Jon Ormazabal

Alberdi-Salaverri dira Promozio mailako Binakakoaren lehen finalistak

Zabala-Erostarbe eta Elordi-Garmendiak euren artean jokatuko dute bigarren txartela datorren ostiralean Zestoan. Orain arte txapelketako bikoterik onena izan diren Salaberria-Etxebarria inolako aukerarik gabe geratu dira

Alberdi eta Salaverri dira Promozio mailako lehen finalistak. (BAIKOPILOTA)
Alberdi eta Salaverri dira Promozio mailako lehen finalistak. (BAIKOPILOTA)

Pilotak halakoxe gauzak ditu, are gehiago Binakako honetan jarritako lehiaketa sistema bereziarekin, eta lehen fasean larrien ibili zen bikotea, Alberdi-Salaverik osatutakoa –lehengo sistemarekin ez zuten lehen fasea pasako– izango da Promozio mailako lehen finalista, bart Dario-Erostarberi Mallabian 22-13 irabazi eta Elordi-Garmendia Salaberria-Oier Etxebarriari 22-18 gailenduta. Lehen fasean onenak izan ziren Goizuetako aurrelaria eta Igorreko atzelaria, aldiz, inolako aukerarik gabe geratu dira, jokatutako finalerdietako ligaxkako bi partidak galduta. Finalerako bigarren txartela ostiralean banatuko da Zestoan eta bertan, Zabala-Erostarbe/Elordi-Garmendia partidako irabazleak lortuko du txapelaren lehian aritzeko aukera.

Bart gauean Mallabian bi partida oso desberdin jokatu dituzte. Lehenegoan, Alberdi II.a-Salaverrik uste baino askoz errazago irabazi diete Zabalaren ordez aritu den Dario eta Erostarberi. Bikoko bikotea, oso nagusi izan da, bai atzean eta baita aurrean ere bere eman ez duten Aspekoan aurrean. Salaverri errioxarrak oso partida polita jokatu du eta erabat nagusitu zaio huts gehitxo pilatu dituen Erostarberi. Urretxuarrak ez zuen aurreko astean jokatzerik izan ondoezik sentitu zelako eta Mallabian bere maila onenetik oso urrun egon da.

Bigarren partida askoz orekatuagoa izan da, oso piloteatuta (978) eta azkenenerako etxean aritu den Elordik bere aldera eraman ahal izan du lehia bere esperientzia eta kalitateri esker. Beñat Garmendiak ere txapelketan egin duen partidarik borobilena jokatu du eta merezita lortu dute azken partida aukerekin heltzea. Salaberriak ere tanto asko amaitu bai, baina aukeran huts gehitxo pilatu ditu eta hortik joan zaizkie, hein handi batean, aurrera jarraitzeko aukerak.