naiz

Nahi gabe arrantzatzen diren espezieen %95 itsasora itzularazten duen gailua sortu du Aztik

Hiru atunontzik Azti euskal zentro teknologikoak garatutako ‘hooper’ izeneko gailuak probatu dituzte azken bi urteetan, eta, horien bidez, ustekabean harrapatutako marrazoen %95 itsasora itzultzea lortu da.

Atun-ontzia itsasoan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Atun-ontzia itsasoan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Aztik igande honetan azaldu duenez, istripuz harrapatutako espezieak (tamaina txikiko marrazoak eta dortokak, besteak beste) berehala askatzeko aukera ematen duten gailu selektiboak konbinatuz, prototipoek «itsas habitata gehiago errespetatzen duen» eta «iraunkorragoa» izan daitekeen atun-industria ahalbidetuko dute.

Lakuako Arrantza Sailaren finantziazioa izan duen proiektu honen bitartez, Ozeano Barean diharduten Bolton Food konpainiako hiru atun-ontzik Aztik diseinatutako gailu berrien eraginkortasuna probatu dute 2019an eta 2020an. Hala, ustekabean harrapatutako marrazoen %95 zuzenean liberatu ahal izan dira teknika horrekin.

«Probetan ikuskatzaileen, patroien eta tripulatzaileen parte-hartzea funtsezkoa izan da arrakastarako», nabarmendu du EAEko zentro teknologikoak.

Probatutako gailuari ‘hopper’ izena eman diote, eta ontzien deskarga-eskotilaren inguruan dagoen kalapatxa bat da. Horren gainean isurtzen da arraina, eta ateratzen diren espezie osagarriak azkar ikus daitezke. Gailuak itsasora begira dagoen arrapala bat du itsatsita, animaliak berehala askatzeko.

Itsasora azkar itzultzeak animalien estresa gutxitzen du, eta hori funtsezkoa da haien biziraupena bermatzeko.

Luciano Pirovanok, Bolton Food-eko Garapen Iraunkorreko zuzendari nagusiak, azaldu duenez, «arrapaladun hooperrak funtsezko ekarpena izango dira nahigabeko arrantza murrizteko».

Enpresa hau Grupo Bolton multinazional italiarraren arrain-kontserben negozio-unitatea da, eta Estatu espainiarreko merkatuan Isabel eta Cuca markekin aritzen da, kasurako.

Aztik adierazi du espezie kalteberak, hala nola marrazoak edo dortokak, istripuz harrapatzea tunidoen arrantzaren ondorio kaltegarrietako bat dela, eta harrapaketa guztien %2 izan daitezkeela.

Espezie horiek itsasora itzuli behar dira beren bizi-garapenaren zikloarekin jarraitzeko, eta, beraz, «enpresen ardura da arrantza intzidentala murriztea», gaineratu du.

Nabarmendu duenez, maiatzaren 2an, gaur, Atunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta ospakizun horrek «atuna eta ozeanoak zainduko dituen arrantza- eta kontserbazio-kudeaketa jasangarriaren» garrantzia azpimarratzen du.

Proiektu horren ondorioz, Atun Tropikalaren Amerikarteko Batzordeak (CIAT) eta Aztik adimen-memorandum bat sinatu dute, hautaketa-gailu horien eraginkortasuna aztertzen jarraitzeko.