Joseba Salbador Goikoetxea

Usurbilgo Alkartasuna kooperatiba, sagardogintzaren afizioa sustatzen

Usurbilgo Alkartasuna baserritarren kooperatibak urteak daramatza sagardogintzarako tresneria saltzen eta alokatzen, ikastaroak antolatzen eta, azken finean, sagardoaren kultura sustatzen.

Asier Kortadi eta Jakoba Errekondo, kooperatibako zuzendaritza batzordeko kideak, sagardogintzari eskainitako atalean.
Asier Kortadi eta Jakoba Errekondo, kooperatibako zuzendaritza batzordeko kideak, sagardogintzari eskainitako atalean.

Gipuzkoako beste zenbait herrirekin batera, Usurbil da sagardo gehien ekoizten duen herrietako bat. Bost sagardotegi daude bertan, baina horiez gain, hogei baserri baino gehiagotan egiten dute sagardoa. Afizioa, beraz, handia da, eta horretan badu zerikusirik Alkartasuna baserritarren kooperatibak.

Kooperatiba honek 113 urteko ibilbide luzea du. 1908an sortu zen, Gipuzkoako beste herri askotan bezala, baserritar txikiei laguntzeko helburuarekin, batez ere lehengai eta materialen hornikuntzari dagokionez.

Denborarekin, eta nekazaritza indarra galtzen joan zen neurrian, kooperatiba asko desagertu egin ziren, baina ez Usurbilgoa. Azken 25 urteetan, gainera, bilakaera sakona jasan du eta mota honetako kooperatiben artean indartsuenetakoa bilakatu da. Guztira eskualdeko 129 bazkide ditu eta mota guztietako tresneria eta zerbitzuak –gasolindegia barne– eskaintzen ditu Atallu industrialdean.

Asier Kortadi eta Jakoba Errekondo kooperatibako zuzendaritza batzordeko kideak dira, eta ondo ezagutzen dute Usurbilen sagardoak duen garrantzia. «Hemen etxe askotan egiten da sagardoa, eta santomasetan antolatzen den txapelketa herrikoian hogeitik gora partaide aurkezten dira urtero, eta batzuetan dezente gehiago. Horrek esan nahi du badagoela etxean sagardoa egiteko afizioa», esan du Errekondok.

Enologia munduko tresneria

Sagardogile txiki horiei laguntzeko asmoz, Alkartasuna kooperatibak lan handia egiten du urte osoan zehar, alde batetik, sagardogintzarako tresneria saldu eta alokatzeko. «Gaur egun ekoizpen prozesuak asko aldatu dira eta sagardogile txikientzako oso konplikatua eta garestia da enologia munduko tresneria eskuratzea. Horregatik pentsatu genuen alor hori hornitzeko atal berezia prestatzea. Egia esan, ikaragarrizko arrakasta dauka eta erreferentzia bilakatu da Gipuzkoatik kanpo ere».

Beste alde batetik, kooperatibak berak sagardogintzaren inguruko hainbat ikastaro eta ekitaldi antolatzen ditu urtean zehar, “Sagarrondotik sagardora” izenburuarekin. «Orain dela hamahiru urte hasi ginen, ehun urte bete genituenean hain zuzen, eta geroztik sagardogintzari buruzko formazioa eskaini dugu urtero-urtero. Horrelakorik ez dago Euskal Herri guztian, eta guretzat garrantzi handia dauka horrek, sagardoaren inguruko jakintza zabaltzen laguntzen duelako», nabarmendu du Errekondok.

Ikastaro hauek ere erreferente bihurtu dira Euskal Herri osoan eta, Asier Kortadik dioenez, «jende asko etortzen da Nafarroatik, Arabatik, Iparraldetik, baita Kantabriatik ere».

Horiekin batera, beste hainbat ekitaldi antolatzen dituzte, esaterako, “Sagastiak loretan” izeneko bertso-ibilaldiak, sagar dastatzeak eta erakusketak, sukaldaritza jardunaldiak…

Lan horri esker, sagardogintza zaletasuna gero eta handiagoa da Usurbilen. «Ikastaro eta jardunaldiek giro berezia sortzen dute urte guztian zehar, eta materiala ere hemen egoteak gazte jende asko animatzen du sagardoa egitera».

Azkenik, kooperatibak berak sagarrekin egindako muztioa eta sagar-dultzea ekoizteko enpresa txiki bat dauka, marka propioarekin ekoizten eta merkaturatzen dituena. Horiekin batera, herrian egiten diren kalitatezko produktuak ere saltzen dituzte. «Garai batean hemen ez zen janaririk saltzen, asko jota ardoa, ez zelako erraza izaten eskuratzea, baina egun denetarik saltzen da: gazta, txerrikiak, eztia, lekaleak, produktu ekologikoak, eta tartean inguruko baserritarrek ekoizten dituztenak».

Kooperatibako bazkideek  hainbat deskontu badituzte ere, Alkartasunako denda herritar guztientzat dago irekita, eta horretarako akordio bat sinatua du Usurbilgo dendarien elkartearekin, bere bezeroek ere abantailak izan ditzaten kooperatiban.