Juanma Costoya (J. Costoya eta GETTY)

Vilnius, Bukowski eta askoz gehiago

Vilnius barrokoaren hiriburua da. Monasterio, eliza, jauregien pilaketa bat da XVIII. mendearen eiteko auzo zahar harriztatua, kalezuloz eta patio ezkutuz eta plazaz gainezka. Horrek nolabait berresten du hain zabaldua den esaldi bat: hauxe dela ekialdeko Europako herrigune historikorik handiena.

Hiriaren panoramika (GETTY).
Hiriaren panoramika (GETTY).

Leku batzuk berez-berez lotzen ditugu artista batekin, pentsalari batekin, hala nola Frida Khalo eta Mexiko hiria, Mozart eta Salzburgo, Viena eta Freud, Lisboa eta Pessoa... Ez da harritzekoa; izan ere, jenio horietako bakoitza hobeto ulertuko dugu bere haurtzaroan eta heldutasun intelektualean inguratu zuen giroaren berri izanda. Bitxiagoa da, ordea, dena delako leku baten eta esate baterako idazle baten arteko lotura oro har zabaldua egotea, idazle horrek zehazki inolako zerikusirik ez duenean hiriarekin. Horixe gertatzen da, hain zuzen, Lituaniako Vilnius hiriburuaren eta Bukowskiren artean.

Lituaniako hiriburuaren erdialde historikoan dago Bukowski taberna jendetsua. Barruan, futbolin bat, Svyturys pintak –bertako garagardo horia, primerakoa– pilatuz doazen barra, eta horiekin espazioa partekatuz, idazlearen argazki zahar bat –helduaroan jada, sudurra pinportatsu eta begiak lainobera–. Hiriaren eta idazlearen arteko lotura horren adibideak bata bestearen atzetik datozkigu. Ezetz aurkitu liburu denda bakar bat erakusleihoan haren obrarik ez duena, ingelesez ez bada, lituanieraz. Harago joan da horietako bat. Katedralaren inguruetan, hau da, hiriaren fundatzailearen estatua –Gediminas, eta bere zaldia– aztoragarri samar hori dagoen plazatik pauso batera dagoen liburudendan kamisetak saltzen dituzte idazlearen argazkia eta esaldi hauxe inprimaturik: «Find what you love, and let it kill you»; alegia, aurki ezazu maite duzun hori eta utzi berak hil zaitzala. Bazter auzo edo aldiriak, alkohola eta sexua bere obren argumentu bihurtu zituen idazleari egozten dioten esaldi hori Vilniusi ezin hobeto doakio.

Cepilanai vs Muffin

Vilnius barrokoaren hiriburua da, bidaia gida papereratuek eta Unescok diotenaren arabera –Munduko Ondare izendatu dute herrigune historikoa–. Monasterio, eliza, jauregien pilaketa bat da XVIII. mendearen eiteko auzo zahar harriztatua, kalezuloz eta patio ezkutuz eta plazaz gainezka. Horrek nolabait berresten du hain zabaldua den beste esaldi bat ere: hauxe dela ekialdeko Europako herrigune historikorik handiena.

Baliteke benetan hala izatea, eta Gediminas muinoraino igotzeko kemena duenak, adreilu gorrixkaz egindako dorrea nagusitzen den mendixka horretatik begiratuz, uste zabal hori baieztatzeko aukera izango du, eliza ugari baino ugariagoen orratzak lituaniar udaberriko zerura seinalatzen ikustean.

Nolanahi ere, bisitaria eguna urratu aurretik iritsi baldin bada honaino, Vilniuseraino, Polonia auzokidetik abiatuta gau osoa autobusean emanda, hiriari antzemango dion itxurak ez du inolako zerikusirik barrokoarekin. Kasu horretan, bidaiaria ohartuko da benetan goiz bada ere autobus geltokiaren inguruko tabernek barrandan dituztela lehen bezeroak, garagardo pinta eta vodka kopa bertatik bertara harrapatzeko prest.

