Xabier Bañuelos (X.B. eta Getty Images)

Chichicastenango, indigenen eta jainkoen azoka bizi eta koloretsua

Guatemalako merkatu famatuena da Chichicastenango hirian egiten dena. Kolore eztanda izugarria da bertan: lurrak ematen dituen arto kolore guztiak aurkituko ditugu, eta, nola ez, emakumeen «huipil» tradizional koloretsuak.

Emakumeak dira azokako protagonista nagusiak.
Emakumeak dira azokako protagonista nagusiak.

Barazkiak, artisautzako produktuak, oihalak eta kandelak ere ez dira falta Chichicastenangoko azokan; bai, kandelak, jainko sinkretikoen omenezko letania sutsuen artean elizetako eskailerak kez betetzen dituzten kandelak.

Eguzkia sumendien artetik irteten hasi bezain pronto utzi dugu atzean Panajachel. Behin Atitlan aintzirako ur geldoak igarota, Sierra Madre mendilerroko orografia malkartsuan murgildu gara; mendilerro ezagunak ardazten ditu inguruotako lurrak eta ez da harritzekoa, mendiak baitira Guatemaako hiru arimetako bat. Iparraldean Chuchumatanes eta Minas mendilerroak lagun dituela, Sierra Madre ikusgarriak maien lurraldeak mendebaldetik ekialdera zeharkatzen ditu, eta, bidean, gailurrak suz ereiten ditu. Gailur horiek adi-adi zaintzen dituzte Guatemalako beste bi arimak: oihan berde trinkoak eta Pazifikoko eta Karibeko kostaldeetako hareak eta mangladiak.

Gure helmugatik 38 kilometrora gaude: Santo Tomas de Chichicastenango. Ia ordu eta erdiko bidaia behar izan dugu 38 kilometro horiek egiteko, eta, egia esan, inguruotako ezaugarriak ezagututa ez da gehiegi ere. Kontuan izan behar dugu errepidearen ibilbide malkartsua, baita bidaia chicken bus koloretsu zahar batean egin dugula ere. Bidaian paisaia ikusgarriak zeharkatu ditugu, geologiak torturatuak izateaz gain, gizakiaren mehatxupean ere badaudenak, deforestazioa arrisku izugarria baita lurron edertasunarentzat. Chuabaj herrira heldutakoan, goi-lautadaren ikuspegi bikainekin topo egin dugu eta argi ikusi dugu ibilbidea benetako errusiar mendia bihurtuko dela aurrerantzean. Ustea errealitate bihurtu da berehala eta gidariak etengabe balazta zapaltzen aritzea beste aukerarik ez du izan.

Montaguá ibaiaren arroaren goi-ibarrean dago Chichicastenango; ibaiari Río Grande ere deitzen diote lurrotan, Guatemalako luzeena baita. 120.000 biztanle inguru bizi dira Chichicastenangon, 2.000 metrotik gorako mendiek inguratutako bailara ikusgarrian. Basoek ikuspegi berde ederrak eskaintzen dizkigute nonahi, hori bai, zalantzarik ez izan: lehen are trinkoagoak ziren inguruotako basoak. Quiché eskualdearen hegoaldean gaude, Gucumatz jainkoaren lurren bihotzean; suge lumadunaren taupadak ozen entzuten dira oraindik lurrotan, konkistatzaileei aurre egin zien Q’umarkaj erreinuko Tecún Umán azken gerlari handiarenak entzuten diren bezala. Kondairaren arabera, inguruotan bizi den ketzal hegazti ederraren paparra Tecún Umán beraren odolak tindatu zuen gorriz.

Sinkretismoaren konkista

Pedro de Alvaradoren gizonek konkistatu zituzten kitxe indigenen lurrak 1524an. Garaian ohikoa zen bezala, konkistatutako herriak irabazleek erabakitako santu baten izenarekin birbataiatzen zituzten. Izen horri, bigarren deitura bat ere gehitzen zioten, konkistatzaileen aliatu ziren indar indigenek erabakitakoa. Hori horrela, Tomas santua hautatu zuten konkistatzaileek, eta, Gaztelako tropen alboan borrokatu ziren tlaxkalteka eta choluteca indigenek, berriz, Chichicastenango izena gehitu zioten, nahuatl hizkuntzan ‘asun murrua’ esan nahi duena. Gaur egun, hori bai, inork ez dio izen hori ematen hiriari eta Chichi aldaera laburragoa, eta praktikoagoa, erabiltzen dute gehiengehienek. Are, ez da arraroa oraindik ere Chaviar izena entzutea, kaktxikelera maia hizkuntzako antzinako izena gogoan, edo Chwilá (asunen gainean) eta Tziguán Tinamit (arroilek inguratutako herria) kitxeera maia hizkuntzako izenak.

