NAIZ

Atkinson Realeko jokalari ohia poliziaren basakeriak hil zuen fiskaltzaren arabera

Reako aurrelari ohiak 33 segundoko deskarga jaso zuen "taser" edo pistola elektriko batekin, «ohikoa izan ohi den iraupen estandarra baino sei aldiz tarte luzeagoa». Kopetean bi ostikada ere jaso zituen.

Atkinsonen artxiboko argazkia, Realean egon zen denboraldian. (NAIZ)
Atkinsonen artxiboko argazkia, Realean egon zen denboraldian. (NAIZ)

2016an hil zen Dalian Atkinson Realeko jokalari ohia 33 segundoan egon zen "taser" edo pistola elektriko baten menpe, «ohikoa izan ohi den iraupen estandarra baino sei aldiz tarte luzeagoa». Halaxe onartu du fiskaltzak kasu horretan hilketagatik epaitua izaten ari den poliziaren epaiketan.

1990/1991 denboraldian Realean jokatu zuen aurrelaria 2016ko abuztuan hil zuten 48 urte zituela, Telforden poliziak pistola elektriko bat deskargatu ondoren, bere aitaren etxean gertatutako istilu baten ondorioz. 2019an hasi zen poliziaren aurkako prozesua.

Poliziak gertakariak ukatzen dituen arren, hilketa leporatu diote eta egun epaitzen ari dira Birminghameko (Ingalaterra erdialdeko) epaitegian.

Bere aurkako akusazioak aurkeztean, fiskaltzaren ordezkariak, Alexandra Healyk, esan du gertakariek erakusten dutela agenteak «ez zuela autodefentsaren eraginpean jokatzen».

Benjamin Monk izena du 42 urteko poliziak eta, fiskalaren hitzetan, «gomendatutako bost segundoko fasearen iraupena baino sei aldiz gehiago luzatu zuen» pistolaren eragina.

Giltzurrunetako arazo larriak zituen futbolari ohiak kopetan bi ostikada ere jaso zituen fiskalaren arabera, gorpuan arrastoa uzteraino.

Dalian Atkinsonek Ipswich Town klubean hasi zuen bere ibilbidea, 1989an Sheffield Wednesday taldeak fitxatu zuen eta 1990/1991 denboraldian Realean jokatu zuen. Gero Ingalaterrara itzuli zen, Aston Villara, Fenerbahçen, Turkian, Saudi Arabian eta Hego Korean jokatu aurretik.