Batetik hurrup eta bestetik hurrup, bietatik txandaka edanez, oharkabean bada ere Bukowskiren jarraitzaile diren horiek zain daude beren gosaria noiz iritsiko, eta hara: platerkada cepilanai (enpanadilla koipetsu eta zaporetsua, perretxikoz, gaztaz edo haragiz betea). Oturuntza fundamentuzkoa bezain merkea. Eta hori ikusita itxaropentsu pentsatu dugu agian Vilniusen osteratxoa egiteko moduan egongo garela gure patrikako zuloa gehiegi handitu gabe.

Tabernatik kanpora, urte sasoi honetako egun amaiezinak argitzen dituen eguzkiaren lehen izpiek bistaratzen diguten hiria sozialismo aurreko, sobietar eta iparraldeko Europako arkitekturen nahasketa bat da. Tranbia elektriko zaharkoteak eta margo urratudun auskalo noizko fatxadek kale ildoak osatzen dituzte maldan behera goxoan irristatuz erdigune historikorantz. Ez dago urruti, baina burdin hotsez lagundurik aurreneko kafetegiak zabaltzen hasi direnerako eguzkia goratu da jada.

Erdialde historikoaren eta gainerako guztiaren artean aldea dago, lehen-lehenik nabarmentzekoa prezioan. Kafetxoak diseinuzko madalena batekin, orain eta hemen, autobus geltokiaren inguruetan hartutako pinta eta fundamentuzko cepilanai batek halako hiru balio du. Barran harrera egiten duen jende mota ere aldatu da. Zirt edo zart ari diren emakume zerbitzari adin ertaineko, esku gorritu, ile motots biribildu eta besaurre mardulekoen tokian aurkitu ditugu ingelesez ezin hobeto mintzo diren neskatxa gogogabetuak, bezero batetik besterako tartean smartphonean ezaxolati aurpegierarekin txateatzen ari direnak.

Munduko Ondare izendatutako lekuei doakien madarikazioa da. Frankiziak iritsi dira etxeko negozioak ordezkatzeko; bulegoak eta boutiqueak etxebizitzak ordezkatzeko. Souvenir dendak, edonon: harizkoak, brodatuak eta noranahiko anbara, anbarez egiten baitituzte bitxi nanoetatik hasi eta gurutzeetaraino, baita xake joko osoak ere.

Malenkonia eta bizipoza

Horiek horrela, aukera izango genuke orain Vilnius sagu-tranpa bat dela esateko, Estoniako –auzo herrialdeko– Tallinn historikoaren ildotik, hau ere arkitekturaren aldetik zoragarria, bestalde. Ez, bada. Ez, bere kondenari izkin egin eta ezusteko bira bat emanez, mantso azaleratuz doa hiri harmoniatsu, bizizale, gorabeheratsu, tarteka limurtzaile eta betiere malenkoniatsu bat dela. Malenkonia hegaka dabil eliza barroko desakralizatuetako bobeda zabaletan, horietako asko bere garaian biltegi edo ukuilu bihurtuak sobietar tropa okupatzaileen eskutik.

Udazken kutsuko sentimendu hori era berean zurrunbilotuz metatzen da erdialdeko kale askotan, fatxadetan han-hemenka agertzen direlarik plakak, zabartuak, hondatuak, gogora ekartzeko han bizi egiten zirela eta itxaropen eta antsiak gordetzen zituztela harik eta 1941ean deportazioen garaia iritsi eta handik gertu Paneriaiko basoetan den-dena hobi komun baten aurrean amaitu zen arte.

