Maider Iantzi Goienetxe

Munduko Poesia Kaierak bildumak bi antologia berri ditu, Okigbo eta St. Vincent Millayrenak

Susaren Munduko Poesia Kaierak bildumak bi antologia berri aurkeztu ditu. Christopher Okigbori eskainitako 37. kaierarekin Afrikako kultura ekarri dute estrainekoz, aspaldiko gogo bat betez. 38.a, Edna St. Vincent Millay formaz klasikoa baina edukian iraultzailea zen emakume librearen ingurukoa da.

Ana Morales eta Karmen Irizar, Edna St. Vincent Millay eta Christopher Okigboren antologien itzultzaileak, hurrenez hurren, Donostian egindako aurkezpenean. (Jon URBE/FOKU)
Ana Morales eta Karmen Irizar, Edna St. Vincent Millay eta Christopher Okigboren antologien itzultzaileak, hurrenez hurren, Donostian egindako aurkezpenean. (Jon URBE/FOKU)

Christopher Okigbo (Ojoto, Nigeria, 1932-1967) eta Edna St. Vincent Millay (Rockland, Maine, AEB, 1892-1950) poeten antologiak aurkeztu ditu Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumak. Lehena irakurtzea kaleidoskopio batetik begiratzea bezala da. «Testua bera da, idazlea eta irakurlea ere bai, baina halere aldian-aldian ideia berriak datoz», azaldu du itzulpen lanak egin dituen Karmen Irizar Segurolak. Bigarrena, gazte belaunaldientzako erreferentzia izan zen, rock izar baten parean zegoen Bigarren Mundu Gerran faxismoaren aurka idazten hasi zen arte, Ana Morales itzultzaileak kontatu duenez.

Beñat Sarasolak zuzendutako bilduma hau 2014an abiatu zen. Mundu zabaleko poeten lau antologia plazaratzen ditu urtero. Udaberriarekin batera iritsi dira aurtengo bi lehenak, 37 eta 38.a, eta udazkenean aurkeztuko dituzte 39 eta 40.a.

Sarasolak berak astearte honetako prentsaurrekoan agertu duenez, mundu zabala ekartzen ahalegintzen dira eta ia lehenengo aldia da labealdi berean hizkuntza bereko bi kaiera argitaratzen dituztela. Halere, biak ingelesez idatziak izanagatik, hizkuntza desberdina darabiltela dirudi.

Afrikako literatura, bat eta bakarra balitz bezala

Irizarrek, kaleidoskopioaren irudia ekartzean, irakurlea ez dela aldatzen erran du. Baina, hobeki pentsatuta, ez dela hala ohartu da. Berak itzultzaile gisa, irakurle soil gisa, Europako biztanle zuri gisa eta euskaldun gisa ere irakurri du Okigbo.

Itzultzaile bezala, loturak eta metaforak ongi ulertzea erronka izan du, gero euskarara ekarrita zentzu bera izan dezaten. Hizkuntzari dagokionez, jolas bitxia egiten du, hitz arrunta izan daitekeena beste adiera batekin erabiliz maiz, hiztegi batean bigarren edo hirugarren adiera litzatekeenarekin. Bestetik, erabiltzen dituen kontzeptu ugari guretzat arrotzak dira eta hitza bera sortzera jo behar izan du. Adibidez, hango txori bat izendatzeko ‘eki-txori’ sortu du.

Irakurle bezala ere desafio handia izan du, beti gelditu baitzaio «zerbait harrapatu ez izanaren inpresioa». Okigboren poesia ulertzeko mundu tradizionaleko jakintza behar da, bera hazi zen mundu hartako pertsonaiak eta bizimodua ezagutu behar dira; bestetik, literatur ezagutza handia behar da, autore aunitzen erreferentziak erabiltzen dituelako. Baina, Irizarrek baieztatu duenez, ezagutza horiek gabe ere gozatuko du irakurleak.

Europako biztanle zuri gisa, «Afrikako literatura bat eta bakarra balitz bezala» jaso duela jabetzen da. Gainera, «iruditzen zaigu Afrikak eskatu besterik ez duela egiten, eskaintzeko ezer ez duelako». Aldiz, Okigbo irakurtzean Gernikaren aipamenak harritu du eta bera ere «ikuspegi kolonial batetik» irakurtzen ari zela ohartzeak «astinaldi bat» eman dio.

Euskaldun gisa, «badugu atzetik tradizio luze bat, eta aldi berean munduko beste kulturetatik ere jasotzen dugu». Hori bera ikusi du Okigboren poemagintzan.

Emakume sutsuki independentea

Edna St. Vincent Millay AEBetako «jazz aroan» kokatu du Ana Morales itzultzaileak. Pulitzer Poesia Saria lortu zuen lehenengo emakumea izan zen. «Formaz klasikozalea da. Metrika eta errima eskema erregularrekin idazten du, asko landu zuen sonetoa, maila Shakespearrera eraman zuen. Baina era berean emakume sutsuki independente eta lotsagabe baten ikuspegia azaltzen du». Sexualitate librea aldarrikatzen du. Sexu lesbikoaz eta transexualaz idazten du.

`Carpe diem´ mezuari lotuta, etsipen handi bat sumatzen zaio: «Bizi ezazu bizitza topera, laster amaituko delako». Feminismoa aldarrikatzen du, baita unean-uneko auzi politikoak ere.

Askatasun pertsonalaren ideia behin baino gehiagotan agertzen du, harreman pertsonaletan ere bai: «Egon behar da espazio bat nire bizitzan beste inor ezin dena sartu, baldintza bat da hori, batez ere amodioan». Sarri, mito bat hartu eta birkontatu egiten du, bertsio moderno bat eskaini emakumeen ikuspuntutik.

Poesia errezitatzaile bikaina zen eta herriz herri ibiltzen zen, mikrofonoei uko eginda. Irratsaio batean ere hasi zen poesia irakurtzen eta milaka entzule omen zituen. Berehala agortzen ziren bere poesia liburuak. Baina Bigarren Mundu Gerran poesia politikoa idazten hasi zenean kritikak zigortu egin zuen eta bere gainbehera hasi zen. Berak erraten zuen demokrazia inportanteagoa zela sonetoak baino. 

Vincent izena erabiltzen zuen, baita janzkera maskulinoa ere gaztetan, eta marimutil deitzen zioten. Gizon feminista batekin ezkondu zen, zeinak etxeko ardura osoa hartu zuen emazteak poesia egin zezan.

Moralesek metrika eta errima erregularrekin itzuli du Vincent. Ez da erraza izan baina ahaleginak merezi izan duela uste du, egilearen poesian garrantzitsuak direlako forma eta musikaltasuna.