Maite Ubiria

Kolegio eta lizeotako ikasleak klasera itzuli dira deskonfinamenduari hasiera emanez

11 urtetik gorako gaztetxoak ikasgeletara itzuli dira gaur goizean Ipar Euskal Herrian. Emmanuel Macronen Gobernuak finkaturiko deskonfinamenduaren lehenengo urratsa da. Ez da, ordea, egunak ekarri duen aldaketa bakarra, gaurdanik mugikortasunari buruzko neurri murriztaileak arinduko baitituzte.

Hainbat lizeotan blokeo ekimenak izan dira, hala nola irudian agertzen den Ravel lizeoan. (Patxi BELTZAIZE)
Hainbat lizeotan blokeo ekimenak izan dira, hala nola irudian agertzen den Ravel lizeoan. (Patxi BELTZAIZE)

Joan zen apirilaren 26an ama eskola eta lehen mailako ikasleek udaberriko oporraldia baino aste bat lehenago ezarritako konfinamenduari amaiera eman zioten.

Gainerako ikasle guztiek bezala opor aurreko aste horretan eskola etxetik jarraitu zuten, covid-19ak martxoaren bigarren hamabostaldian ukan zuen gorakadari aurre eginez frantziar Hezkuntza Ministerioak eskolak lasterrago ixteko agindua eman zuelako.

Kolegioan (Bigarren Hezkuntza) eta Lizeoan (Batxilergoa) jarduten duten ikasleen kasuan Hezkuntza Ministerioak astebetez luzatu zuen neurria.

Hala, apirilaren azkeneko astean ere etxetik jardun dute ikasle horiek.

Blokeoak baxoa probaren aurka

Gaur, ordea, iratzargailuak goizean goiz jo du, berriro ere, haientzat, eta goizeko 8.00etatik aurrera mugimendu berezia sumatzen zen dagoeneko ikastetxe gehienetan.

Baionako Rene Cassin lizeoan ordu horretan blokeo ekimna burutu dute ikasleek baxoa presentzialaren aurka protesta egiteko. Beraien ustez ebaluapen jarraia egokiagoa da aurtengo kurtsoan izan diren gorabeherak aintza harturik «ikasleen arteko berdintasuna bermatzeko». Donibane Lohizuneko Maurice Ravel lizeoan ere protesta giroan hasi dira klaseak.

Hezkuntza Ministerioak protokoloak zorroztu ditu klase itzulerari begira. Hala, covid-19ak bereziki kolpatzen duen lurraldeetan –ez da hala gertatzen Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen departamenduan, 100.000 biztanleko  batezbesteko 100 kasuko tasarekin itxi zuen iragan astea– aforoari dagozkion neurriak har ditzakete, hala nola, mailaren arabera errotazio sistema ezarriz.

Edonola ere, Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan ere prekauzio neurriak zorroztuko dituzte. Baionako Etxepare lizeoan, hala nola, protokoloa finduko dute, jangelako ordutegiak eta ikasleen kopuruak egokituz.

Arau berriek diotenez, kasu positibo bat azalduz gero, klase osoa itxi beharko da, birusaren hedatzea mugatzeko xede.  Orain arte hiru kasu arteko irizpidea aplikatzen zen eskoletan.

Iragarpen ugari eta neurri eskasak

Hezkuntzako sindikatuak kexu dira haien ustez behar bezalako ahalegina ez delako egin 3-4 astez luzatu den ikasturte presentzialen etenaldi horretan prebentzio neurri egokiagoak ezartzeko.

Dagoeneko apirilaren 26an plantan eman behar zuten neurria –listu bidezko testak orokortzeko erabakia iragarri zuen Jean-Michel Blanquer buru duen Ministerioak– ez zen tenorean eman.

Ikusteke dago kolegio eta bereziki lizeoetan gaurtik aurrera orokortzeko diren autotestak noiz helduko diren, iragarri bezala, ikastetxe guztietara.

Ez da hori garaiz bete ez den neurri bakarra. Frantses Gobernuak lehentasunezko sektoreen artean ezarri zituen irakasleen txertakerta motel samar doa.

Patologiaren bat duten 55 urte dituztenek  hartu ahal izan dute, gehienbat, txertoa. Txertaketa egutegiaren arabera, joan zen asteaz geroztik osasun arrisku berezirik ez duten adin horretako edozein herritarrek txertoa jartzea ere eskatu dezake.

Giroa baretu nahian gaurko eskola sarreraren bezperan «kurtso amaierarako irakasle guztiek txertoa hartzeko aukera izanen dutela» jakitera eman zuen Hezkuntza Ministerioak.

Alta, azken orduko iragarpen horrek berritasun handirik ez du ekartzen.

Iragan ostiralean sare sozialen bidez txertaketari buruzko plana zehaztu zuen frantziar presidenteak. Horren arabera, maiatzaren 15etik aurrera 50 urtetik gorako herritar orok ahal izanen du txertoa eskatu eta ekainaren 15ean, berriz, 18 urte adinatik aurrera herritar guztiek.

Finean, adinaren irizpidea kenduta txertatze orokorrerako egutegia betetzen bada, irakasleek, beste edozein herritarrek bezala, ahalko dute txertoa jaso uda aitzin.

