NAIZ

Ultraeskuina da Alemaniak duen mehatxu nagusia, Barne ministroak baieztatu duenez

Alemaniaren segurtasuna kolokan jartzen duen mehatxu nagusia ultraeskuina da. Hala onartu du Horst Seehofer Barne ministroak. Ultraeskuina inoiz baino delitu gehiago egiten ari dela azaldu du. 2020an, 23.604 erregistratu ziren, aurreko urtean baino %5,65 gehiago.

Angela Merkel Alemaniako kantzillerra, bere bizkartzainetako batekin, igogailu batean. (John MACDOUGALL/AFP)
Angela Merkel Alemaniako kantzillerra, bere bizkartzainetako batekin, igogailu batean. (John MACDOUGALL/AFP)

Alemaniako Barne ministroak, Horst Seehoferrek, baieztatu duenez, ultraeskuina da herrialdearen segurtasunaren mehatxurik handiena. Hala erakusten du arrazoi politikoengatik egiten diren delituen gaineko urteroko txostenak. Delitu horien erdiak baino gehiago ultraeskuinak egiten ditu. Gainontzekoak, «ultraezkerrak, islamismoak eta atzerritar jatorriko ideologiek».

Seehoferrek agertu duenez, 2020an, 23.604 delitu egin zituen ultraeskuinak, aitzineko urtean baino %5,65 gehiago. «Estatistika hauek egiten hasi ginenetik ez dugu ultraeskuinaren hainbeste delitu erregistratu. Ultraeskuina da gure herrialdearen mehatxu nagusia», ondorioztatu du Barne ministroak.

Herrialdea zeharkatzen duen «odolezko lorratza»

Identifikatutako kasuetatik 3.365 indarkeriazkoak izan direla zehaztu du. «Bada odolezko lorratz bat Alemania zeharkatzen duena», erran du, eta 2020ko otsailean Hanaun, Alemania erdialdean, egindako atentatua oroitu du. Bederatzi lagun hil zituen ultraeskuindar batek.

«Hilabete gutxian ultraeskuindarrek egindako hirugarren delitua izan zen, Halleko sinagogaren aurkako erasoaren eta Walter Lübckeren erailketaren ondoren», gogoratu du Seehoferrek.

2019ko ekainean neonazi batek hil zuen Lübcke tokiko politikaria, errefuxiatuen alde lan egiten zuena, eta krimen horrek herritarrak hunkitu zituen. Urte bereko urrian, ultraeskuindar bat Halleko sinagoga batean sartzen saiatu zen, armaturik; ez zuen lortu eta kalean topatu zituen bi pertsona hil zituen.

Kezkagarria eta lotsagarria Alemaniaren historiagatik

Delitu antisemitek %15,9 egin dute gora. Barne ministroarentzat, hori «ez da kezkagarria bakarrik, lotsagarria ere bada Alemaniaren historia kontuan hartuta».

Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko neurrien kontrako manifestazioetan ultraeskuindarren foku berri bat ikusten dela erantsi du.