Maider Iantzi Goienetxe

Irakurgai dago Wells profetikoaren ‘Hormako atea’, Joxe Mari Berasategik euskarara ekarria

Zientzia fikziozko eleberrien aitzindarietako bat da H. G. Wells idazle britainiarra (1866-1946). Film bilakatutako lan zientifiko horiengatik gehiago oroitzen da jendarteari buruzko ideia utopikoengatik baino. Alta, Wells politikoak badu zer erakutsi etorkizun itxaropentsuago bateranzko bidean.

Joxe Mari Berasategi, «Hormako atea» H.G. Wellsen liburua euskarara ekarri duen itzultzailea, Elkarren Donostiako egoitzan, lana aurkezten. (Jon URBE/FOKU)
Joxe Mari Berasategi, «Hormako atea» H.G. Wellsen liburua euskarara ekarri duen itzultzailea, Elkarren Donostiako egoitzan, lana aurkezten. (Jon URBE/FOKU)

`Hormako atea eta beste ipuin batzuk´ H.G. Wells idazle eta filosofo britainiarraren liburua euskaraz argitaratu du Elkarrek, Joxe Mari Berasategik itzulita. 1948ko Nazio Batuen Giza Eskubideen Deklarazioan eragin argia izan zuen egile honen «igarkizun eta kezken erakusgarri eder bat» da, «arin irakurri eta gozatzeko modukoa», Berasategik adierazi duenez.

Herbert George Wells Bromleyn jaio zen 1866an eta Londresen hil zen 1946an. Hagitz ospetsuak dira bere obrak. Etenik gabe inprimatu dira, adibidez, `Le Time Machine´ eta `Outline of History´. Zientziak eta hezkuntzak gizateria hobetuko zutela konbentzituta zegoen Wells, baina makinak pertsonek menderatu behar zituztela defendatu zuen eta ez alderantziz.

Joxe Mari Berasategi itzultzaileak Xabier Mendiguren editorearekin batera emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, zientzia fikzioagatik gehiago oroitzen da jendarteari buruzko ideia utopikoengatik baino. Alta, Wells politikoak badu zer erakutsi, nazioarteko lankidetzan kasu, etorkizun itxaropentsuago bateranzko norabidean.

Kritiko sozial aitortua

Kritiko sozial gisara aitortua zen. Ikuspegi profetikoa zuen. Bere abilezia literarioa ikuspegi progresista global bat garatzera bideratu zuen. Idazle futurista bezala, obra utopiko ugari sinatu zuen eta hegazkinak, tankeak, espazioan barnako bidaiak, arma nuklearrak, satelite bidezko telebista eta interneten antzeko zerbait ere aurreikusi zituen. Zientzia fikzioan, denboran barnako bidaiak, estralurtarren erasoak, ikusezintasuna eta ingeniaritza biologikoa irudikatu zituen.

Egile oparoa izan zen. Hainbat genero landu zituen: zientzia fikzioaz gain, dozenaka nobela, narrazio laburrak, kritika sozialeko obrak, satirak, biografia eta autobiografiak idatzi zituen.

Zortzi istorio, asmamenaren erakusgarri

Elkarrek plazaratutako `Hormako atea eta beste ipuin batzuk´ 1911n argitaratutako istorio bilduma bat da. Horietako lehenengoan, liburuari izenburua ematen dion narrazioan, politikari garrantzitsu batek bere damua eta samina adierazten dizkio lagun bati, umetan lorategi miragarri bat deskubritu baitzuen kalerik kale zebilela, baina harrezkero ezin izan baita bertara itzuli: bila ibili zenean topatu ez zuelako, eta ezustean lorategiko atearekin topo egin zuenetan, presatuegi bere aferekin, zeharkatu ez zuelako.

Azken kontakizunean, `Itsuen herrialdea´ izenekoan, Ande mendien artean ezkutaturiko haran sekretu bat azalduko zaigu; bertako biztanleek, denboraren joanean, ikusmena galdu zuten, baina, belaunaldiz belaunaldi, ikusmena zer zen ahaztu ere bai, eta beren bizimodurako gaitasun berriak garatu; harik eta mendizale galdu bat iristen den arte, kanpoko mundutik, bere bi begi zabalduekin…

Bi ipuin horien artean beste sei daude, gai eta giro aunitzetakoak. Idazleak, pertsonaien bihotz-barrunbeak eta gertalekuen xehetasunak deskribatuz, primeran erakusten ditu bere trebezia, asmamena eta esku fina.

Itzultzailearen erronkak

Berasategik zegoen bezalaxe itzuli du liburua. Erran duenez, egilearengana hurbiltzeko era polita da. Material pila bat dago interesa duenarentzat. 1997an `Gizon Ikusezina´ famatua euskaratu zuen Miren Arratibelek eta interneten eskura dago.

«Ustekabean etorri zitzaidan eskutara ipuin liburu hau, asko gustatu zitzaidan eta gozamen hutsez hasi nintzen itzultzen», kontatu du. Wellsek «daukan tradizio ingeles aspaldiko hori, sinpletzat jotzen den gauza asko, oraindik euskaraz gehiegi landu gabea», horixe izan du erronka itzulpen lanetan ari zela. «Adibidez, `Dinamoen jainkoa´istorioko mundu industrialeko labe garaiak, hats hotsak, xehetasun hori euskaraz ematea niri behintzat ez zait erraza egin. Gozatu dut hala ere».

Mundua berriz hezteko proposamena

Wellsek Biologia ikasi zuen eta heziketa zientifikoaren bultzadaz idatzi zituen gaztetako nobela zientifikoak. `Denboraren Makina´ (1895), zientzia, abentura eta politika nahasten ziren bere lehen eleberria, hagitz arrakastatsua izan zen, baita `Gizon Ikusezina´ (1897), `Munduen Gerra´ (1898) eta `The First Man in the Moon´ (1901). Film pila bat egin dira lan hauek oinarri hartuta.

Ondorengo bere nobelak sozialak dira. Sozialista zen eta lan politiko eta didaktikoan jardun zuen. Berasategik agertu duenez, «mundua berriz heztea proposatu zuen». Batez ere erdi mailako klasearen eta marjinatuen eskubideak defendatu zituen. `Love and Mr. Lewisham´ (1900), `Kipps, the Story of a Simple Soul´ (1905) eta `Mr. Polly´ (1910) eleberrietan umorez islatu zuen garaiko jendartea, hipokrisiaren aurka eginez. `Ana Veronica´-n emakumeen eskubideak defendatu zituen.

Lehen Mundu Gerraren ondotik, gizadiaren historia idatzi zuen hiru zatitan: `Outline of History´ (1920), irakasle izan zuen Julian Huxleyrekin elkarlanean.