Itxiera perimetralak altxatu dituzte

Eguneroko erritmoa berreskuratu dute, beraz, gaur ikasleek eta familiek. Eskoletatik harago aldaketak ekarriko ditu, ordea, maiatzaren 3ak.

Data horrek markatzen baitu modu lausoan heldu den ekainaren 30a bitarte garatuko den deskonfinamenduaren lehenengo etapa.

Gaurdanik mugikortasunari ezarritako mugak altxatuko dituzte. Orain arte soilik etxetik hamar kilometrora arte joateko baimena zuten Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko herritarrek.

Itxiera perimetrala departamendu mailan ezarria izanik, Hexagono osoan «eskualdeen arteko bidaiak» ere debekatuta ziren.

Gauzak horrela, mugikortasunari buruzko ziurtagiria ez dute gehiago erakutsi beharko gaurdanik herritarrek. Eta frantziar Estatu mailan bidaiatzeko aukera zabalduko da.

Izan ere 100.000 biztanleko 400 kasuko tasa gainditzen duten departamenduek ezin izanen diote deskonfinamenduari ekin.

Etapa bakoitzean xifra horren pean diren lurraldeek soilik ahal izanen dute soilik aurrera egin.

Orandik ere, lau asteko itxialdi malguaren ostean, Paris inguruko hiru bat departamendu kopuru horretatik goiti ziren atzo emandako datuen arabera.

Mugikortasunari buruzko neurriak arinduko dira, beraz, gaur Ipar Euskal Herrian. Izan ere, arratsaldeko 19.00etatik eta biharamuneko 06.00ak bitarte indarrean den etxeratze-aginduak bere baitan jarraituko du.

Iragan ostiralean eskualdeko hainbat hedabide bozgorailu gisa baliatu zituen Macronek berrirekitzeari buruzko egutegiaren berri emateko.

Eskema horren arabera, heldu den maiatzaren 19tik aurrera iragarriko da gehienbat deskonfinamendua.

Egun horretan 2020ko urriaz geroztik itxita dauden ostatuek eta jatetxeek erdizka bada ere pertsiana altxatuko dute Ipar Euskal Herrian. Oraingoz, hori bai, bezeroak bakarrik terrazetan ahalko dituzte hartu. Are, gehienez sei lagun bildu ahalko dira mahai bakoitzean.

Lehenentasunezko mozkinak saltzen dituzten dendek egun horretan zabalduko dituzte berriro ere ateak, baita kultur aretoak eta kirol azpiegiturak ere, betiere aforoari buruzko baldintzak errespetatuz.

Hala gehienez 800 lagun bildu ahalko dira toki itxian garatzen diren jardueretan eta kanpoan burutzen direnen kasuan gehienez mila lagun ahalko dira elkartu.

Finean, ekainaren 19an bi orenez gibelatuko dute etxeratze-agindua, 19.00etatik 21.00etara pasatuz.

Telelana ez da gehiago derrigorrezko izanen

Deskonfinamenduaren hurrengo geltokia ekainaren 9an finkatuta dago. Egun horretatik aurrera telelanari ekiteko agindua bertan behera utziko du Gobernuak.

Edonola ere apirilean zehar indarrean izan den egokitutako konfinamenduak ez duela telelanaren orokortzea ekarriko jakin behar da.

Lan Ministeritzak behin eta berriro neurri horren aldeko aholkuak zabaldu baditu ere, etxetik lan egiteko aukerak ez du inondik inora iragan urteko udaberrian izan zuen jarraipen maila ukan.

Lan presentzialerako itzuliaren eskutik, ekainaren 9an ostalariek beren lokalak behingoz ireki ahalko dituzte. Hau da, terrazetan soilik ez barnean ere bezeroak ahalko dituzte errezibitu, beti ere neurriak errespetatuz (sei lagun gehienez mahai bakoitzean).

Data horretan kirol aretoak irekiko dituzte eta etxeratze-agindua berriz ere bi orduz atzeratuko da 21.00etatik 23.00etara.

Finean, ekainaren 30ean etxeratze-agindua guztiz kenduko dute eta, horrekin batera, ezarritako orduetatik kanpo salbuespenak aletzen dituen ziurtagiria desagertuko da.

Data horretatik aurrera mila pertsona artean biltzen dituzten kultur edo kirol ekimenak ahalko dira antolatu.

Osasun ziurtagiria eta udako planak

Ordurako osasun ziurtagiria plantan eman nahi du frantses Gobernuak, eta aipaturiko dokumentoa daukaten herritarrek soilik ahalko dute lehenbabiziko ikuskizun horietan parte hartu.

Oraindik ere Macronen Gobernuak ez du zehaztu uda garaian zer nolako neurriak ezarriko dituzten frantses Estatutik kanpo bidaiak egiterako orduan. Bestalde, Euskal Herriko barne mugari dagokionez, Parisek ez du aparteko iragarpenik egin.

Hots, gaurko egunak deskonfinamenduaren hasiera markatzen badu ere Ipar Euskal Herrian, urte hasieraz geroztik itxita dauden bost pasabideek itxita jarraituko dute eta gainerakoetan Poliziaren kontrolak berdin jarraituko dutela aurreikusi daiteke.