Ibai Azparren

Koronabirusak areagotu egin ditu Latinoamerikako espetxeen gabeziak

Latinoamerikako kartzeletako irudiak erakusten zituzten dokumentalek audientzia erakartzen zuten. Presoak oso espazio txikiak partekatzen eta indarkeria gertakari larriak. Covid-19arekin fokua aldendu den arren, espetxeetako egoera hori larriagotu egin da, milaka kutsatu eta ehunka hildakorekin.

Polizia matxinada baten ondoren Ekuadorreko espetxera sartu ezinik (Marcos Pin MENDEZ I EUROPA PRESS)
Polizia matxinada baten ondoren Ekuadorreko espetxera sartu ezinik (Marcos Pin MENDEZ I EUROPA PRESS)

Erreklamazioa Europako herrialde guztiei zuzenduta zegoen, baina eskaera munduko gainerako lurraldeetara zabal daiteke, eta, zehazki, latinoamerikarretara: aste honetan, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) “Lancet” aldizkarian artikulu bat argitaratu du, espetxeetan covid-19a transmititzeko arrisku handiagoa dagoela ohartarazteko, eta presoei zein espetxeetan lan egiten duten langileei txertoa jartzea eskatu zuen.

Ez da gutxiagorako. Latinoamerikak, 1,7 milioi presorekin, amesgaizto bat bizi du martxotik hona. Izan ere, pandemiak areagotu egin du kartzela krisi dramatikoa, eta ihes masiboak eta matxinadak eragin ditu; baina, batez ere, milaka kutsatu eta ehunka hildako zenbatzen dira covid-aren ondorioz, presoen pilaketak eta osasun baldintza negargarriak konstanteak diren espetxeetan.

Duela urtebete, Michelle Bachelet Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi mandatariak «kezka handia» agertu zuen eskualdeko kartzelen egoeragatik eta «covid-19aren hedapen azkarragatik». Lehen alarma seinalea Brasilen izan zen, martxoaren 16an: 1.400 preso inguruk ihes egin zuten Sao Pauloko hainbat presondegitatik. Ordutik, astero istiluak piztu izan dira Latinoamerikako herrialdeetan, kutsatzeak goraka doazen bitartean.

Brasilgo sistema giza eskubideak defendatzen dituzten hainbat erakunderentzat «okerrenetako» bat da, kartzeletako pilaketak direla eta. Espero zen bezala, baldintza horien ondorioz birusak barroteak zeharkatu eta kalteak eragin ditu. Kartzelako gainpopulazioari –%300raino iristen da, aireztapen eta argiztapen eskaseko gelaxkatan– uraren errazionamendua eta elikadura eskasa gehitzen zaizkio. Birusa zabaltzea ekiditea ia ezinezko egiten dute baldintza horiek. «Kartzeletako osasuna arazo larria zen jada; orain, covidarekin, ez dakigu zer gertatuko den», esan zion Alexandra Sanchez Fiocruz zentro zientifikoko osasun publikoko ikertzaileak AFP agentziari, 2020ko abuztuan.

Efe agentziako Claudia Polanco kazetariak bildutako datu ofizialek dute erantzuna: covid-19a Latinoamerikara iritsi zenetik, 340 pertsona inguru hil dira birusaren ondorioz Brasilen, preso eta funtzionarioen artean, eta 67.262 kutsatu zenbatu dira guztira.

Izan ere, Brasilgo espetxeetan koronabirusak eragindako heriotzen kopuruak %190 egin zuen gora 2021eko lehen bihilekoan, 2020ko azken bi hilabeteen aldean, Jair Bolsonaroren Gobernuaren arabera. Adibidez, otsailaren 22tik martxoaren 22ra bitartean, heriotza tasa %17,6 igo zen. Haatik, pandemia gelditzetik urrun daude Brasilen: 14 milioi kasu baino gehiago zenbatu dira dagoeneko, eta 400.000 hildakoetatik gertu dago.

Kolonbia, Ekuador, El Salvador

2020ko martxoan, Latinoamerikan berrogeialdia hasi zenean, Kolonbiako hamar kartzela baino gehiagotako presoak matxinatu egin ziren, pilaketa salatzeko eta kutsadurari aurre egiteko elementurik ez zegoelako; matxinada horrek 24 hildako utzi zituen guztira Bogotako La Modelo espetxean eta baita 107 zauritu ere (76 preso eta 31 zaindari).

