Maitane Aldanondo

Espazioak sortu, praktikotasunetik abiatuta

Beharrak bultzatuta, bulego, jolastoki edota gimnasio bilakatu dira etxeetako zenbait txoko, eta batzuetan leku bakarrean zeregin bat baino gehiago egin behar izaten dugu. Azaleratutako gabezia batzuen aurrean begiak ixtea ezinezkoa da eta erreformak egiteko garaia heldu dela erabaki dute askok.

Konfinamenduak bultzatuta, leku bakarrean zeregin bat baino gehiago egin behar izaten dugu.
Konfinamenduak bultzatuta, leku bakarrean zeregin bat baino gehiago egin behar izaten dugu.

Habitissimo plataformak iazko maiatzean zabaldutako txosten baten arabera, espainiar Estatuko herritarren %62k etxea hobetzeko lanak gauzatzeko asmoa zuten itxialdia amaitu ondoren. Esan eta egin. Joera hori oso agerikoa zaie erreformen eta dekorazioaren arloan diharduten profesionalei. Azken urtean zuzenean nabaritu dute gorakada, bai beraien eskaria hazi egin delako, bai hornitzaileek nahiz gremioek zailtasunak dituztelako ohiko zerbitzua emateko.

Hala bizi dute Donostiako Apal Estudio-ko arduradunek, Jexux Romero eta Patricia Achonek. «Itxialdia amaitu zenean, piko oso altu bat egon zen altzarien salmentan, eta ondoren, beheraldi moduko bat, eta gero, erreformak hasi dira. Lan karga handia daukagu, gremioak lepo dabiltza eta hornitzaileek epeak bikoiztu dizkigute. Eta kontuan izanda positibo bat egonez gero protokoloak lantaldea etxean gelditzera behartzen duela...», azaldu du Romerok.

Urrian zortzi urte beteko dira ateak zabaldu zituztenetik, diseinua kaleko jendeari salneurri ordaingarrian eskaintzeko asmoz. Espektro osoa hartzen dute. Lanparak, papera, gortinak eta dekoraziorako beharrezkoak diren elementuak salgai dituzte dendan, gauza bakar bat edo batzuk behar dituztenentzat; eta diseinua ere nahi dutenei prozesu osoa eskaintzen diete: proiektua, gremioen koordinazioa eta gunerako behar diren altzariak. Barne-diseinatzaileak honela azaldu du: «Oso interesgarria da guztia hemen erabakitzen dugulako. Dendan denetarik daukagu: azulejoak, gainak, sukaldeak, komunak... Laginak ditugu eta bezeroak ez du batetik bestera ibili behar». Batzuek halakoetan ibiltzea gustuko badute ere, gehienek denbora gutxi dute; horregatik, zeregin horien ardura hartuko duen norbait izatea nahiago dute.

Ohikoena erreforma eta dekorazioa elkarri lotuta joatea da. Azken hilabeteetan etxebizitza osoaren egokitzapenak ohi baino gehiago egiten ari dira, salerosketa asko daudelako; bestela, aukera duten heinean egiten joatea nahiago izaten dute bezeroek. Aipatu txostenean, galdetegia erantzun zutenetako %61k sukaldea berritzeko asmoa zuten eta %35k, komuna. Romeroren ustez, «egia da horien estiloa berritzen baduzu, asko eragiten diola etxeari, elementu nahiko finkoak direlako, ez direnak oso maiz aldatzen. Aldi berean, instalazio asko dute eta horiek eguneratuta izatea lasaitasun handia da».  

Eskatutakoaz harago joan

Alderdi teknikoa eta estetikoa lantzen dituzte, «kode guztiak baliatzen ditugu emaitza interesgarri edo egoki bat egiteko, pertsonaren arabera». Horren aurretik, ordea, diseinua sortu behar dute. Praktikotasuna da gakoa, eta hori kontuan hartuta, bezeroak eskatzen dizkien baldintzak betetzea. «Nahi duena zure airera egiten duzu; bezeroak gauza bat eskatzen du bere ezagutza eta mugatik», argitu du Romerok. Mahai bat behar duela esanda, idazteko toki bat interpretatu behar du diseinatzaileak eta ohol horrek hankak izan ditzake, hormari lotuta egon edo sabaiari lokarri batzuekin.

Esan ez duena ere eskaini behar dio, hala ulertzen duelako bere zeregina. «Jende askok nahi du nik proposatzea berak buruan zeukana, baina orduan ez nau behar. Proposamen leiho bat ireki behar dut eta erabakiko du hortik joan nahi duen edo ez». Ohitura-animaliak izanda, kanpoko begirada lagungarria izaten da zenbait aukera edo hutsune atzeman eta haien araberako guneak sortzeko. Ideia adostuta dutenean, estetika, materialak... erabakitzen dituzte.

Arlo honetan ere modak badira, baina Apaleko arduradunek galbahetik pasatzen dituzte hornitzaileen berritasunak, «dosifikatuta» ematen diote informazioa bezeroari. Iraunkorrak diren gauzak proposatzen ahalegintzen dira, hemendik hamar urtera oraindik balioko dutenak, eta arriskatu behar bada, jakin non. «Zoruan edo gutxi aldatuko den zerbaitetan saiatu ez arriskatzen, apustua egin ezazu nekatuz gero hemendik hiru urtera alda dezakezun zerbaitetan. Papera edo kolore bat aldatzea erraza da, kuxinak...».

Materialei dagokienez, berriz, «betikoak» erabiltzen dituzte: azulejoa, zeramika, egurra edo horren ordezkoa den laminatua. Beste leku batzuetan erabiltzen diren materialak barneratzea, ordea, ez da erraza. «Oraintsu linoleumezko lurra jarri dugu etxe batean. Elementu naturala da, Europan, 1960ko hamarkadatik erabiltzen dute, baina hemen asko kostatzen da”.