Asier Robles

Etxebizitzaren arazoa plazaratu du Ernaik Bilbon egindako ekimen batean

‘Etxeak pertsonentzat, ez kapitalarentzat’ lelopean ekimena egin du gaur Ernaik Bilboko Udal Etxebizitza erakundearen bulegoaren aurrean. Gazteek bizi duten egoera agerian utzi eta maiatzaren 7ko mobilizaziora deitu dute.

Etxebizitzaren problematika salatzeko Ernairen ekimena. (Raul BOGAJO/FOKU)
Etxebizitzaren problematika salatzeko Ernairen ekimena. (Raul BOGAJO/FOKU)

‘Etxeak pertsonentzat, ez kapitalarentzat’ lelopean ekimena egin du gaur Ernaik Bilbon. Bilboko Udal Etxebizitza erakundearen egoitzaren aurrean koltxoi batzuekin jarri dira hamarnaka lagun eta performance baten bitartez etxebizitzaren arazoa azaleratu nahi izan dute.

Salatu dutenez, Bilbon 7.918 etxe huts baino gehiago daude. Eta alokairuaren batez besteko prezioa 744 eurokoa da. Gainera, Hego Euskal Herriko emantzipatzeko batez besteko adina 30 urtekoa dela eta 2021eko martxoan 16.196 gazte langabe zeudela nabarmendu dute.

Gaur egungo «larrialdi» egoeran, «etxe kaleratzeek, espekulazioak, gehiegizko prezioek... langile klasea eta bereziki gazteria miseriara kondenatzen» dutela salatu du Ernaik. Pandemiak egoera «larritu» egin duen arren, arazoa «estrukturala» dela azpimarratu du gazte antolakundeak.

«Kapitalismoak gure bizitzaren alderdi guztiak esplotatzea bilatzen du, gutxi batzuen poltsikoak bete daitezen. Konstruktorak, bankuak, funts putreak eta inmobiliariak dira horren adibide. Eskubide izan beharko lukeen hori, irabaziak lortzeko espekulazio tresna bilakatu dute», salatu du Ernaik.

Era berean, Bilboko Udala, zein EAEko eta espainiar gobernuak egin dituzte arazo horren erantzule: «Nahiago dute espekulatzaileen interes kapitalistei men egitea, hiritarron etxebizitza eskubidea lehenestea baino. Etxe kaleratzeen konplize dira».

Problematika hori heltzea «urgentziazkoa» dela nabarmendu dute eta horregatik «etxe kaleratzeak behingoz gelditzea, okupazioa despenalizatzea, alokairuaren prezioa mugatzea eta alokairua gehienez gazteon soldataren %15 izatea» eskatu dute, besteak beste.

«Gazteok ez dugu beste krisi bat irensteko eta ordaintzeko asmorik. Honen aurrean antolatzea eta borrokatzea dagokigu», aldarrikatu dute Bilboko Ernaiko gazteek.

Maiatzaren 7an mobilizazioak

Gazteak larrialdi egoeran daudela salatuko du Ernaik Hego Euskal Herriko hiriburuetan maiatzaren 7an antolatu dituen mobilizazioetan. Egoera larri hau iraultzeko formula eraldaketa soziala eta burujabetza direla aldarrikatuko du kaleetan gazte erakundeak.

Mobilizazioak 18.00etan izango dira hurrengo tokietan: Donostian (Bulebarrean), Iruñean (San Frantzisko plazan), Gasteizen (Andra Mari Zuriaren plazan) eta Bilbon (Jesusen Bihotza plazan).