Jon Ormazabal

Euskal Pilota eta Esku Pilota kanpusak antolatu ditu Behar Zana Pilota Taldeak udararako

Lehenengoak txikienak kirol honetara gerturatzea luke asmoa eta bigarrena teknifikaziora bideratuta legoke, aurretik ere esku pilotan aritzen diren gazteei zuzenduta egongo da eta. 

Pilota umeen aisialdirako aukera paregabea izan daiteke. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Pilota umeen aisialdirako aukera paregabea izan daiteke. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Covid-19aren ostean sortutako pandemia egoera honek era bortitzean kolpatu ditu herrietako pilota eskola eta klubak. Entrenatzeko eta lehiatzeko zailtasun ugari izan dituzte txikienek eta galdutako denbora hori guztia berreskuratu edo umeek gure kirola ahaztu ez dezaten, udako bi kanpus antolatu ditu Behar Zana Pilota Elkarteak uda honetarako, ekainaren 28-tik uztailaren 9-ra Amasa Villabonan. Irakasleak, Axier Arteaga Baikoko pilotaria, Iñaki Lizaso, heziketa fisikoan irakasle eta Behar Zanako pilotaria, eta Jonpe Artetxe, heziketa fisikoan irakasle eta Intza taldeko pilotaria, izango dira.

Euskal Pilota Kanpusean aisialdia eta pilota era desberdinak uztartuko dira, esaterako Villabonako berezitasuna diren joko garbia eta errebotea, baina baita pasaka, esku pilota, pala eta beste joko molde batzuk ere. Antolatzaileen iritziz, «natura, elkartasuna, bizikidetza eta elikadura osasuntsua garrantzitsuak izango dira kanpus honetan». Bertan, esku lanak egiteko edota pilotari profesionalak ezagutzeko aukera ere izango dute izena ematen dutenek. Lehen udaleku hau txikienei zuzenduta egongo da, 2009 eta 2014 artean jaiotakoei hain zuzen ere.

Esku Pilota Kanpusa, berriz, joko molde honetan trebatutako gazteei zuzenduta egongo da, hau da, aurten alebin eta infantil mailatan –2005 eta 2010 urteen artean jaiotakoak– esku pilotan aritu diren neska-mutilei bereiziki.

Euskal Pilota Kanpusak 100€ko matrikula izango du (Behar-Zanako pilotariek 80) eta Esku Pilota Kanpusak aldiz, 200€takoa (Behar-Zanako pilotariek 180). Izena emateko epea maiatzaren 3tik 16ra izango da. Izena emateko eta zalantza argitzeko bideak beharzanapelota@gmail.com helbidea eta 600375352 telefono zenbakia dira.