NAIZ
Donostia

Ingurune digitalean aritzen diren emakumeen zeregina aitortuko du Gladys Sariak

Ingurune digitalean lan egiten duten emakumeen zeregina aitortzeko Gladys Saria sustatu dute PuntuEUS Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak, Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin. Guardia Zibilak hil zuen Gladys del Estal informatikari eta ekologista oroitu nahi dute sari honekin.

PuntuEUS, Informatika Fakultatea eta Gipuzkoako Aldundiko ordezkariak, Gladys Sariaren aurkezpenean. (Maialen ANDRES/FOKU)
PuntuEUS, Informatika Fakultatea eta Gipuzkoako Aldundiko ordezkariak, Gladys Sariaren aurkezpenean. (Maialen ANDRES/FOKU)

PuntuEUS Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak, Gipuzkoako Aldundiko Berdintasunerako Organoaren babesarekin, Gladys Saria sustatu dute, ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunen lana aitortzeko, gazteentzat erreferenteak sortzeko eta egiten duten hori jendarteratzeko helburuarekin.

Donostian egin duten aurkezpenean azaldu dutenez, gizarte digitalaren eraikuntzan berdintasun irizpideekin parte-hartzea sustatu nahi dute, hiru helburu nagusirekin: emakumeek ingurune digitalean lanbide, enpresa eta ikasketa munduan duten funtsezko zeregina aitortzea, emakumeek garatutako ibilbidea saritu eta emakumezko erreferenteen proiekzioa bultzatzea, eta etorkizunean STEAM diziplinetara bideratu ala ez zalantza egiten duten neska eta nerabeei erreferenteak eskaintzea.

Informatikako ikasketak egitera animatzen den emakume kopuru txikiak Fakultatean sortzen dien ardurak bultzatu ditu sari hau sustatzera. «Ez da Donostiako Informatika Fakultatean bakarrik gertatzen den fenomenoa baizik eta mundu mailakoa, eta are gehiago, ez da bakarrik informatika arloko ikasketa eragiten ari den fenomenoa baizik eta ikasketa zientifiko-teknikoetan, hau da, PuntuEUS Fundazioak ere Kaixomundua.eus bezalako proiektuekin, adibidez, sustatzen duen STEAM arloan eta bokazioetan oro har».

Datu batzuk ere eman dituzte: 2013/14 ikasturtean Donostiako Informatika Fakultatean izena eman zuten 126 ikasle berrietatik 13 besterik ez ziren emakumeak (%10,32), eta 2020/21 ikasturtean, 135 ikasle berrietatik 20 besterik ez ziren emakumeak, %14,81. Beraz, emakumeen portzentajea oso txikia da ikasturtez ikasturte.

Agerraldian nabarmendu dutenez, datuak baxuak izan arren, emakume informatikariak egon dira informatikaren historia hasi zenetik eta gainera, «urteetan zabaldu diren informatikarien estereotipoetatik urrun zeudenak. Horietako bat dugu Gladys de Estal».

Gipuzkoan instalatutako lehen konputagailua programatzen lan egin zuen

Gladys del Estalek Informatika Fakultatean ikasi zuen III. promozioan, eta 1978an amaitu zituen ikasketak. Ekologiaren aldeko eta energia nuklearraren aurkako ekintzailea ere bazen, baita analfabetismoa desagerrarazteko boluntarioa ere (helduentzako eskolak ematen zituen musutruk). 1979an Guardia Zibilak hil zuen Tuteran, Ingurumenaren aldeko jaialdi batean parte hartzen ari zela. Gipuzkoan instalatutako lehen ordenagailuetako bat programatzen lan egiten zuen garai hartan. 

2019an, bere heriotzaren 40. urtemugan, Informatika Fakultatean aho batez erabaki zen Batzar Aretoari bere izena jartzea, eta orain Gladys Sariarekin ere bere lana aitortu nahi dute.

Gladys saridunek errekonozimendua eta 3.000 euro jasoko dituzte. Gladyssaria.eus webgunean izena eman ahalko dute zuzenean hautagaiek, baita hautagaiak izendatu nahi dituzten hirugarren pertsonak ere, ekainaren 18a bitarte. Ingurune digitaleko edozein arlotan ari diren eta 2021ean gehienez 40 urte gehienez dituzten emakumezkoek parte hartu ahalko dute.