Andoni Arabaolaza

Kortazar gailendu da Espainiako Txapelketan, Maiorari soilik 16 segundoko aldea aterata

Oihana Kortazar Elgetako lasterkariak Fedme-k antolatutako Mendi Lasterketen Espainiako Txapelketa irabazi du. Maite Maiora mendaroarra bigarrena izan da, eta, gizonezkoetan, Aritz Egea, hirugarren postuan sailkatu da.

Larunbateko bertikalen hitzordu nagusiak igande honetan lasterketa indibidualari lekukoa eman dio. Fedme-k antolatutako Espainiako Txapelketan egungo espezialista sasoikoenak bildu dira. Hain zuzen ere, Magina Sky Race proban. Lineako hitzordu nagusi horrek ibilbide oso erakargarria aurkeztu du: 28 kilometro eta 2.250 metroko goranzko desnibela. 

Goizeko 8:30ean hasiera eman diote. Eta protokolo guztiak bete ondoren, irteera mailakatuak izan dira. Hots, ez dira korrikalari guztiak elkarrekin irten. Nesken lasterketari dagokionez, aurreratu behar dugu euskal ordezkariek bikain jardun dutela. Cerro de la Viejara eramaten duen lehen igoera gogorrak lasterketa hautsi du. Laugarren kilometrorako Oihana Kortazar lehiaren buruan zegoen, eta atzetik Maite Maiora, Patricia Pineda eta Virginia Perez zeuden.

Lasterketak aurrera egin ahala, posizio horiek aldatzen joan dira, baina argi geratu da Kortazar indartsuena zela. Nahiz eta Espainiako Txapelketa irabazteko nagusitasun handia erakutsi duen, elgetarrak asko estutu behar izan du helmuga puntura lehena iristeko. 3:06:22 denbora markatu du, baina, harrigarria bada ere, 28 kilometroko lasterketa batean, Kortazarrek bigarren sailkatuari, Maiorari, soilik 16 segundoko alde atera dio. Ia esprint batean heldu dira. Beraz, mendaroarra zilarrarekin  egin da. Atzoko bertikalen irabazlea, Perez, hirugarren postuarekin egin da.

Beste hiru euskal korrikalarik top-10ean amaitu dute: Onditz Iturbek bosgarrenean, Lide Urrestarazuk bederatzigarrenean eta Andrea Garaik hamargarrenean.

Egea, hirugarren

Mutilen lehiari dagokionez, esan behar dugu oso estua izan dela. Emozioa pil-pilean izan da, eta lehen sailkatuen arteko oreka azpimarratu behar da. Nahiz eta Zaid Ait Malek 15. kilometrora arte  nagusitu den, Manu Merillasek eta Jan Margaritek erakutsi dute oso sasoiko iritsi direla hitzordu garrantzitsu horretara. Alabaina, atzetik zeudenak ez ziren prest etsitzeko, eta, adibidez, Aritz Egeak bere erritmoa azkartu egin du. Helmuga puntuan lehena Merillas izan da 2:24:19 denborarekin. Margarit katalana bigarren postuan sailkatu da, eta Egea hirugarrenean. 

Asier Larruzeak, berriz, bosgarren postuan amaitu du. Eta Jokin Lizeagak zazpigarrenean. Gogoratu behar dugu korrikalari urnietarrak istripu oso larria izan zuela duela bi urte jokatutako Trail de las Pastoras de Portudera proban. Lasterketetara berriro itzuli da, eta, irakurtzen den legez, oso maila txukunarekin. Beteranoen mailan, urrearekin egin da.

Azkenik aipatu behar dugu selekzioen sailkapenean, emakumezkoetan zein gizonezkoetan, Euskal Mendizale Federazioaren taldeek irabazi dutela.

Euskal podiumak Bertikalen Espainiako Txapelketan

Fedme-k antolatutako Bertikalen Espainiako Txapelketan euskal ordezkariek postu bikainak erdietsi zituzten larunbatean. Egungo espezialista sasoikoenak Magina Skyrace lasterketaren irteera puntuan elkartu ziren. Eta seniorretan, Virginia Perez gailendu zen. Berez, Guadalajarako herritarra da, baina mendi lasterketak Euskal Herrian ezagutu zituen. Modu batera edo bestera esanda, gure lurraldean trail runningeko espezialista bihurtu zen. Euskal Mendizale Federazioak antolatutako bertikalen hitzordu nagusia behin baino gehiagotan irabazi du. 

Perez, berez, larunbat goizean Albanchez de Magina herrian jokatu den proba honetan faborito nagusietariko bat zen. Lehiakide guztiek ibilbide oso gogor bati egin behar izan diote aurre: 2, 7 kilometro eta 1.000 metroko goranzko desnibela. Zalantzarik gabe, lasterketa honek izen handia du; izan ere, esplosiboa izateaz gain, amaiera oso teknikoa du. 

Eta Aznaitin izeneko mendiaren gailurrean lehena Perez izan zen. 41 minutu eta 15 segundoko denbora egin du, eta bigarren sailkatuari, Fatima de Diegori, 43 segundoko aldea atera zion. Hirugarren sailkatua Andrea Garai izan zen 42:17 denborarekin. Igone Campos seigarren postuan sailkatu zen. Irati Zubizarretak, aldiz, sailkapen orokorrean hamaikagarren postua sinatu zuen, baina promesak kategorian irabazi zuen.

Larruzea, bigarren

Gizonezkoen senior kategorian, bestalde, aurreratu behar dugu izen handiko korrikalariek hartu zutela parte. Bertan ziren: Dani Osanz, Jan Margarit, Manu Merrillas, Borja Fernandez, Asier Larruzea eta Antonio Alcalde.

Bada, faborito horien artean nabarmendu zena Merillas izan zen. Lasterketa ikusgarria egin eta helmugan 32:34 denbora markatu zuen. Larruzeak , berriz, goi mailako bigarren postua sinatu zuen; irabazlearengandik 35 segundora sailkatu zen. Osanz izan zen hirugarrena.