mugimendua, Antzoki okupatuko kultur eragileak eta Etorkinekin elkarteko ordezkariak bildu dira prentsaurrean. Guztien izenean euskaraz hitz egin duen Aitzol Gil de San Vicentek honakoa adierazi du: «Bizi dugun osasun krisiak mundu solidario, sozial eta ekologistagoaren beharra agerian utzi duen honetan, politikari ultra-liberalen erasoek ez dute etenik. Guri dagokigu biharko mundua eraiki eta bestelako hautuak inposatzea».

Lehen aldiz 2019an egin zen sindikatuen eta eragileen deialdi bateratua Ipar Euskal Herrian eta 6.000 lagun bildu ziren Baionako karriketan. Iaz ere deialdi bateratua egin zen, baina krisi sanitarioaren ondorioz ezin izan zen manifestazioa kalean antolatu. Honela, aurten ere sindikatuekin batera eragile desberdinak batu dira bizi baldintzen gibelean diren arazoak azaleratzeko. «Atzoko, gaurko eta biharko langileak, elkar gaitezen mundu justu, garbi, sozial, soildario, berdinzale eta feminista baten alde», dio komunikatu bateratuak.

Aldarrikapen anitz norabide berean

Baionan agerraldia egin duten eragile anitzen aldarriak manifestu batean bildu dituzte, izan ere, Gazte Ekimeneko ordezkariak azaldu zuenez, «covid-19ak eragindako osasun krisiak arlo askotan eragin du, eta krisia anizkoitza da, horren aurrean agintariek ikuspegi neoliberal eta kapitalista batetik eman nahi dute irtenbidea. Horregatik gatoz proposamen guzti hauekin, bizitza zentroan jarri behar dela iruditzen zaigu-eta».

Gazte eragileek «bizi baldintza duinak» aldarrikatu dituzte, eta horretarako «zerbitzu publikoak eskuragarriak eta kalitatezkoak» izen behar dutela azpimarratu dute. Haien iritziz, «babes soziala da krisiaren ondorioei aurre egiteko modu hoberena, elkartasunarekin batera».

Manifestuan agertzen den beste puntu batean «langabezia aseguruaren erreforma bertan behera uztea exijitzen» dute, «sektore askotan prekarietatea eragiten duelako, eta batez ere kulturgintzan». Zentzu horretan, aipatzekoa da Baionako Teatroa okupatu duten kultur eragileek ere bat egin dutela manifestuarekin.

«Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bermatu behar da, lan esparruan soldataren arrakalarekin bukatuz eta zaintza lana aitortuz», aldarrikatu dute maiatzaren 1eko mobilizaziora deitu duten eragileek. Horrekin batera, «migratzaileentzako benetazko harrera politikak» galdegin eta «mugetako errepresioa salatu» dute.

Azkenik, «krisi ekologikoari aurre egiteko norabide aldaketa bat beharrezkoa» dela eman dute aditzera. «Sistema kapitalista atzean uzteko sistema produktibista hau ere atzean utzi behar dugu», argitu du Gil de San Vicentek, eta gainontzeko eragileen antzera, guztiek elkarrekin erantzuteak duen balioa goraipatu du.

Eñaut Aramendik, LABeko ordezkariak ere batasunaren garrantzia azpimarratu du: «Aurten ere, blokeo egoerak deseginez, langile, gazte, juibilatu eta prekario, denak batera batu eta bloke bat egitea, uste dugu aurrera pauso bat dela horrelako dinamika bat lantzea». Eta zera gaineratu du: «Bakoitzak baditu bere sektorean gauzak aldarrikatzeko, eta maiatzaren bata borroka eguna izanik, badu logika egun horretan denak batzeak eta desadostasunen gainetik denek zentzu berean egitea, elkarrekin indartsuago izan baikara».