NAIZ

Maiatzaren Lehena: balkoietatik kalera, baina murrizketekin

Langileen Nazioarteko Eguna ezohikoa izango da aurten ere. Hala ere, iaz ez bezala, gaur kaleak hartuko dituzte milaka langilek Euskal Herriko hiri eta herrietan, deialdi desberdinetan. Sindikatuek Lakuako Gobernuaren murrizketak salatu dituzte, oinarrizko eskubideak urratzen dituztela argudiatuta.

Apirilaren 22an sindikatuek deitu zuten sektore publikoaren aldeko greba. (Raul BOGAJO/FOKU)
Apirilaren 22an sindikatuek deitu zuten sektore publikoaren aldeko greba. (Raul BOGAJO/FOKU)

Konfinamenduak iazko Maiatzaren Lehenean ohiko mobilizazioak ikustea eragotzi zuen. Baina horrek ez zuen langileria geldiarazi eta aldarrikapenak balkoietara eta sare sozialetara eraman ziren. Gaurkoa ere ezohikoa izango da, sindikatuek kritikatu dituzten murrizketekin, baina milaka langilek kaleak hartuko dituzte berriz.

Izan ere, ostegunean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion Lakuako Gobernuari, eta pandemia dela-eta eremu gorrian bizi diren herritarrak ezingo dira beren herritik atera sindikatuek deitutako mobilizazioetan parte hartzeko. Gauzak horrela, auzitegiak atzera bota zituen ELAk eta CCOOk aurkeztutako helegiteak, eta sindikatuek salatu zuten debeku horrek oinarrizko eskubideak urratzen dituela.

Ostiral honetan, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Lakuako Gobernuaren jarrera kritikatu zuen berriro, EAEn «lanera edo bozkatzera bakarrik, eta ez manifestazioetara» joan daitekeela salatuz. Radio Euskadi-n egindako adierazpenetan, esan zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia betetzea «beste erremediorik» ez dutela, eta erabaki hori «kontraesanezkoa» dela azpimarratu zuen, joan den astean «sektore publikoko langileak greban» egon zirela eta «manifestazio garrantzitsuak» izan zirela gogorarazita.

ELAko idazkari nagusiaren ustez, gaurko martxetara joateko mugaren atzean «sakoneko erabaki politiko bat dago, murrizketak Ertzaintzaren zuzendaritzatik baitatoz». Esan zuenez, «covid agerraldien %70 lantokietan gertatzen ari dira», eta, «manifestazioak lantokiak baino askoz seguruagoak dira. Lantokietan neurri oro betetzen da? Pandemia hasi zenetik ez dute enpresarik zigortu».

Bestalde, LABek uste du Lakuako Gobernuaren eta EAEko Auzitegi Nagusiaren irizpideen atzean «klasismo nabarmena» dagoela. «Klasismoaz ari gara; izan ere, Eusko Jaurlaritzak berak, turismoa sustatzeko Kantabriako muga ospakizun artean ireki zuenak edo pandemiaren lehen olatua amaitu baino lehen hauteskundeak deitu zituenak, langileen eskubide zibil eta politikoak mugatu nahi ditu orain. Klasismoaz ari gara, pandemia hasi zenetik Ertzaintzak, Lan Ikuskaritzak edo auzitegiek ez baitute ekimenik egin enpresetan segurtasun neurriak bermatzeko», azaldu zuen.

Sindikatuak gaineratu zuen «egunez egun, milaka langile» joaten direla lanera, kasu askotan «garraio publiko eskasean pilatuta, gure udalerriak itxiera perimetralean egonda ere».

Mobilizazioak

LABek 34 mobilizazio antolatu ditu Euskal Herriko lurralde osoan “Aldaketa da aukera!” lemapean. Hiriburuei dagokienez, Baionan 11.00etan abiatuko da gaurko mobilizazioa, Lan Burtsatik. 11.00etan hasiko da Bilboko manifestazioa ere Zabalburu plazatik, eta Iruñean, aldiz, 12.00etan Gazteluko plazatik. 12.30ean, Gasteiz (Bilbo plaza) eta Donostiakoak (Santa Katalina zubia) abiatuko dira. Besteak beste, Laudion ere deitu du LABek, 18.30ean, Tubacexeko langile batzordearen deiarekin bat eginez.

Lakuntzak, bestalde, ELAk Bilbon antolatu duen manifestazioan parte hartuko du, 11.30ean Jesusen Bihotzetik abiatuta. Ordu berean izango dira Iruñean (Gurutze plazan) eta Donostian (Alderdi Ederren); Gasteizen, berriz, ordu erdi lehenago hasiko da, 11.00etan, Andre Maria Zuriaren plazatik, “Aldaketa garaia da” lemapean.

Bestalde, ESK, CGT, eta Steilas batera mobilizatuko dira. Bilbon, 11.30ean, Kale Nagusian; Donostian, 12.00etan, Bretxan; ordu berean Iruñean, Errekoleten plazan, eta 12.30ean, Gasteizen, Europa jauregian.

Gainera, Iruñerriko 22 elkarte, kolektibo eta eragile sozialek osatzen duten «M1 Soziala» ekimenak, manifestaziora deitu du, 17.30ean Iruñeko Baluarte plazatik abiatuko dena.