Haritz Larrañaga

Pauline Menczer autobus gidaria: Munduko txapeldunaren historia

Berriki Australian estreinatu den «Girls Can’t Surf» filmak, besteak beste, Pauline Menczer munduko txapeldun ohiaren historia atera du argitara. Artritis gaitzak jota, gorriak ikusi behar izan zituen gizonezkoek gidatzen zuten ASP zirkuituan. 

2002an parte hartu zuen surf txapelketa batean ateratako argazkia. (GETTY IMAGES)
Pauline Menczer, 2002an parte hartu zuen surf txapelketa batean ateratako argazkia. (GETTY IMAGES)

Munduko txapeldun izan zen 1993an, lehen mailan lehiatu zen hogei urteetan hogei txapelketa irabazi zituen, 1988an munduko txapeldun izan zen amateur kategorian, eta guztia artritis erreumatiko batekin eta baliabide eskasekin egin zuen. Egun 51 urte ditu eta autobus gidaria da. Berriki argitaratu den “Girls Can’t Surf” filmari esker Pauline Menczer australiarraren historia argitara atera da eta Bondiko hondartzan bere omenezko oroigarri bat jartzeko diru bilketa bat abian da.

Menczer 12 urterekin hasi zen surf egiten Sydneytik gertu dagoen Bondi hondartzan. 80ko hamarkadan ez ziren asko inguru hartan surf egiten zuten neskak. Hondartzetan zein lehiaketetan neskak bigarren mailakoak ziren, eta haien surfa baino haien gorputza zen kontuan hartzen zena sasoi hartan. Baita Euskal Herrian ere.

Esate baterako, txapelketetan baldintzak hoberenak ziren uneak gizonezkoentzat gordetzen ziren eta nesken diru sariak oso apalak izaten ziren. Testuinguru hartan eskuratu zuen 1993an ASP (egungo WSL) munduko titulua Menczerrek. Ez zuen diru saririk jaso, soilik kopa bat eman zioten, eta berau hautsita zegoen gainera.

Aitortza filmari esker

“Girls Can’t Surf” filma Chris Nelius filmegileak zuzendu du eta 2021eko martxoaren 11n estreinatu zen Australiako zinemetan. Arrakasta itzela izan zuen estreinaldiak eta filmari esker belaunaldi gazteek itzalean izan diren hainbat surflariren izenak ikasi eta haien istorioen berri jakin ahal izan dute.

Filmean 80ko eta 90eko hamarkadan mundu mailan lehian aritu ziren neskek izan zituzten zailtasunak azaleratzen dira eta surf munduak ahaztuta zituen hainbat izen berreskuratu dira. Zuzendariaren hitzetan, «emakume haiek surfa gizonen kirola zenean izan zuten jarrera heroikoa kontatzen da».

Filmaren zuzendaria bera ari da lekuko autoritateei galdegiten Bondi hondartzan Menczerren omenezko estatua bat ezar dezaten, Australiako hondartza ezagunetakoan. Izan ere, munduko txapelketa eskuratu duen bertako surflari bakarra da Menczer. Oraingoz, bertako udalak Menczerren ibilbidea aitortzeko adierazpena egin du.

Bestalde, AEBetan ere diru bilketa abiarazi du filma ikusi ostean liluratuta geratu zen lagun talde batek. «Gaur emakumezkoen surfa dagoen lekuan baldin badago, Menczerren bezalakoei esker da», adierazi zuen 25.000 dolar eskuratzeko diru bilketa kanpina martxan jarri zuen Mimi LaMontagnek.

Gaur egun WSLko lehiaketetan diru sari bera jasotzen dute bi kategorietako irabazleek. WSL erakundeak emandako urrats garrantzitsuenetakoa da. Esan behar da WSLko txapelketa batean bi kategorietako irabazleek diru sari bera jaso zuten lehen txapelketetako bat Zarautzen egin zela 2016. urtean, eta sari hura NAIZek eskaini zuela.

Aurten lehen aldiz CT zirkuituko txapelketak data eta leku berdinetan egingo dituzte emakumezkoek zein gizonezkoek, eta hori ere aurrerapauso bat da. Modu horretan, inoiz lehiatu ez diren urautsietan aritzeko aukera eman diete neskei, eta, horrela, duela gutxi arte haientzat ezinezkoak ziruditen olatuetan surf egiteko gai direla frogatu ahal izan dute.

Ibilbide malkartsua

Menczerren aita taxi gidaria zen eta lanean ari zela hil zuten. Ostean, gorriak ikusi behar izan zituen bere amak lau seme-alaba hezteko. Surfa ihesbide bat izan zen Menczerrentzat, baina lehiatzeko zailtasunak zituen, izan ere, ez zuen surf aldizkari eta babesleek bilatzen zuten emakume ilehorien irudiarekin antzik, eta, babeslerik gabe, bakarrik aurre egin behar izan zien lehiaketek eragindako gastuei. Denetarik egin behar izan zuen diru apur bat lortzeko: zozketa txartelak saldu, merkatu txikietan gauzak saldu, AEBetan jeans galtzak erosi eta Europako lehiaketetan garestiago saldu... Baina ez zen bakarra: lehen mailan aritzen ziren beste neska batzuekin batera, taularen zorroa lo zaku moduan erabili eta sariak banatzeko oholtzaren azpian lo egiten zuen.

Zailtasun ekonomikoak nahikoa ez eta osasun arazo larri batekin egin behar izan zuen aurrera surflari australiarrak. Artritis erreumatikoa zuen eta batzuetan mugitu ezinik geratzen zen. Munduko titulua irabazi aitzin, ia ezin zuen ibili ere egin. Supermerkatuko karro batean eramaten zuten erosketak egin ahal izateko, eta, hondartzara joaterik ez zuenez, txikotaren mutur bat igerilekuko helduleku bati lotu eta arraun egiten entrenatzen zuen.

Horrela iritsi zen egun handira 1993an. Mugitzeko zituen zailtasunekin arerioek xehatu egingo zutela uste zuen, baina txanda hasierako klaxon hotsa entzun orduko ezintasun oro desagertzen zela zirudien. Adrenalinak esku eta hanketako minak baino indar handiagoa zuen eta irabaztea lortu zuen. Minik izango ez balu bezala aritu zen uretan, baina lehorrean oinez ibiltzeko ere zailtasunak zituen.

Urte luzez sekretu bat izan zuen Menczerrek. Bere entrenatzaile Nadege, egiaz bere neska laguna zen. «Nire bizitzako zati handiena armairutik atera gabe pasa nuen», aitortu zuen. Izan ere, bere homosexualitatea ezkutatzen ez zuen Jodie Cooper kideak jaso zuen tratua ikusita, zera pentsatu omen zuen: «bere inguruan horrela hitz egiten badute, hobe isilik egotea».

Azken urteetan mina eta erredura eragiten dion azaleko gaitz bat garatu du. Ondorioz, uraren kalitate txarrari dion beldurra dela eta, soilik dozena bat aldiz surf egin zuen iaz. Edonola ere pozik erantzuten die elkarrizketei, «gauza ederra baita haurrentzat eragin ona izatea».