NAIZ

Inoizko parte hartzerik handiena izango du aurtengo Euskal Pilota Egokitua Sari Nagusiak

Adimen urritasuneko mailako eta gurpildun aulkian aritzen diren pilotarien kanporaketak Oiartzunen jokatuko dira igande honetan eta finalak, berriz, maiatzaren 16an, Getarian.

Iazko finalak Errenterian jokatu ziren eta aurten Getarira egingo dute salto. (EMC)
Iazko finalak Errenterian jokatu ziren eta aurten Getarira egingo dute salto. (EMC)

Baldintzak onenak ez badira ere, hazten jarraitzen du Euskal Pilota Egokitutako Master Cup Txapelketak eta horren adibide da inoizko parte hartzerik handiena izango duela aurten Oiartzun eta Getarian jokatuko den 2021eko edizioak. Denera 34 pilotari arituko dira, 18 adimen urritasuneko mailan, (3 taldetan banatuko diren 9 bikotetan) eta 16 gurpildun aulkiko mailan (2 taldetan banatutako 8 bikotetan). Izen emandako pilotarien artean Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Errioxa etaFrantziako pilotariak daude, kirol honen garapenaren erakusgarri.

Osasun egoerak baldintzatuta pilotalekura gerturatzerik izango ez denez, igande honetako Oiartzungo kanporaketak Emakume Master Cup-en Facebook-eko perfiletik jarraitu ahal izango dira streaming bidez. Goizez, 10.30etatik aurrrera, adimen urritasuneko partidak jokatuko dira –sailkapeneko norgehiagoka hauek 15 tantora jokatuko dira– eta arratsaldez –16.30etan hasita– gurpildun aulkian aritzen diren pilotarien txanda izango da, kasu honetan partidak 10 tantora jokatuko dira.

Lau bikoterik onenak maiatzaren 16an Getarian jokatuko diren finaletarako sailkatuko dira. Eguerdiko 12etatik aurrera jokatuko diren final hauek ETB-1ek zuzenean eskainiko ditu eta www.eitb.eus ataritik ere ikusi ahal izango dira.