Jon Ormazabal

Promozio mailako finalak jokatzea ohitura bihurtzen ari da Aitor Elordirentzat (22-11)

Garmendiarekin batera, erraz xamar nagusitu dira Zabala eta Erostarberi eta Alberdi-Salaverriren aurka jokatuko dute mallabiarrak eta beasaindarrak.

Bere ibilbideko Promozio mailako bosgarren finala jokatuko du Elordik. (Jon URBE/FOKU)
Bere ibilbideko Promozio mailako bosgarren finala jokatuko du Elordik. (Jon URBE/FOKU)

Promozio maila txiki geratzen ari zaio Aitor Elordiri eta Garmendia seguru batek lagunduta, hirugarren finala jokatuko du jarraian mallabitarrak –bosgarrena izango du denera– Zestoan Zabala-Erostarberi uste baino errazago nagusituta. Hortaz, lehen ligaxka luzean bi bikoterik onenak izan zirenak kanporatuak izan dira finalerdietako ligaxkan eta play-offetatik garaile irten zirenek jokatuko dute finala, maiatzaren 8an, Logroñon.

Egun horretarako bigarren txartela Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan jokatu da eta Elordi izan da bertako protagonista nagusia. Sakea izan du bizkaitarrak bere armarik eraginkorrena, denera 8 tanto lortu ditu hasierako pilotakadarekin eta sake-errestoan ere lortu du bakarren bat. Atzean, gainera, Beñat Garmendia oso seguru baten laguntza handia izan du, pilota bat galdu du, nabarmen xamar hasiera aldera, baina gero oso partida serioa jokatu du. Nabarmen egin du gora goierritarrak txapelketak aurrera egin ahala eta punturik onenean helduko da partida erabakigarrienera.

Justu kontrakoa izan da Zabala-Erostarberen kasua eta gaur euren jokoa aurkitu ezinik aritu dira. Aurrelari errioxarra saiatu da Elordiri parez-pare jokatzen, baina pilota guztiei ematera joaten den horietakoa da eta azkar xamar gastatu da bestelako dohainak dituen Elordiren aurka. Atzean ere ez Erostarbek ere ez dio bizkarrik erakutsi ahal izan, ez behar beste behintzat, Garmendiari eta espero baino erresistentzia gutxiago jarri diete aurkariei.

Hasieratik goitik

Partidak hasiera berdindu xamarra izan du lehen dozena erdi tantoetan, baina hortik aurrera gorriek ihes egin dute markagailuan. Sakea, zabalean ateratako bi sakeekin lehenengo eta ondo gurutzatutako beste batzuekin geroago, egin du lehen etena Aitor Elordik. Jokoaren ekimena ere gehienean mallabitarrarena izan da, Zabala-Erostarbek ez baitute asmatu, euren kolpe bortitzarekin, Garmendia zigortzen.

Gainera, Zabala bera presaka antzean aritu da gehienean eta lehen atsedenaldira zazpi tantotako alde nabarmenarekin heldu dira bizkaitarra eta Garmendia (12-5). Izan dute, Logroñokoak eta urretxuarrak, aldageletatik bueltan, euren susperralditxoa, zenbait tanto nahasiren ostean (13-8), baina ez dira euren jokoa topatzeko gai izan eta gorriek berriz ere erraz antzean berreskuratu dute abantaila eta ez dute batere zailtasunik izan alde hori amaierara arte kudeatzeko.

 

FITXA TEKNIKOA:

Elordi-Garmendia: 22

Zabala-Erostarbe: 11

Pilotakadak: 506. Iraupena: 57,50 minutu. Markagailua: 0-1, 2-1, 2-3, 7-3, 7-5, 13-5, 13-8, 19-8, 19-10, 21-10, 21-11, 22-11. Sakeak: 8 Elordik eta 0 Zabalak. Tantoak: 6 Elordik, 1 Garmendiak, 4 Zabalak eta 1 Erostarbek. Hutsak: 4 Elordik, 1 Garmendiak, 5 Zabalak eta 4 Erostarbek. Gorabeherak: Promozio mailako finalerdietako ligaxkako partida Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan jokatu da.