Jon Ormazabal

Urtebeteko etenaldiaren ondoren, bueltan da pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa

16 talde lehiatuko dira eskuzko txapelketan, 18 gomazko paletan, 7 larruzko paletan eta pala motzean eta 4 zesta puntan.

Astigarragak jantzi zuen Gipuzkoako Eskuzko Herriartekoaren azken txapela, 2019an. (Gorka RUBIO/FOKU)
Astigarragak jantzi zuen Gipuzkoako Eskuzko Herriartekoaren azken txapela, 2019an. (Gorka RUBIO/FOKU)

Osasun egoerak onenak ez badira ere –momentuz pilotalekuek zaleentzat itxita jarraituko dute–, iazko etenaldiaren ostean, bueltan da Gipuzkoako Herriartekoaren Txapelketa berri bat. Denera 45 talde izango dira lehian, 16 eskuz, 18 gomazko paletan, 7 larruzko paleta eta pala motzean eta 4 zesta puntan.

Momentuko egoerak eskatzen duen bezala, ohikoa den kanporaketen zozketa telematikoki egin behar izan dute herrietako ordezkariek datozen asteetan hasiko diren lehiaketetako lehen arerioak nortzuk diren jakiteko.

Eskuko lehiaketari dagokionean, lehiaketa maiatzaren 16an hasiko da eta duela bi urte baino hiru talde gutxiago arituko dira eta hauek dira lehen kanporaketak: Aretxabaleta/Hernani, Oñati/Azpeitia, Bergara/Astigarraga, Andoain/Tolosa, Alegia/Zestoa, Aduna/Ataun, Oiartzun/Azkoitia eta Bidania-Goiatz/Amezketa.

Gomazko paleta izango da parte hartzailerik gehieneko modalitatea eta hasten lehena. Maiatzaren 2an ekingo zaio Soraluze/Zumarraga eta Zestoa/Deba kanporaketekin. Lau talde hauek final hamaseirenetan hasiko dira eta final zortzirenetako kanporaketak honakoak izango dira; Errenteria/Azkoitia, Soraluze/Zumarragako irabazleak/Hernani, Azpeitia/Tolosa, Aia/Astigarraga, Mutriku/Donostia, Zestoa/Debako irabazlea/Andoain, Amasa-Villabona/Anoeta eta Zarautz/Orio.

Palaz, Errenteria final erdietan sartuko da eta Oiartzun/Olaberria kanporaketako garailearen aurka aritu beharko du. Koadroaren beste aldetik doaz Ordizia/Donostia eta Deba/Andoain.

Zesta puntari dagokionez, lau herri baino ez direnez, Mutrikuk, Hondarribiak, Zumaiak eta Donostiak elkarren arteko ligaxka bat jokatuko dute eta bi onenak finalerako sailkatuko dira.