NAIZ

Memoriaren haria jarraituko dutela aldarrikatu zuten hamarnaka gaztek igandean Bizkargin

Bizkargi Eguna dela eta, Larrabetzu, Zornotza, Gernika eta Mungiako hamarnaka gaztek egitarau oparoa burutu zuten aurreko igandean ‘Gaztok memoriaren haria’ lelopean. Euskal Herriak bizi duen eta aurretik duen ziklo politikoan «ardura» hartu eta antolatzen jarraituko dutela nabarmendu zuten.

Ernaiko gazteak Bizkargiko tontorrean. (Ernai)
Ernaiko gazteak Bizkargiko tontorrean. (Ernai)

Aurreko igandean, maiatzak 2, Larrabetzu, Zornotza, Gernika eta Mungiako Ernaik antolatuta, Gazteen Bizkargi Eguna burutu zuten hamarnaka gaztek ‘Gazteok memoriaren haria’ lelopean.

Maiatzaren 3a da Santikurtze Eguna, eta egun horren hurrengo igandean izaten da normalean Bizkargi Eguna. Gazte Antolakundeak bere partetik, bezperan antolatu izan ohi du azken hamarkadetan. Aurten ordea, maiatzaren 8an Sarek antolatutako mendi egoera dela, bere egitaraua astebete aurreratzea erabaki zuen Ernaik.

Iragarrita zegoen eguraldia medio, tontorrera igoera mantendu arren goian antolatutako egitaraua Larrabetzun egitea erabaki zuten azkenengo unean, eskolako aterpean.

10.00etan batu ziren herri guztietatik joandoko gazteak Larrabetzuko plazan, eta 10.20ak aldera abiatu ziren Bizkargiko tontorrerantz 60 bat gazte. Ordu eta erdi inguruan heldu ziren eta bertan talde-argazkia atera zuten, atsedentxo bat egitearekin batera. Jarraian beherantz abiatu ziren gainontzeko egitarauari hasiera emateko.

14.00ak aldera hasi zen belaunaldien arteko mahai-ingurua. Gazte Antolakundeko kide izandako Jasone Manterola eta Endika Perez eta Ernaiko Txomin Aiartza izan ziren solasean, «belaunaldi desberdinenen borrokaren arteko loturaz, memoria egitearen garrantziaz, errealatoaren gatazkaz eta aurrera begirako erronkez».

Behin mahai-ingurua bukatuta, bazkaltzeari ekin zioten, nork bere etxetik eramanda.

«Ziklo politikoan ardura»

Ondoren, ‘Mendigoxaliarena’ abestiarekin hasi zen ekitaldi politikoa, eta gudariei egindako agurra eta lore eskaintzarekin jarraitu. Poema bat irakurri ostean bukaerako hitzartzea egin zuen Ernaiko kide batek. Bertan, Bizkargi «borroka galduen lurra» dela adierazi zen.

«Hamarkadetako ondare politikoa ezabatu eta milaka militanteren eskuzabaltasuna eta konpromisoa memorian ezabatu nahi izan digu etengabe urteetan zehar espainiar Estatuak. Gazte belaunaldi berrieri ixiltasunaren eta ahanzturaren kondena ezartzen zaigu», salatu zuten.

«Franskismo ilunean herriminean lurperatuta zegoen herria biziberritu eta borrokan jarri zuen orduko gazte belaunaldiak... eta horietatik gatoz gu. Bizi dugun eta aurretik dugun ziklo politikoan ardura ere hartzen dugu eta antolatzen jarraituko dugu aurreko gazte belaunaldiek egin bezala, independentzia, sozialismoa eta feminismoaren proiektu emantzipatzailearen baitan» nabarmendu zuten.

‘Eusko gudariak’ abestuz eman zioten bukaera ekitaldiari.

Bertso saioa egon zen jarraian, Busturialdeko bertso eskolako gazteen eskutik. Egitarauari bukaera emateko Zornotzako hainbat musikarik kantaldia eskaini zuten.