Etxeek hor diraute, batzuk norbaiten oroimenerako eraikin edo museo bihurtuta, gehienak, ordea, hutsik, kontraleihoak itxita. Hala ere, malenkonia ez zaio Vilniusi estu itsatsiko, hiri hau gai da Holokaustoaren museotik pauso batera Frank Zapparen busto bat edo hirigune betebetean 300 kiloko pazko arrautza bat jartzeko granitozko zutoinaren gainean. Izan ere, gurpilak biraka jarraitzen du, horren erakusle Vilniuseko unibertsitatean matrikulatutako 23.000 ikasleak. 1579. urtean sortu zuten jesuitek, Kontrarreforma betean, eta tsarrak itxi egin zuen, gero naziek itxi egin zuten, eta sobietarrek ere bai, baina erlauntza da berriro, gazteriaren jardunez borborka. Elkarri lotutako hamahiru patioak eta bertako liburutegi ohoragarria, Lituaniako zaharrena ikusteko bada ere, merezi du bisitatxoa egitea, inguruetako taberna giro alaian galdu aurretik.

Vilniusen arima Egunsentiko Atetik (Auros Vartai) abiatzen diren ibilbide historikoetan bilatzen dute batzuek, aurretik Andre Maria Bedeinkatuaren kaperatik igarota, eta beren bideari segida emanez Presidentetzaren jauregirantz eta katedral metropolitanorantz zuzenduz urratsak. Hori aukera bat da, noski, baina eguraldi ona dagoen egunetan hiritar gehienek nahiago dute hiriburuko berdegune zabaletara jotzea, paseatzera. Nervis eta Vilna ibaien ertzak, batez ere, azken ibaiadar hori, bene-benetako lorategi, baratze, oihan urbanoak dira. Bertako milioi erdi pasatxo biztanleen artean ez da falta, ezta ere, tarterik txikiena ikustean, hartu eta Trakai parke nazionalera jotzea aukeratzen duenik, hango aintzira eta uharte ugarietan eta horietako batean eraikitako gaztelu zabalaren inguruan arnasberritzera.

Uzupiseko errepublika independentea

Barrokotik eta arkitektura komunista mastodontikoetatik urrun, eta hiri handi orok daraman abailatik urrun, Vilniusen arimaren zati bat igerian bezala dabil Uzupiseko zeru gainean. Vilnaren beste ibaiertzean kokatutako barruti bohemioa da Uzupis, eta erdialde historikotik bertara iristeko Santa Anaren elizatik igaro behar dugu, batzuek diotenez, eliza zoragarriz betetako hiri honetako elizarik ederrena. Esaten dute haren kurba harmoniatsuak eta adreilu gorriz altxatutako pinakulu airosak begiratzean jaso zuela bere kontsolamendu bakarra Napoleonek, Errusiako kanpaina etsigarriaren ondoren.

Nolanahi ere, behin Santa Ana igarotakoan, burdinazko zubi txiki bat agertzen da, bere burua Uzupiseko Errepublika izendatzen duen horretara iristeko. Hau katu uxakaitzen babeslekua da, okupatuak eta eraberrituak izan ziren etxe birrinduen esparrua, arte galerien, txirtxileria eta liburu zaharren saltzaileen erreinua. Multzo osoari begiratuta, bat-batekotasun eta behin-behinekotasun airea dario. Barruti «independenteak» bere jai nazionala ospatzen du Inuzenteen Egunean. Bertako Konstituzioa osatzen duten artikuluak kaleetako batean ikusgai daude eta oinarrizko eskubidetzat aldarrikatzen dute, hainbat bitxikeriaren artean, zoriontsu izateko eskubidea.

Barrutiaren sarreran, adreilu belztuko etxetzar zahar bat garagardotegi bihurtu dute. Ibaia aurrez aurre duen egurrezko terrazako piloteen gainean auzokoak eta bisitariak egundoko grinaz ari dira gazta, saltxitxoi espeziatuak eta ogi frijitua dastatzen. Goizegi ez ote den garagardoa edo vodka kolkoratzeko? Ez, hori sekula ez. Baten batek zorioneko burutazio bat izan zuen behin, zubiko habeetan sokak lotuta, ibai gainean iaia ura ukitzera iristen den ziburu bat zintzilikatzeko. Udako egun luzeetan ez da batere harritzekoa izaten soineko hegalaridun gazteak bertan kulunkan ikustea, atzera eta aurrera leunean, oin finak ur korronte freskagarrian sartuta. Bukowski oso zoriontsua izango zen hemen.