Maite Ubiria

Murgiltze eredua baino, udalerrien diru ekarpena auzian Kontseilu Konstituzionalean

Euskal Elkargoan eginiko presazko agerraldian zeharka aipatu zen informazioa baieztatu da gaur asteartean. Molac legearen aurka 61 diputatuk ezarritako helegiteak ez du auzian ematen murgiltze eredua baizik eta hizkuntza gutxituan hezkuntza bermatze aldera udalerriek egin beharreko diru ekarpena.

Frantziar Kontseilu Konstituzionalak maiatzaren 22 arte du 'Molac legearen aurkako' helegiteari erantzuna emateko. (NAIZ)
Frantziar Kontseilu Konstituzionalak maiatzaren 22 arte du 'Molac legearen aurkako' helegiteari erantzuna emateko. (NAIZ)

Euskal Hirigune Elkargoak Baionan duen egoitzan iragan apirilaren 23an antolaturiko presazko agerraldian erakunde ezberdinetan jarduten duten euskal hautetsiek aho batez errefusatu zuten 61 frantses diputatuk hizkuntz gutxituak babesteko Asanblea Nazionalak oinarturiko 'Molac legearen aurka' aurkezturiko helegitea.

Prentsaurreko horretan gehiengo makronistaren kide den Vincent Bru diputatu kanboarrak zeharka azaldu zuenez, udalerriek euskarazko hezkuntza bermatzeko egin behar duten diru ekarpena jo mugan jartzeko asmoa zuten bere legebiltzar taldeko ordezkari horiek.

Gaur 'Mediapart’ek zabaldu duen informazioak -helegitearen agiria eskuratu du frantses hedabideak- hala baieztatzen du: helegitean ez da 'Molac legea' bere osotasunean zalantzan jartzen, bere 6. artikulua baizik.

Esaterako, murgiltze eredua Hezkuntza Kodean sartzea aurreikusten duen kapitulua ez dute zalantzan eman diputatuek. Artikulu hori garrantzia berezia hartzen du Ipar Euskal Herrian.

Joan zen apirilaren 22an Kontseilu Konstituzionalaren aurrean 61 diputatuk ezarritako helegitearen bidez apirilaren 8an frantses Asanblea Nazionalak onartu zuen legearen «seigarren artikulua» auzian ematen dute Macronen gehiengoaren legebiltzarkideek «Konstituzionaren hainbat oinarri» errespetatzen ez dituelakoan.

Hau da, helegitea ez du murgiltze eredua jo mugan hartzen baizik eta hizkuntz gutxituan emandako hezkuntzaren garapenari ditu publikoaren bidez sostengatzeko beharra jasotzen duen artikulua.

Hau da, bere herrian dagoen eskola frantsesa baizik ez duelako erabiltzen haurra bertze herri batera joatera behartua denean ikastetxe hori diruztatu beharko du haurraren jatorriko udalerriak 'Molac legea'ren arabera.

Orain arte udalerriaren ekarpena derrigorrezkoa ez zenez diruztatze hori ez zen bermatuta.

Hain zuen 61 diputatu horiek hori galdetzen dute Kontseilu Konstituzionalaren aurrean aurkezturiko helegitean: udalerrien borondatearen arabera uztea hizkuntza gutxituan hezkuntza diruz laguntzea.

Agiri horretan argudiatu dutenez «Konstituzioan ez da eskualde hizkuntzetan ikasteko eskubidea jasotzen» eta beraz ezin da derrigorrezkoa izan hizkuntz gutxituan emandako hezkuntza diruz sustatzea.

Izaera fakultatiboa

Kontseilu Konstituzionala berak iraganean harturiko ebazpenetan oinarritzen dira diputatuek hizkuntza gutxituan hezkuntzak «familientzat zein erakundeentzat izaera fakulatiboa duela» azpimarratzeko orduan.

Kontituzioaren 75-1 artikulua aintzat hartuta ezin dela ez eskolei ez da lurralde kolektibitatei ere inolako mandaturik eman hizkuntz gutxituen garapena bermatu dezaten uste dute helegitearen sustatzaileek.

Hizkuntza gutxituan hezkuntza sustatzea borondatearen araberako ekimena izanik ezin dela horren finanziazio publikoa derrigorrezkoa bilakatu defendatu dute, finean, aipaturiko diputatuek.

Horren ordez, ikaslea bizi den udalerria eta haurra eskolaratuta dagoen udalerriaren arteko «akordioak lantzea» proposatzen dute legebiltzarkideek.

Bistan da akordio hori gertatzen ez bada ikastetxeak, orain gertatzen den bezala, laguntzarik gabe gelditzeko arriskua ez dute Kontseilu Konstituzionalaren aurrean aukezturiko helegitean aipatzen.

61 diputatuek eskaera argia luzatzen diote Kontseilu Konstituzionalari: frantziar Konstituzioaren aurkako delakoan, ‘Eskualde hizkuntzen patrimonio babeserako eta promoziorako’ legearen 6. artikulua.

Konstituzio Kontseiluak maiatzaren 22 bitarte jakitera eman behar luke bere erabakia.

Helegitea ezartzeko erabakiak ika-mika handia piztu du Martxan alderdiaren legebiltzar taldean.

Asanblea Nazionalean onarturiko legea auzia ematea ez da inondik inora ohiko prozedura. ‘Mediapart’ek auziak eztabaida handia eragin duela auzia baieztatu du.

Hedabide digitalaren arabera helegitea babestu zuten hainbat sinatzaile damu azaldu dira, tronpatuak izan zirela esanez.

Dagoeneko apirilaren 26an 'Lettre A' hedabideak zabalduriko albisteak hautsak harrotu zituen.

Boteregunetako informazioak ematen dituen hedabide horren arabera, 61 diputatuk izenpeturiko helegitea Hezkuntza Ministaritzak zuzenduriko maniobra baten ondorio zuzena izan zen.

Hizkuntz gutxituak babesteko legearen egileak Paul Molacek Hezkuntza Ministerioaren jokabidea salatu du gaur Asanblea Nazionalean demokraziaren aurka baliaturiko azpi-jokoa deitoratuz.