Gertaera horien aurrean, Espetxeetako Mugimendu Nazionalak azaldu zuen espetxe sistema «prekaritatean» bizi dela, eta egoera hori «%53ko pilaketaren» eta «eguneko 24 orduetan ur hornikuntzarik ez izatearen ondorioz» gertatu zela. «Zimitzak, arratoiak eta usoak» garbitasun baldintza miserableetan dauden espazio komunetan hedatzen direla ere nabarmendu zuen.

Horren harira, Martha Isabel Gomez Espetxe Institutu Nazionaleko (Inpec) Osasun zuzendariordeak Eferi esan dionez, pilaketak «kutsatze kasuak areagotzearen alde jokatzen du, urruntze fisiko eta aireztapen gutxiago dagoelako». Funtzionarioak emandako datuen arabera, 2021eko apirilaren 9ra arte, Kolonbiako espetxeetan «25.475 pertsona zeuden kutsatuta; horietatik 24.804 sendatu dira, 534 suspertze prozesuan daude eta 137 hil egin dira». Guztira, 98.020 preso zeuden.

Matxinaden ostean, birusa geldiarazteko, bertan behera utzi zituzten bisitak, abokatuei eta polizia estazioetatik zetozen presoei sartzea galarazi zitzaien, sintomatikoen bilaketa areagotu zen eta isolatu egin ziren, eta maskarak, xaboia eta produktu antiseptikoak entregatu zituzten. Horrek «pandemiaren kontrola izatea ahalbidetu zuen», Gomezen arabera.

Baina beste agintari batzuek neurri desberdinak hartu dituzte birusa geldiarazteko. Ekuadorren, adibidez, Gobernuak delitu txikiengatik zigorrak betetzen zituztenei ordezko neurriak ezarri zizkien, otsailean hasi zen larrialdia geldiarazteko xedearekin.

Izan ere, duela hiru hilabete, Ekuadorrek 38.693 pertsona askatasunaz gabetuta zituen 29.897 presorentzako gaitasuna duten 67 zentrotan, eta historian izan duen indarkeria boladarik txarrena bizi izan zuen orduan: 79 preso hil ziren eta 20 bat zauritu.

Istiluak modu koordinatuan lehertu ziren lau espetxetan, eta, dirudienez, matxinatuen helburua zentroetako barne kontrola eskuratzea zen, Mexikoko narkotrafikatzaileen bi banden arteko lehian. Larrialdi horren aurrean, Gobernuaren neurriak %42tik %30era murriztu zuen pilaketa.

World Prison Brief mundu osoko espetxe sistemei buruzko informazioa doan eskuratzeko aukera ematen duen datu baseak publikatutako txosten batek El Salvadorren gaineko arreta ere piztu zuen; izan ere, Latinoamerikako nazio txikienetako bat den arren, munduko bigarrena da, AEBen ondoren, 100.000 biztanleko espetxean dauden pertsonen tasa altuenarekin. El Salvadorreko biztanleria sei milioi pertsonakoa baino ez da, baina 39.274 preso ditu 27.093 lagunentzako edukiera duten espetxeetan. Iazko ekainaren 2an, covid-19 kasu susmagarriak 1.000 baino gehiago ziren espetxe horietan.

«Joan den abenduan El Salvadorren egon nintzen eta zentro batek %900eko pilaketa zuen Hor ez zen inor kabitzen», esan zuen Esmeralda Arosemena Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarreko presidenteak, Hondurasen, Guatemalan, Panaman eta Nikaraguan, besteak beste, errepikatzen den errealitate horren inguruan.

Eskualde osoan hartutako neurriak gorabehera, presoen artean koronabirus kasu positiboak antzematen jarraitzen dute herrialdeetako erakundeek. Horrek agerian uzten du pilaketaren eta pandemiaren aurkako borroka urrun dagoela Latinoamerikako kartzeletan amaitzetik, non covid-19arekin egiturazko arazoak areagotu baino ez diren egin.