NAIZ

Langile bat hil da Basauriko enpresa batean izan den istripuan, teilatutik erorita

Langile bat hil da gaur goizean Basauriko Arteagoiti poligonoan dagoen enpresa batean izan den istripuan. Antza denez, teilatua konpontzen ari zela erori egin da.

Lan istripuen aurkako mobilizazioa, Lan Osasunaren egunean. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
Lan istripuen aurkako mobilizazioa, Lan Osasunaren egunean. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Basauriko Areagoiti industriagunean dagoen Congelados Acenomar enpresan lan istripua izan da gaur goizean eta langile bat hil da, Lakuako Segurtasun Sailak berri eman duenez

Ezbeharra goizeko 9.40 aldera gertatu da; ordu horretan larrialdi zerbitzuek abixua jaso dute enpresa horretan lan istripua gertatu dela. Antza denez, langilea enpresaren teilatuan konponketa lanak egiten ari zen eta erori egin da, oraingoz argitzeke dauden arrazoiak tarteko. Bertan hil da.

Sindikatuen salaketa

ELAk jakinarazi duenez, hildakoa mantentze-lanetarako azpikontrata bateko langilea zen. Congelados Acenomar enpresak 30 langile inguru dituela zehaztu du, eta mota guztietako elikagai izoztuen banaketa da bere egiteko nagusia.

Langilearen senide eta lagunei elkartasuna adieraztearekin batera, ELAk salatu du administrazio publikoak ez direla «behar bezala» lan egiten ari «gaitz hori behingoz geldiarazteko». «Ez dira behar adina neurri hartzen ari ezbehar tasa ikaragarri hau murrizteko. Langileen bizitzak ez du ezer balio, prebentzio zerbitzuen lanak ez dira nahikoak, eta prebentzioari buruzko legea betetzen ez bada, zigorrak, egotekotan, oso txikiak izan ohi dira. Gainera, lan baldintzen prekarietatea eta azpikontratazio tasa handia, kasu honetan ere argi ikusten dugun bezala, zuzenean lotuta daude arazo larri horren jatorriarekin».

LABek, halaber, salatu du erorikoen ondorioz izaten diren istripu hilgarriak urtero errepikatzen direla, baina ez dela prebentzio neurririk hartzen. «Horregatik, irmoki salatzen dugu azken istripu hau eta altueratik erorita gertatzen diren istripu hilgarri guztiak; izan ere, prebentzio neurri egokiak hartuta saihestu daitezke», agertu du.

Istripua ikertzea, erantzuleak seinalatzea eta erantzukizunak argitzea eskatu du sindikatuak. «Istripu hilgarriek lan prekarietatearen aurpegirik bortitzena erakusten dute. Istripuak enplegu eta lan baldintza eskasen, azpikontratazioaren eta benetako prebentzio faltaren eta babes neurrien ondorio zuzenak dira», gaitzetsi du, eta erakunde eta gobernuei exijitu «beste alde batera begiratzeari utzi» eta lan osasuneko politikak «errotik aldatzeko».

ELA eta LABen datozen orduetan iragarriko diren mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.