NAIZ

Donostiako olatu artifizialen proiektuaren aurka agertu dira Gipuzkoako hainbat surflari

Gipuzkoako hondartza guztietako hainbat surflarik Antondegin eraiki nahi duten olatu artifizialen instalazioaren aurkako mugimenduarekin bat egin dute eta hamabost argudioko agiria plazaratu dute beren arrazoiekin.

Olatu artifizialen instalazioaren aurkako pegatina.
Olatu artifizialen instalazioaren aurkako pegatina.

Donostian, Antondegiko gainean eraiki nahi duten olatu artifizialen instalazioaren aurka ‘Surflarion 15 arrazoiak’ agiria sinatu dute Gipuzkoako hondartza guztietako hainbat surflarik, Antondebi Berdea - Olatuak Itsasoan kolektiboarekin bat eginez. Kolektiboko horretako partaide dira Surfrider Foundation Europe, Eguzki, Fridays for Future, Haritzalde, Parkea Bizirik, Itsas Enara eta Bizilagunekin. Gainera, erakunde hauen babesa ere badu: Greenpeace, Surf & Nature Alliance eta SEO-Birdlife-rena.

Agiria sinatu duten surflariek olatu artifizialen egitasmoa bertan behera uzteko eskatzen dute eta mobilizazioak hasiko dituztela iragarri dute, Gipuzkoako surflarien komunitateari, eta «oro har gipuzkoarrei eta bai bereziki donostiarrei, proiektuaren inplikazio eta ondorio negatiboen berri emateko».

Sinatzaileek instalazioaren aurka plazaratu dituzten argudioak irakurri eta aintzat hartzeko eskatu nahi diete Eneko Goia alkateari, udal talde politikoetako ordezkari guztiei eta alderdi horietako Gipuzkoako zuzendari eta militante guztiei, ziur baitaude «arrazoiz eta zentzu osoz» ari direla, eta Antondegin olatu artifizialak jartzeak «ondorio negatibo ugari» izango lituzkeela bai surflarientzat, bai ingurumenarentzat eta bai herritar guztientzat.

Horregatik, sinatzaileek eta informazio kanpaina hasiko dute Antondebi Berdea - Olatuak Itsasoan kolektiboak informazio kanpaina hasiko dute eta sinadura bilketa ere iragarri dute, proiektua geldiarazteko.

Surflari hauen iritziz, Antondegin eraikin nahi duten olatu artifizialen instalazioak «ez dio surflarien eskaera bati erantzuten» eta ez dio «mesederik egiten ez gizartearen interes orokorrari, ezta surflarion interesei ere». Gainera, instalazio mota horiek «surfaren artifzializazioa sustatzen dute», surflariek olatuekin duten «harreman ekologikoa aldatzen dute eta, surfaren praktika desnaturalizatzeaz gain, hari lotutako balioak eta kultura ere desitxuratzen dituzte».

Ingurumenari dagokionez, azpiegitura horrek «ondorio oso negatiboak» izango lituzkeela diote. «Ingurune natural bat suntsituko luke, Donostiako gerriko berdearen parte dena: azeriak, azkonarrak, ginetak, katagorriak eta gardulak bezalako ugaztunen habitata da, eta jateko, atseden hartzeko eta habiak egiteko eremua 109 hegazti espezierentzat, hala nola gaur egun galzorian dagoen miru gorriarentzat». Horrekin batera, «egoera onean kontserbatzen den Donostiako landa eremu bakanetako bat degradatzea ekarriko luke eta gaur egun erabiltzen den nekazaritza-lurzorua suntsitzea», eta «ur eta argindar kontsumo handia izango luke, klima larrialdi egoera honetan eta alternatiba natural bat eskuragarri dagoen tokian».

Trantsizio energetikoari dagokionez, berriz, olatu artifizialen instalazioak «atzerapauso handia» direla uste dute. «XXI. mendean, olatu naturalei probetxu handiagoa nola atera ikertzen aritu behar genuke, eta ez olatu natural ugari dauden dauden lekuetan ur eta argindar gastu handia duten olatu arti zialak proposatzen».

Sinatzaileen iritziz, gainera, itsasoaren aldamenean olatu artifzialen instalazio bat eraikitzea «zentzugabea da erabat». Izan ere, Antondegi kostatik 4 kilometrora baino ez dago. «Kantauriko kostaldeak Europako olaturik onenak jasotzen ditu urte osoan zehar, eta bertako geografiak maila guztietarako olatuak eskaintzen dizkigu».

Mota honetako azpiegiturak «Europar Batasunaren jarraibideen guztiz aurkakoak» direla ere argudiatu dute, «klima aldaketaren kontrako borrokari eta biodibertsitatearen babesari dagokienez».