Gipuzkoako egoitzetan greba deitu dute ELAk eta LABek, lan baldintzak hobetzeko helburuarekin

LABek covid-19ak sortutako osasun krisiak helduen egoitzetako langile eta egoiliarren kontra modu bortitzean jo duela salatu eta «lan baldintzak duindu» eta «zerbitzua hobetzeko» greba deitu du maiatzaren 20rako. Egun berean ELAk ere greba egingo du, eta ekainaren 14an ere lanuzterako deia egin du.

LABek eta ELAk deituta, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek greba egin zuten otsailean, lan baldintza duinak eskatzeko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen zerbitzua hobetzeko. (Andoni CANELLADA | FOKU)
LABek eta ELAk deituta, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek greba egin zuten otsailean, lan baldintza duinak eskatzeko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen zerbitzua hobetzeko. (Andoni CANELLADA | FOKU)

LAB sindikatuak greba deitu du Gipuzkoako egoitzetan maiatzaren 20rako, lan baldintzak duindu eta zerbitzua hobetzeko helburuarekin. ELAk ere 24 orduko greba deitu du egun horretarako, eta ekainaren 14an ere lanuztea egiteko deia egin die egoitzetako langileei.

LABek covid-19ak sortutako osasun krisi honek helduen egoitzetako langile eta egoiliarren kontra modu bortitzean jo duela salatu du eta, «ulergaitza» eta «bidegabea» izan arren langileentzat egoerak berdin jarraitzen duela gogoratu du, 2012 urtetik herrialdeko hitzarmenik gabe eta ratio «ez nahikoekin» jarritzen dutela gaineratuz.

Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundia Agenda 30 trantsizioko gizarte politikak epe luzean landuko dituen programa bat lantzen ari da, baina, LABen iritziz, «ez du hitz egin nahi momentu honetan pairatzen ari garen benetako eta arazo larriei buruz». Izan ere, sindikatuak egoera honek ratio urriak izateagatik langileen lanaren kalitatea eta egoiliarren bizi-kalitatean eragin zuzena duela azaldu du.

«Zer gehiago gertatu behar da helduen egoitzetako sisteman aldaketak egoteko? Noiz hasiko da Gipuzkoako Foru Aldundia bere ardura onartzen eta behar diren pausuak ematen egoera aldatu dadin? Gipuzkoar guztion diruarekin aberasten ari diren sektoreko patronalak eta enpresak noiz hasiko dira herrialdeko hitzarmenari dagokion garrantzia ematen?», salatu du sindikatuak.

Hala, langileak lanera joateagatik gaixotzen ari direla, lan karga eta lan erritmoek handitzen jarraitzen dutela eta enpresetan legeak behartzen duen lan arriskuen ebaluazioak ez direla egiten ari nabarmendu du LABek.

«Ezin dugu onartu egoiliarrek eta langileek bizi duten egoera gogor hau denbora gehiagoan luzatzea, denon ardura delako zaintzan oinarrituta dagoen zerbitzu sozial hau defendatzea, jendartearen ardura delako pertsona hauen ongizatea», gaineratu du.

Ildo horretan, helduen egoitzetako langileek «beraien eskubideen defentsan borrokan» urte larregi daramatela azpimarratu dute, nahiz eta euren greba eskubidea «%100eko zerbitzu minimoekin behin eta berriro urratuta izan den».

Langileez gain jendartea aktibatzeko garaia dela uste du LABek eta horregatik dei egin du antolatu diren mobilizazioetan parte hartzera.

Helduen egoitzetako sistema «publikoa, doakoa, unibertsala eta pertsonak erdigunean jarriko dituena» aldarrikatuko dute mobilizazio horietan, eta hori lortzeko Gipuzkoako gizarte guztiaren parte-hartzea ezinbestekoa dela azaldu du sindikatuak.

ELA: «Aldundia ez da gai langileekin elkartzeko»

ELAk, bestalde, azken bi urteetan Diputazioari biltzeko eskaera ugari egin ondoren, langileek oraindik erantzunik jaso ez dutela salatu du. Egoera horren aurrean, langileak apirilean bildu ziren Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politikoekin.

«Bilera hauek gure irakurketa helarazteko baliatu genituen. Covid-19aren aurrean hartzen ari diren neurriei buruz solastu ginen, eta bi aldeen arteko bilera bat errazteko bitartekari lanak egin zitzatela eskatu genuen. Ulertezina da demokrazia batean erakundeetako ordezkariek biltzeko eskubidea ukatzea gatazkan dauden langileei», salatu du sindikatuak.

ELAren irakurketa argia da: «Pandemian gure bizitzak arriskatu genituen, eta hori egin izanaren ordaina umiliatzea, alde batera uztea eta balioa galtzea da. Badakite erresidentzien ereduak huts egin duela eta hura aurrera ateratzeko gure mende daudela, langileon mende. Horregatik esplotatuak eta menderatuak behar gaituzte eredu hura iraunarazi ahal izateko. Gu, pertsona ahulenen bizitza eta heriotza zaintzen dugunok, kudeatzen dutenek abandonatuta gaude. Baina argi daukagu: guk borrokan jarraituko dugu, %100eko Gutxieneko Zerbitzuak gorabehera, patronalek eta enpresek hildakoen banaketa ehorztetxeekin adosten dutela, gobernariek funts putreak babestu eta negozioz hornitzen dituztela... ».

Maiatzaren 20an eta ekainaren 14rako deitu dituzten greba egunetan helburuak berberak izaten jarraitzen duela azaldu du ELAk: «Sektore honetan bizitza zaintzen duten langileak duintzea eta baloratzea eta gure adinekoei kalitatezko zerbitzua ematea».

«ELAko langileak, beti esan dugun bezala, gatazka honen konponbidearen parte gara. Aldundia, sektorea finantzatzen duena, ez da gai bi urtean langileekin eta patronalekin elkartzeko. Onura ekonomikoaren alderdi interesatua da, baina ez dute ezer egiten hitzarmena negoziatzeko», nabarmendu dute.