Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

I. Alvarez: «Orain arte helburura hurbiltzeko egin dugu lan, orain helburua lortu dezakegu»

Bera Berak liga irabazi dezake larunbat honetan. Nahikoa du Elx taldearen aurka puntu bat batzea garaikurra irabazteko. Txapelketa erregularra bukatzeko hiru jardunaldiren faltan, «final bat» dela adierazi du Imanol Alvarez entrenatzaileak eta larunbat honetan nahi dute lana errematatu. 

Imanol Alvarez, Gascan jokaturiko Xixonen aurkako norgehiagokan. (Jon URBE / FOKU)
Imanol Alvarez, Gascan jokaturiko Xixonen aurkako norgehiagokan. (Jon URBE / FOKU)

«Lana errematatzea falta da, sei puntutik bat lortu behar dugu. Ia-ia eginda dago baina bukatu behar dugu lana», adierazi du Bera Berako entrenatzaile Imanol Alvarezek ostegun honetan telematikoki eskainitako prentsaurrekoan. Mezu hori bera helarazi dio bere aitak ere eta beraz, taldea «topera» ikustea aurreikusten du larunbat honetan (19.00etan, ETB4) Gasca kiroldegian Elxeren aurka jokatuko duten norgehiagokan. 

Elx izan zen, hain zuzen ere, aurreko edizioko Kopatik Bera Bera kanporatu zuen taldea. Rocamoraren defentsak talde donostiarraren erasoa blokeatu zuen eta hala, Imanol Alvarezentzako denboraldiko mugarri izan den porrota jaso zuen. «Hor ikusi genuen aldaketa behar genuela, denok jarri dugu gure aldetik eta talde osatuago bat osatu dugu», adierazi du entrenatzaile ermuarrak. Dena dela, ez dute amorrurik gordetzen Alacanteko taldearekiko eta donostiarren motibazio bakarra da partida hau final bat moduan hartzea. 

«Finalek dituzten gauza positiboak dauzka neurketa honek, garaikur bat irabazi dezakegulako, baina ez dauka finalek dituzten gauza negatiborik, galduta ere beste bi aukera geratzen zaizkigulako», saiatu da azaltzen Alvarez, nahiz eta onartu duen zaila egiten zaiola azaltzea partida honekiko daukaten ikuspegia. «Hala ere, lehenengotik nahi dugu lana bukatu. Ez da erraza izango baina dinamika on batetik gatoz eta orain lortzea errazagoa da, azken jardunaldian egon daitezkeen presio eta urduritasunagatik baino», onartu du. 

Izan ere, Bera Bera momentu oso onean iristen da denboraldiko fase erabakigarrienera. Sasoi hasieran ez bezala –Kopako final-laurdenetako partida eta Superkopa galdu zituen–, ligan ez du neurketarik galdu, soilik bi berdinketa egin zituen lehen fasean eta bigarren fase honetan, arerio zuzenagoen aurka, indartsu ari da agertzen. Uste du mentalki oso ondo dagoela taldea eta hori ere balorean jartzeko modukoa delakoan dago. Era horretan, jokalariek neurketa honetaz disfrutatzea nahi du ermuarrak. 

Imanol Alvarezek bere hirugarren liga irabazi dezake larunbat honetan –bigarrena jarraian eta klubaren zazpigarrena litzateke– eta oraindik helburua lortzeke baldin badago ere, esku-eskura daukatela ere onartu du. Izan ere, «guk hiru partidetan puntu bakarra lortu behar dugu eta ez badugu lortzen ere, Rocasak bere hiru neurketak irabazi behar ditu; hau da, guri irabazi behar digu, eta irabazi behar digu hiru gol baino gehiagogatik. Ez badugu liga hau lortzen Netflixeko dokumental bat egiteko moduko porrota litzateke», laburbildu du barre artean. 

«Orain arte, helburura hurbiltzeko jokatu dugu eta orain, helburua lortzeko aukera daukagu», saiatu da laburbiltzen. Gainera, Xixoneko neurketarekin alderatuz, nabarmendu du orain beraien lana ondo egitearekin eskuratuko dutela garaikurra, pasa den astean gainontzekoen emaitzen zain egon behar zutenean: «Sentsazioa ezberdina da».

Elx, motibatuta

Bera Berak final bateko motibazioa edukiko du eta Elxek oraindik ligan garaitua izan ez den taldea mendean hartzeko motibazioarekin jokatuko du, eta normala iruditzen zaio Alvarezi: «Bera Beraren aurka bi puntu baino gehiago irabazten dute arerioek». 

Hala, Rocamorak zuzendutako taldea saiatuko da Bera Beraren ospakizuna atzeratzen. Alvarezek azpimarratu du defentsan alternatiba asko dituen taldea dela –«jokatu dezake 6-0, 5-1 edota 3-3 sistemarekin»– eta beraz, uneoro zein defentsa motarekin jokatzen dauden irakurtzea giltzarri izango delakoan da. Horretan, argi ibili beharko dute ahalik eta lasterren markagailuan abantaila egiteko: «Abantaila izanda, errazagoa izaten da horrelako taldeen aurka jokatzea, markagailuan atzetik egonez gero, baina, gauzak konplikatzen dira».

Gauza horiek konplikatzeko, gainera, Ana Martinez bezalako jokalaria dauka Elxek, Bera Bera ondo baino hobeto ezagutzen duen jokalaria, alegia (Bidebietako taldean jokatu zuen 2013tik 2017ra bitartean). Martinezen azken denboraldia izango da gorengo mailan –29 urterekin erretiroa hartzea erabaki du bizitzako beste fase batean zentratzeko– eta Alvarezen hitzetan, Elxeren jokoa menderatzen duen jokalaria da, «uneoro daki taldeak nola jokatu behar duen».

Nolanahi ere, prestatzaile ermuarra harro dago bere taldeak defentsan egiten duen lanarekin: «Aurkariak gauzak oso ondo egin behar ditu guri gola sartzeko. Nahiz eta partidan zehar momentu eskasak igaro, hauek nola gainditu azkar identifikatzen dugu eta badakigu gure defentsa-atezaina ondo egongo dela. Lortu dugun balore garrantzitsuenetarikoa da hau».