NAIZ

Bilbao Basketen hurrengo hiru partidak, bertan behera hirugarren positiboa atzeman ostean

Bilbao Basket taldeko beste kide batek positibo eman du asteazkenean egin zituzten PCR probetan eta beraz, jada hiru kasu positibo daude taldean. Hala, ACBren protokoloari jarraiki, talde guztia konfinatuta egon behar da eta beraz, datozen hiru neurketak bertan behera geratu dira. 

Regimantas Miniotas da PCR probetan positibo eman duen jokalarietako bat. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Regimantas Miniotas da PCR probetan positibo eman duen jokalarietako bat. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Bilbao Basketen lantaldean jada hiru kasu positibo atzeman dituzte. Azkena, asteazkenean talde guztiak eginiko PCR probetan agertu da eta beraz, ACBko protokoloa jarraiki, taldeko kide guztiak 10 egunez etxean egon beharko dute. Hori horrela, datozen hiru neurketak bertan behera geratu dira. 

Pasa den astean, Regimantas Miniotas jokalariak eman zuen positibo eta geroztik, beste bi kasu positibo atzeman dira. Asteartean beste kide bat kutsatuta zegoela ziurtatzean, entrenamenduak geldiarazi zituzten. 

Bilbao Basket beste urte batez ACB ligan lehiatzeko borroka bete-betean dago eta koronabirus kasuak direla eta, hurrengo hiru hitzorduak bertan-behera geratu dira. Ostiral honetan Herbalife Gran Canariaren aurka jokatzen zuen, igandean San Pablo Burgos eta hurrengo larunbatean, Urbas Fuenlabradaren aurkako lehia zuzena izango luke.

Orain, ordea, ACBk hiru neurketa horien data berriak erabaki beharko ditu. Orotara, soilik bost neurketa geratzen dira txapelketa bukatzeko eta, Bilbao Basket jaitsiera saihesteko borrokan dagoela kontuan hartuta, azken jardunaldia gainontzeko arerio zuzenen ordutegi berean jokatu beharko du (maiatzaren 16an) eta beraz, azken bi asteetan egutegi oso estua geratu liezaioke atzeratu diren hiru neurketa hauekin.