Chichicastenangora heltzean bisitariak jasotako lehen inpresioa ez da Guatemalako beste edozein hiritara heltzean jasotzen denaren oso ezberdina. Herritarren joan-etorri lasaia etengabea da zapore indiarreko kaleetan, landa arkitektura kolonial barrokoko eraikin xume baina dotoreen artean. Hori bai, deigarria da galtzada-harrizko kaleen antolamendua guztiz ordenatua den bitartean, hiri paisaia osatzen duten elementuetan zein etxebizitzen altueretan kaosa dela nagusi. Hirian barneratu ahala, Guatemalako beste leku batzuetatik bereizten duen zer edo zer ezberdin bat igartzen du bisitariak. Maiak erabat nagusi dira hirian, eta euren nonahiko presentziak, izan irribarretsua edo erabat axolagabea, lurron berezko identitatean murgiltzen gaitu ezinbestean. Begirada bilduetan, barnerakoietan, diskurtso enkriptatua aurkitzen dugu; merkatuaren ospeak erakarrita heldutako turista saldoari zerbait esan nahian arituko balira bezala tokikoak.

Mestizajearen aztarnak nabariak dira Guatemalako maien egungo nortasun dualean, eta dualtasun hori beste inon ez da hemen bezain nabaria, ez Panan, ez Xelan, ez Antiguan, ez hiriburuan. Zalantzarik gabe, Chichicastenango da tradizio zaharrek, antzinako sinismenek, iraganeko adierazpen kulturalek osatutako munduaren adierazle liluragarriena. Bizirauteko borrokan ari da mundu hori, eta, horretarako, batzuetan kanpotik heldutakoarekin bat egiten du, eta, beste batzuetan, tinko egiten dio aurre. Hori guztia, gainera, inoiz baino azkarrago aldatzen ari den mundu batean, globalizazio gupidagabe baten eskutik modernitatea sarri modu guztiz zentzugabean inposatzen duen mundua.

Deskribatzen ari garena, baina, ez da inolaz ere fenomeno berria lurrotan. XVI. mendean europarrak iritsi zirenean, izugarrizko haustura kulturala eman zen. Une horretan, sinkretismoa izan zen salbaziorako bide bakarra tokikoentzat. Konkistatzaileen eskutik heldutako domingotarrek, tabula rasa egin eta tokikoen kolonaurreko sinesmenekin amaitzea izan zuten helburu. Aldiz, ez zuten lortu, emaitza batzuen eta besteen sinismenak nahastu, uztartu egin zirela izan baitzen.

Tenpluak, aldareak eta merkatua

Konkista hasi zenetik bost mende pasa dira jada, baina gauza batzuk ez dira aldatu. Eta ez da harritzekoa, besteak beste, ezin baita ahaztu, adibidez, kitxe hizkuntzan eta alfabeto latinoan idatzitako ‘Popol Vuh’ liburua Chichicastenangon bertan aurkitu zela. Munduaren eta gizakiaren sorrerari buruzko antzinateko maien mitoak eta usteak jasotzen ditu 1540 inguruan idatzitako lanak, eta ordutik denbora asko igaro bada ere, hiriak espiritu sinkretikoa bizi-bizi mantentzen du. Santo Tomas elizako eskalinatako mailek ezinbestean ekarriko dizkigute oroimenera tenplu indigenetako eskailera pikoak. Are, maila kopuruak, 18, maien egutegiko ilargi-hilabeteekin egiten du bat... Zirkulu erdi baten formako agertoki batean bezala, lore saltzaileen eta suzko eskaintzen artean, chuchkajau edo xamanak ikusiko ditugu intsentsuontziak eskuan, jainkoei eskariak egiten, etengabeko otoitzean.

