NAIZ

Aniceto Agirrebeitia Lazpita gudaria omenduko dute aurtengo Bizkargi Egunean

Datorren igandean, maiatzak 9, Bizkargi Eguna ospatuko da. Aurtengo edizioan, Aniceto Agirrebeitia Lazpita gudaria omenduko dute; bere gorpuzkiak joan den abenduan exhumatu zituzten, Bizkargiko tontorretik hurbil.

Osasun neurriek markatuko dute aurtengo Bizkargi Eguna. (BIZKARGI GOGORATUZ ELKARTEA)
Osasun neurriek markatuko dute aurtengo Bizkargi Eguna. (BIZKARGI GOGORATUZ ELKARTEA)

Bizkargi Gogoratuz elkarteak aurtengo Bizkargi Egunerako egitaraua aurkeztu du. Maiatzaren 9an izango da eta, covid-19ak eragindako egoeraren ondorioz, ekintzak moldatu behar izan ditu.

Antolakuntzak aurreratu duenez, ez da txosnarik egongo eta tontorreko ekintzak «areto» itxurako formatuan egingo dira, distantziak gordez eta musukoak erabiliz.

Egitarauari hasiera ofiziala, historian Bizkargiko erromerian lehentasuna izan duen Etxanoko Nagusiak emango dio. Ondoren, trikitilariek eta Kittu taldeak alaituko dute giroa 11.00etatik aurrera.

12.30ean ekitaldi nagusia izango da. Azaldu dutenez, bi «arima» izango ditu. Bat memoriari lotutakoa: Aurten Euskal Gudarosteko konbatean hilik suertatu zen Aniceto Agirrebeitia Lazpita, Alderdi Komunistako Esteban Salsamendi batailoiko kidea, omenduko dute. Izan ere, bere gorpuzkiak Bizkargiko tontorretik gertu exhumatu ziren joan dan 2020ko abenduaren 20an. Senideek parte hartuko dute omenaldian eta eurei laguntzeko jarraigo anitz bat osatuko da lora-eskaintza egiteko exhumazioa izan zan lekuan.

Bestea, aldiz, tradizioari eta kulturari lotutakoa: adarra, txalaparta eta alboka entzungo dira; eta Etxahun Lekue, Onintza Enbeita eta Txiplas bertsolariak ere kantuan arituko dira.

Mozioa Gabirian

Bizkargi Egun honen harira, iragan astean frankismoaren aurka borrokan hil ziren 14 pertsona ohoratzeko mozioa onartu zuen Gabiriko Udalak. Azaldu zutenez, herriko 114 gazte hainbat batailoitan sartu ziren frankisten aurka borrokatzeko. 14 hil ziren, horietatik 6 Bizkargin.

Covid-19aren pandemia dela eta, aurten gabiritarrek ez dute Bizkargira joateko aukerarik izango. Hala ere, balkoi eta leihoetan ikurriñak jartzeko deia egin diete. Eguerdi partean 14 suziri bota zituzten maiatzaren 2an, bana hildako gudari gabiritar bakoitzarengatik

Era berean, onartutako mozioaren ondorioz Gasteizko Parlamentura zuzenduko dira lehenbailehen Euskal Memoria Lege propioa onar dezaten, baita ere Hezkuntza Sailera, Eusko Gudarien gaineko Unitate Didaktiko bat egin, eta ikastetxe guztietara zabal dezaten.

«Hildako Gudari hauen inguruan senideek ez dute apenas informaziorik eskuratu, eta euren senideak non hil zituzten gutxi gora behera jakin arren, kasu gehienetan gorpuak ezin izan dituzte Gabirin lurperatu, zehazki non zeuden jakin gabe, ezin izan dituztelako berreskuratu», gogoratzen du Udalaren mozioak.