NAIZ

Bilboko Argiak enpresa-elkarteko langileek ekainaren 15era arte luzatu dute greba

Bilboko Udaleko argiteriaren mantentze-lanetan lan egiten duen Bilboko Argiak aldi baterako enpresa-elkarteko langileek maiatzaren 4an hasitako greba ekainaren 15era arte luzatzea erabaki dute.

Bilboko Argiak enpresa-elkarteko langileen elkarretaratzea. (ELA)
Bilboko Argiak enpresa-elkarteko langileen elkarretaratzea. (ELA)

Bilboko Argiak aldi baterako enpresa-elkarteko (ABEE) langileek iragarri dute greba ekainaren 15era arte luzatuko dutela. Langile hauek Bilboko Udaleko argiteriaren mantentze-lanetan dihardute, eta maiatzaren 4tik daude greban hitzarmen duin bat lortzeko eta enpresak kaleratutako langile bat berriro kontratatzeko.

ELA sindikatuak ohar baten bidez azaldu duenez, azken egunetan langileen ordezkariek bilerak egin dituzte ABEEko zuzendaritzarekin, baina ez dira akordio batera heldu. «Zuzendritzak berriz ere erakutsi du langileen erreklamazioak negoziatzeko borondaterik ez dutela».

Langileek Bilboko Udalaren jakinarazpen bat jaso dutela esan du sindikatuak eta ez dela haiekin bilduko esan omen die. «Erabaki hori ulertezina eta arduragabea da», azpimarratu du ELAk.

Hala ere, langileek argi utzi dute borrokan jarraituko dutela lanpostuak defendatzeko eta bermatzeko, eta lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat lortzeko. Horregatik, ekainaren 15era luzatu dute greba eta mobilizazioak iragarri dituzte.

Duela bi hilabete sindikatuek Bilboko Argiak enpresak grebarako eskubidea urratu zuela salatu zuten, plantillako kide ez diren langileek ekitaldiak muntatzeko lanak egiten harrapatu zituztenean.