Lantaronen emaztea hil zuen gizonarentzat 21 urteko zigorra berretsi du EAEko Auzitegiak

2017ko urrian Lantaronen Ana Belen Jimenez emaztea hiltzeagatik Arabako Entzutegiak bere senarrari ezarri zion 21 urteko kartzela zigorra osorik berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak.

Kontzentrazioa Lantaronen Ana Belen Jimenezen hilketaren ondoren. (Juanan RUIZ/FOKU)
Kontzentrazioa Lantaronen Ana Belen Jimenezen hilketaren ondoren. (Juanan RUIZ/FOKU)

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Arabako Entzutegiak 2020ko abenduan gizon bati Lantaronen bere emaztea hiltzeagatik ezarri zion 21 urteko espetxe zigorra. Bi seme-alabetako bakoitzari 120.000 euroko kalte-ordaina eta biktimaren hiru ahizpentzat hogeina mila eurokoa ezarri zuen Entzutegiak, eta seme gazteenaren gaineko guraso-agintea kendu zion. Auzitegi Nagusiak orain epai osoa bere horretan berretsi du.

Hilketa 2017ko urrian izan zen. 49 urteko A.H.B.-k bere emazte Ana Belen Jimenez, 45 urteko gasteiztarra, mailukadaka hil zuen Turiso herrian zuten etxean, Lantarongo udalerrian. Epaiketan gizonak onartu zuen emazteak dibortzioa nahi zuela eta horregatik hil zuela, eztabaida baten ondoren. Gorpua auto baten barruan sartu zuen eta Miranda de Ebron utzi zuen. Ondoren, Gasteizko Mercedesen fabrikara joan zen, lanera, baina ordu batzuen buruan atxilotu egin zuten.

Epaiketan, gizonak onartu zuen buruan mailu batekin kolpatuta hil zuela emaztea, «damututa» zegoela esan zuen eta barkamena eskatu zien seme-alabei.

Arabako Fiskaltzak 25 urteko kartzela zigorra eskatu zuen. Epaimahaiak errudun jo zuen, aurrez pentsatutako hilketa leporatuta. Ahaidetasunagatik eta generoagatik ere larrigarriak aplikatu zizkioten.

Kasu honetan akusazio partikular gisa jardun zuen Clara Campoamor elkarteak EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia txalotu du.