Baina nori ariko dira errezoan? Gizadia bere nekaldi eta heriotzaren bitartez askatu zuen Kristori edo Xibalbá edo Azpimunduko, Infernuko jaunak garaitu zituzten Hunahpú eta Ixbalanqué anaia bikiei? Buztina edo artoa, zein da gizakia egiteko materiala? Hirutasun Santua edo Xiltán, Ajtzak, Akaimé, Bitol, Chirakata-Ixminasune, Kukulkán, Hun-Hunahpú eta Ixmukané jainko sortzaileak? Ixmukané artoaren jainkosak, artoa oratuz sortu zuen gizakia, Mariak Jesus Nazaretekoa munduratu zuen bezala.

Behin elizan barneratuta, pinu-hostoz estalitako lurzoru eta aldareak aurkituko ditugu, dozenaka kandeen argipean. Arbasoei, iraganeko jainkoei zein jainko berriei egindako eskaintzak argitzen dituzte, besteak beste, jakiak, loreak edo espiritu gaiztoak uxatzeko pattar botilak. Elizaren parez pare den eta eliza bera bezain orbangabea, zuria den Kalbarioko Kaperan ere antzeko eskaintzak aurkituko ditugu. Bertatik ez oso urruti, Turk'aj mendian, Pascual Abajen aldare beltzak Huyup Tak'ah lurraren jainkoa ohoratzen du. Idoloa oso modu zakarrean landutako harria da eta, inguruan, arrokak eta zinez zalantzagarria den kristautasun baten ikur diren gurutzeak pilatzen dira. Bertaraino gerturatzen dira herritarrak jainkoari zigarroak, kandelak, intsentsua, jakiak, loreak, pattarra... eramatera.

Chichicastenango domeka batean bisitatzen badugu, bertako hamalau kofradietako kideak ikusi ahal izango ditugu santuak bizkarrean hartuta prozesioan. Herritarrek sutsuki gurtzen dituztela zalantzarik ez da, hori bai, benetan nori otoitz egiten ari diren jakitea jada ez da hain erraza. Tenpluetara bitarteko bidea egiten dute prozesioek, merkatuan bildutako herritar andanaren artean, lurrok, ezer badira, erlijiotasunaren eta pragmatismoaren, debozioaren eta errealismoaren ikur baitira, tokikoen gako eta kodeak ezagutzen ez dituztenentzat ulertzeko oso zaila den moduan gainera.

Chichicastenangon egiten dena da Guatemalako merkatu entzutetsuena. Eta, horregatik, nola ez, turistak erakartzeko imana bilakatu da. Salmenta postuak eguzkitik edo euritik babesten dituzten olanen azpian benetako labirintoak sortzen dira. Merkatuaren erdigunea kanpotarrei eskainita dago, eta, ondorioz, eskuz egindako artisau lanak eta jatorri zalantzagarriko beste batzuk biltzen dituzten postuak nagusi dira bertan. Inguruko kaleetan, berriz, teilatupeko guneetan, tokikoak biltzen dira. Inguruotako komunitateetako herritarren benetako bilgune bilakatzen da merkatua kale horietan, euren bizitzen ezinbesteko parte.

Erostea eta saltzea, baina baita topo egitea, barre egitea, hitz egitea, partekatzea, bizitzea da inguruko herritarrentzat merkatua. Etxeak jakiz eta tresnez hornitzeko gunea, kolore eztanda ezin ederragoan: barazkien, haragien, fruten, oihalen, portzelanazko ontzien, maskaren, kapeluen, zinten... koloreak. Baina, batez ere, tokiko jendeen koloreak: kobre-koloreko larruazala, ile ezin beltzagoa, emakumeek buru gainean eramaten dituzten manten ortzadarra, emakumeon gorputzak janzten dituzten hupil eta soinekoen kolore biziak. Izan ere, guztia da kolorea Chichicastenangon, baita hilerria bera ere: aldare, hilobi eta panteoien kaeidoskopioa izugarria da, heriotzari argia kendu nahi baliote bezala. Egun, orain dela 500 urte bezala, aldaketa ate joka da, egokitzapenak ezinbestekoa dirudi, masiboagoa, azkarragoa gainera. Eta, iraganean bezala, saihetsezina dirudi. Horregatik, bestelako inbasioetatik bizirik irtetea beste aukerarik ez da geratzen. Agian, sinkretismo berriak aurkitzeko ordua heldu da...