NAIZ

‘Araxesen gainetik, Malloen azpitik‘ dokumentala ostiralean estreinatuko da

2020ko udan egin ziren ikus-entzunezko honeren errodaje lanak eta bertan 60 herritar baino gehiagok parte hartu zuten, modu batera edo bestera. Araitz eta Beteluko memoria du oinarri dokumentalak. Hauxe da aurreratutako trailerra.

Ostiral honetan, maiatzak 7, estreinatuko da ‘Araxesen gainetik, Malloen azpitik’ dokumentala Araizko udaletxean, Arriben.

Lehen emanaldia, arratsaldeko 19.00etan izanen da, ekoizpenean parte hartu dutenentzako, eta bigarrena, 20.30ean, herritar ororentzako.

Orain dela hamar urte Araitz eta Beteluko udalek Labrit Ondarearen bitartez euren udalerriko memoria immateriala biltzea erabaki zuten. Hogeitabi elkarrizketetan oinarrituta, ikus-entzunezko honen bitartez Araitz eta Beteluko ahozko memoriaren transmisio lana egitea erabaki dute udalek, Beteluko Ura empresaren babesarekin.

2020ko udan egin ziren ikus-entzunezkoaren errodaje lanak eta bertan 60 herritar baino gehiagok parte hartu zuten modu batera edo bestera. Batzuk aktore lanetan, beste batzuk materiala prestatzen, edo mendiko irudiak jasotzen...

Dokumentalak aitona-amonen ahotik joan den mendeko ohiturak, ogibideak, ospakizunak, harremanak, sinismenak eta askoz gehiago ezagutzeko aukera ematen du. Kontu gogor eta ilunagoak ere agertzen dira lan honetan, trailerrak erakusten duenez. Bailararen ohiturak eta baloreak nabarmentzen dira aurrerapen honetan, baina horrekin batera «sorgin ehizak» aipatzen dira, esaterako.

Lana osatuta ikusgai, beraz, ostiral honetan.