NAIZ

Musikariek lanbidea ikusarazteko kanpaina hasi dute: #soloesmúsica

10.000 profesionalek bat egin dute musikarien lanbidea ikusarazteko eta musikak txerto emozional gisa duen boterea azpimarratzeko kanpainarekin. Artistaren Estatutua premiaz garatzea, interneten partekatzen duten lanagatik bidezko ordainsari bat izatea eta behar bezalako laguntzak eskatzen dituzte.

«Musikariak ez gara inor baino gehiago, ezta gutxiago ere. Egiten dugun musika bihotzera iristen da, odola bezala, eta gero oinak arintzen dizkigu, ardo onak bezalaxe». Hala hasten da 10.000 profesionalek babestutako manifestua. Tartean Martirio, Fito Cabrales, Rosendo, Manolo García, Najla Shami, Nacho Campillo, Esperanza Fernández, Aurora Beltrán eta Gontzal Mendibil.

Sentsibilizazio kanpaina honek #soloesmúsica du izena eta musikagintza gure bizitzen ezinbesteko parte integratzaile gisa kokatu nahi du. Musikariaren paperari buruzko hausnarketa proposatzen du eta, aldi berean, jendarteak bere lanarekiko duen errespetuari buruzko eztabaida sustatu nahi du. www.soloesmusica.com webgunearen bidez bideratzen ari da, eta sare sozialen bidez ere garatuko da aurrerantzean.

Beste material batzuen artean, kanpainan dagoeneko musikari ugarik grabatutako bideoak daude. Horietan, profesional horiek beren musika-oroitzapen intimoenetako batzuk azaltzen dituzte, herritarren eta gobernuaren kontzientziari dei egiten diote, sektoreari covidaren pandemiak sortutako egoera korapilatsu hori gainditzen edo musikak beren bizitzetarako zer suposatu duen azaltzen lagun diezaieten.

Adibidez, Diego Vasallo konpositore eta interprete donostiarrak aitortu duenez, ia lau hamarkadako ibilbide profesionalaren ostean, «musikak bizitza osoan hainbeste zergatik hunkitzen eta laguntzen gaituen argitzen» saiatzen jarraitzen du. Aurora Beltran abeslari, gitarrista eta konpositore nafarrak, bestalde, bere lehen gitarrak, bere aitak oparitu zionak, zazpi urterekin gaixotasun arraro bat hartu eta bi urte luzez erabat geldirik eduki ondoren bizia salbatu ziola azaldu du: «Salbatu ninduen, amaigabeko une horietatik salbatu ninduen. Agian musika besterik ez zen izango, baina zer ez da musika».

Manifestua eta mezu nagusiak

«Zuek nahi duzuen gauza bera nahi dugu: arnasa hartu, lan egin, merezi duguna kobratu fakturak garaiz ordaintzeko; ondoko tabernako terrazan lagun onekin gozatu, aparteko herrialde hau berreraikitzen lagundu; hunkitu eta hunkiarazi, harritu eta pozez negar egin, inoiz amestu genuena baino gehiago partekatzen dugula jakinda. Guk, musikariok, geure era pertsonalean adierazten dugu: instrumentuarekin, ahotsarekin, hitzarekin». Hala dio manifestuaren parte batek.

Hiru mezu nagusi zabaldu nahi dituzte. Lehena: «Gure Estatutua gure etorkizuna da. Artistaren Estatutua premiaz garatu beharra dago, bertako araudiak kontratazioaren arazo estrukturalak konponduko dituelako: Gizarte Segurantzako kotizazioak, fiskalitatea, edozein motatako pentsioekin bateragarritasuna, eta abar».

Bigarrena: «Bidezko internet bat nahi dugu. Mundu digitalean egin eta partekatzen dugun gure lanagatik bidezko ordainsari bat behar dugu. Internet oso erreminta baliogarria den arren, musikariek jasotzen ditugun egile eskubideek bidezkoak izan behar dute. Gaur egun, musikarientzat internet prekaritatearen sinonimoa da».

Eta hirugarrena: «Laguntza behar dugu. Normaltasuneran bueltatzen ez garen arte, behar bezalako laguntzak bideratu behar dira; musikarien errealitateari erantzuten diotenak».