Asier Aiestaran

Sonny Colbrellik bezperako arantza kendu du Romandiako bigarren etapa irabaziz

Bahrain taldeko italiarra izan da azkarrena etapa garaipena jokatu duen tropeltxoan, eguneko sei mendateak aurrean igarotzeko gai izan diren beste gizon azkarrei aurrea hartuz. Patric Bevin bigarren izan da eta sailkapen nagusian ere bigarren postura igo da.

Sonny Colbrelli, garaipena ospatzen Saint Imier-eko helmugan (Fabrice COFFRINI / AFP PHOTO)
Sonny Colbrelli, garaipena ospatzen Saint Imier-eko helmugan (Fabrice COFFRINI / AFP PHOTO)

Sonny Colbrelli italiarrak (Bahrain) irabazi du Romandiako Tourraren bigarren etapa, 165 kilometro La Neuveville eta Saint Imier artean. Colbrelli azkarrena izan da etapa garaipena jokatu duen tropeltxoan, eguneko sei mendateak aurrean igarotzeko gai izan diren beste gizon azkarrei aurrea hartuz.

Italiarra bigarren izan zen aurreneko etapan, Saganen atzetik, eta egun horretan hirugarren amaitu zuen Patric Bevin zelandaberritarra (Israel) menderatu du esprintean. Hirugarren postua Marc Hirschi (UAE) suitzarrarentzat izan da. Bevinek, gainera, sailkapen nagusian bigarren postura igotzea lortu du gainsariei esker. Rohan Dennis australiarrak (Ineos) jarraitzen du lider zortzi segundoko aldearekin.

Deigarria beste behin Chris Froome britainiarra (Israel) atzean ikustea. Tourra lau aldiz irabazitako txirrindulariak ezin izan zuen onenekin iraun eguneko azken mendatean, Vue des Alpes (7,8km %6,8ra), eta 43 segundo galdu zituen helmugan aurrean sartu ziren 36 txirrindulariekiko.

Eguneko ihesaldia sei txirrindularik osatu dute: Hermann Pernsteiner (Bahrain), Chris Hamilton (BikeExchange), Antwan Tolhoek (Jumbo), Davide Villella (Movistar), Jonathan Caicedo (EF) eta Rein Taaramae (Wanty). Horietatik Taaramae izan da aurrean gehien iraun duena, baina eguneko azken mendatean gora irentsi du tropelak, oraindik gaina harrapatzeko lau kilometro falta zirela.

Ineosek erritmo bizia ipini du igoera osoan, Rohan Dennis liderra bera Geraint Thomas eta Richie Porterentzat lanean jarrita ere bai, eta beste faboritoek ez dute erasorik jotzeko nahirik edo indarrik izan.

Behin mendatea pasata, esprinterren taldeek hartu dute tropeleko agintea eta Bahrainek ederki prestatu dio esprinta Colbrelliri, italiarrak bere ibilbideko 27. garaipena lortzeko, taldearen hirugarrena aurten.

Ostiral honetan hirugarren etaparen txanda izango da: 172 kilometro Estavayer irteera eta helmuga puntu hartuta.

Bigarren etapa
    1.    Sonny Colbrelli (Bahrain)    4h12:40
    2.    Patrick Bevin (Israel)    d.b.
    3.    Marc Hirschi (UAE)    d.b.
    4.    Clement Champoussin (Ag2r)    d.b.
    5.    Diego Ulissi (UAE)    d.b.
    6.    Wilco Kelderman (Bora)    d.b.
    7.    Ilan Van Wilder (DSM)    d.b.
    8.    Fausto Masnada (Deceuninck)    d.b.
    16.    Ion Izagirre (Astana)    d.b.
    22.    Gorka Izagirre (Astana)    d.b.
    
Nagusia
    1.    Rohan Dennis (Ineos)    8:39:48
    2.    Patrick Bevin (Israel)    8ra
    3.    Geraint Thomas (Ineos)    9ra
    4.    Richie Porte (Ineos)    d.b.
    5.    Sonny Colbrelli (Bahrain)    d.b.
    6.    Marc Hirschi (UAE)    11ra
    7.    Jesus Herrada (Cofidis)    14ra
    8.    Mattia Cattaneo (Deceu.)    15era
    15.    Ion Izagirre (Astana)    21era
    20.    Gorka Izagirre (Astana)    25era

Asturias, ostiraletik igandera

Ostiral honetan hasiko da igandera arte luzatuko den Asturiasko itzuli menditsua. Hiru etapa izango dira, hirurak oso gogorrak, eta irteeran 16 talde izango dira. Movistar izango da WorldTour bakarra, Diego Alba eta Einer Rubio kolonbiarrak lider hartuta, baina beste izen ospetsu batzuk ere ez dira faltako: Nairo Quintana (Arkea), Ilnur Zabakarin eta Roman Kreuziger (Gazprom), esaterako.

Kolonbiako itzulia irabazi berri duen Tito Hernandez (Medellin), Turkiakoan nagusitu den Jose Manuel Diaz (Delko) edota Dani Navarro (Burgos) ere kontuan hartzeko izenak dira. Gure taldeei dagokienez, Euskaltel Euskadik Luis Angel Mate izango du lider, eta alboan izango ditu Gotzon Martin, Ibai Azurmendi, Mikel Aristi, Txomin Juaristi, Unai Cuadrado eta Antonio Angulo.

Caja Ruralek bi euskaldun ditu taldean –Julen Amezketa eta Jokin Murgialdai– eta Kern Pharmak beste bi –Jon Agirre eta Ibon Ruiz–. Ander Okamika (Burgos) eta Victor de la Parte (Total) ere irteeran izango dira.

Lehen etapak 185 kilometro ditu Oviedo eta Pola de Lena artean. Zazpi mendate puntuagarri igo beharko dituzte txirrindulariek, tartean Collaona (lehen mailakoa) eta Carabanzo (hirugarren mailakoa).

Bigarren etapak ere 185 kiolometro ditu, eta Cangas del Narcean amaituko da. Acebo (lehen maila) igoko dute beti bezala, baina helmuga ez da mendatean egongo, herrian baizik.

Hirugarren eta azken etapa motzagoa izango da, 125 kilometro, eta Alto del Narancon amaituko da, Violeo (bigarren maila) azken mendatearekin batera igoz.