Jon Ormazabal

Larralde anaiek elkarri jantzi diote Berezkoen Binakako txapela Baionan (40-28)

Finalaren lehen erdian Intxauspe eta Peio Gixandut aurretik izan badira ere, Bixente Larraldek gora egin du bere jokoan eta Peio on batek lagunduta buelta eman diote partidari.

Bixente eta Peio Larralde, txapelekin podiumean gorenean, Intxauspe eta Peio Gixanduti irabazi ostean. (MEDIABASK)
Bixente eta Peio Larralde, txapelekin podiumean gorenean, Intxauspe eta Peio Gixanduti irabazi ostean. (MEDIABASK)

Gutxitan izaten dute bi anaiek lehen mailako txapelketa bat elkarrekin jokatzeko aukerarik, are gutxiago txapela elkarrekin janztekoa eta izandako lehen aukerari ez diote ihes egiten utzi Peio eta Bixente Larraldek eta 2021eko Berezkoen Txapelketa irabazi dute, Intxauspe eta Gixanduti 40-28 irabazita, Baionako Modernen jokatu den finalean. Iaz bakoitzak bere aldetik lortutako garaipenak, aurrelariak lehen mailan eta bigarrengoan atzelariak, batera lortzeko modua izan dute hazpandarrek. Bosgarren txapela du Peiok, lehena lehen mailan Bixentek.

Lehiaketa aurkeztu zen egunetik txapela janzteko faborito handienetakoak ziren Larraldetarrak eta azkenerako pronostikoak betetzea lortu ahal izan dute, ez ordea sufrimendurik gabe. Finalerdietan Darmendrail-Lamberten aurka asko sufritu ostean (40-38 nagusitu ziren), Intxauspe eta Peio Gixandutek ere ez dizkiete gauzak batere erraz jarri, batez ere partidaren lehen erdian, Baionako Modernen jokatutako finalean.

Lehen mailako lehen finala zuen gaurkoa Bixente Larraldek eta kosta egin zaio partidan sartzea. Eskarmentu hori eta finalerdietako partida jokatu behar izanak emandako freskotasuna probestu dute Intxauspek eta Gixandutek lehen abantailak lortzeko eta markagailuan aurretik heldu dira lan erdietara, beti ere alde ez oso handiekin.

Baina Larraldetarrek gora egin dute hortik aitzina, Peiok finalari eusteko gaitasuna izan du hasierako krisi momentuetan eta anaia gazteari behetik gora etortzen lagundu dio. Boteekin ere asmatu du Peio Larraldek, azkenerako 9 tanto egin ditu lehen pilotakadarekin eta bakar bat ere ez Intsauspek eta jokoa erabat aldatu finalaren amaieran eta merezitako garaipena eskuratu dute hazpandarrek.