NAIZ

Margaret River Pro 2021: aldaketa gutxi lehen postuetan

Gaur amaituko da Margaret River-eko txapelketa. Itzelezko olatuak izan dira. Ez da aldaketa nabarmenikizango rankingetako lehen postuetan, baina hirugarren postutik behera aldaketa ugari izango da.

Johane Defay surflaria, Margaret River-eko txapelketan. (WORLDSURFLEAGUE.COM)
Johane Defay surflaria, Margaret River-eko txapelketan. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Litekeena da irakurlea artikulu hau irakurtzen ari den unean Margaret Riverren azken txandak egiten egotea, edo jada Margaret Riverreko irabazleak izendatuta izatea. Izan ere, hiru eguneko geldialdiaren ostean, maiatzaren 10ean lehiaketari berrekiteko asmoa zutela iragarri zuten WSLko arduradunek. Aldiz, Australia mendebaldearen eta Euskal Herriaren artean 6 orduko aldea dago.

Hau da, Euskal Herrian goizaldeko ordu biak zirenean Margaret Riverren goizeko zortziak ziren eta ordu horretan txapelketa hasi bazuten, eta egin beharreko txanda guztiak jarraian egin badituzte, sei orduren buruan txapelketa amaituko zuten. Aldiz, lehiakideek atseden hartu ahal izateko geldialdiak egin badituzte, gaur goizean zehar egingo dituzte nesken zein mutilen finalak.

Margaret Riverreko txapelketa hasi zenetik sekulako olatuak izan dira. Zalantzarik gabe, WSL zirkuituko aurtengo laugarren txapelketa orain arteko hoberena izan da. Olatu handiak eta indartsuak, mendean hartzeko zailak; alegia, zaleek munduko surflari hoberenak surf egiten ikusteko eskatzen dituzten baldintzak. Halakoetan erakutsi behar izaten dute WSLko lehiakideek lehen mailan egotea zergatik merezi duten.

 

Carissa Moore

Nesken rankingean hemendik aurrera edozer gertatzen dela ere, Carissa Moore hawaiiarrak jarraituko du WCT rankingeko buru izaten, baita kaleratua bada ere, dagoeneko bildu duen puntu kopuruarekin ez baitago Margaret Riverreko txapelketa irabazita ere lehen postua eskuratzeko aukera duen lehiakiderik finalerdietara iritsi diren surflarien artean.

Aldaketa esanguratsuenak bigarren postutik behera gertatuko dira WCT rankingean. Newcastlen irabazi ostean bigarren postuan zen Caroline Marks hirugarren errondan kaleratu zuten; beraz, rankingean behera egingo du. Haren lekua Tatiana Weston-Web brasildarrak edo Stephanie Gilmore beteranoak har dezake; bi lehiakideok izango dira bigarren eta hirugarren postura igoko direnak, hurrenkera oraindik argi ez badago ere.

Ezusteko beste emaitza bat Tyler Wrightena izan zen. Bi bider munduko txapeldun izandakoa (2016 eta 2017. urteetan) final-laurdenetan kaleratu zuten eta, ondorioz, rankingean zuen laugarren postua galduko du. Edonola ere, Wright sekulako ahalegina egiten ari da, oinean izan zuen lesio batetik oraindik guztiz osatu gabe lehiatzen ari baita.

Horrez gain, Margaret Riverren bikain aritu diren bi lehiakide nabarmentzekotan Joahne Defay eta Bronte Macaulay aipa daitezke. Johane Defayk ez du aurtengo itzulian oraindik emaitza esanguratsurik lortu, baina txanda batzuetan itzelezko puntuazioak eskuratu ditu. Bronte Macaulay australiarrak ere orain artean ez du emaitza garrantzitsurik lortu, baina Margaret Riverren finalerdietara iritsi da, eta soilik horri esker postu batzuk gora egingo ditu ranking orokorrean.

 

Medina vs Ferreira

Mutilen rankingean lehen bi postuetan gerta daiteke aldaketa. Medina laugarren errondan kaleratu zuten; beraz, Ferreirak irabazten badu, eta soilik irabazten badu, rankingeko lehen postua berreskuratuko du eta Medina bigarren postura itzuliko da. Edozer gertatzen dela ere, hirugarren postuan den John John Florencek hirugarren postuan jarraituko du, baita finalerdietara iritsi ostean belauneko lesio bategatik txapelketa utzi eta Hawaiira itzuli behar izan badu ere.

Hawaiiarra zen Margaret Riverren faborito. Urautsi australiarrean urtero sekulako ikuskizuna eskaintzen du eta aurtengoan ere bikain ari zen. Txapelketa irabazteko aukera gehien zuen lehiakidea zela zirudien Florencek, baina azken unean lehiaketa utzi eta etxera itzultzea erabaki du belaunean duen lesioa ahalik eta azkarren sendatu eta hurrengo lehiaketan parte hartu ahal izateko.

Gauzak horrela, aldaketa nagusiak laugarren postutik behera dauden lehiakideen artean gertatuko dira. Hirugarren, laugarren eta bosgarren postuan ziren Kanoa Igarashi, Conner Coffin eta Norgan Cibilic lehiakideek ranking orokorrean behera egingo dute, guztiak kaleratuak izan baitziren. Aldiz zazpigarren, zortzigarren eta bederatzigarren postuan ziren Jordy Smith, Filipe Toledo eta Griffin Colapintok gora egingo dute. Gainera, azken hau final-laurdenetan lehiatu gabe pasatu ahal izan zen finalerdietara, zeren John John Florencen aurka lehiatu behar zuen eta hawaiiarrak belauneko lesioa sendatzeko txapelketa utzi zuenez Colapinto zuzenean pasatu zen finalerdietara.

Kontuan hartu behar da lehiakideen helburua lehen bost postuen artean egotea dela; izan ere, lehiaketa formatu berriarekin, WSL titulua ez du irabaziko denboraldi amaieran puntu gehien dituenak, irailean Trestlesen jokatuko den «final handia» irabazten duenak baizik. Ondorioz, lehiakideen helburua Trestleseko finalean parte hartuko duten bost lehiakideen artean egotea da, baita nesken kategorian ere.

 

Rottnest Island

WSL zirkuituko 5. txapelketa Australia mendebaldeko Rottnest uhartean jokatuko da. Rottnest Islands Perth hiriburuaren parean dago, kostaldetik hemezortzi kilometrora, Indiako Ozeanoan. Guztira, 63 hondartza ditu uharteak eta surf egiteko leku oso onak ditu, baina esan daiteke surflari gehienentzat leku ezezaguna dela.

CT mailako txapelketa bat bertan egingo den lehen aldia izango da eta ikusmin handia sortzen ari da zaleen artean. Gainera, itsaski sendoak maiz izaten dituen eremuan dago uhartea.

Maiatzaren 16tik 26ra bitartean gauzatuko da Rip Curl Rottnest Search txapelketa eta Australian egingo den WSL itzuliko azken lehiaketa izango da. Horren ostean Kalifornia aldera joko dute lehiakideek, Kelly Slaterren olatu-igerilekuan lehiatzera.