Jon Ormazabal
Elkarrizketa
Beñat Urretabizkaia
Baikoko pilotaria

«Arazoak arazo, lau urte hauen balantze positiboa egiten dut»

28 urterekin, bizkarreko minek pilota, modu profesionalean behintzat, uztera behartu dute Beñat Urretabizkaia ikaztegietarra. Zuriz janzterik izango ez badu ere, agur esateko aukera eskaini dio enpresak gaur Labriten jokatuko den Buruz Buruko finalerdiaren atarian.

Beñat Urretabizkaia. (Jon URBE/FOKU)
Beñat Urretabizkaia. (Jon URBE/FOKU)

Hasteko, derrigorrezko galdera: nola dago bizkar hori?

Bueno, ba bizkarra oso ondo ez dago, egia esan. Bost hilabete daramatzat errehabilitazioan, min dezenterekin; hasieran ogia erostera ere ezin nuen joan, baina orain bizi nahiko normala egiteko moduan nago, pilotan jokatzeko moduan ez  baina bestela ondo.

Horrela ezin jarraitu, ezta?

Kirolean elitean aritzeko moduan ez nago. Bi hernia ditut, hernia diskal bat nerbio ziatikoa harrapatzen didana... Horrela ez nago jarraitzeko moduan. Orain mentalizatuta nago bizi normal bat egiteko, ahalik eta min gutxien izateko eta ahalik eta hobekien aritzeko.

Iñaki Izak eta Patxi Ruizek antzeko arazoekin utzi behar izan zuten pilota, biekin hitz egin dut, eurena nirea baino larriagoa izan zela uste dut, muinaren ondoko arazoren bat izan zuten.

Lau urteko ibilbidea izan duzu, nahi beste gozatzeko modurik izan duzu?

Bueno, nik uste bolada onak izan ditudala. Egia esan, eskuetako arazoak izan ditut, baina, tira, eskuek aukera eman didaten bitartean nik uste pilotan txukun aritu naizela. Azkenean balantze ona egiten dut, gustura geratzen naiz egindakoarekin.

Aurretik atzera egin zenuen profesionaletan aritzeko. Oso gutxik egin ahal izan dute aldaketa hori ondo, zaila behar du, ala?

Hainbeste urte aurrelari bezala ibili zarenean, ba oso zail egiten zaizu atzean ibiltzea, piloteoa, mugimenduak… dena oso desberdina da. Ohitzea asko kostatzen da, baina nik uste denborarekin jartzen ari nintzela, nahiko asentatzen ari nintzela, baina lesio hau etorri da, ez dago aurrera egiterik eta oroitzapen onekin geratzen naiz. Eta alde positiboekin.

Gainera, zaila da lau urteko epean gauza gehiago gertatzea, ezta? Aldaketa, eskuko arazoak, pandemia, greba, lesioa...

Bai, esandakoa, eskuko arazoak, orain hernia… Nik uste bolada txukunak izan ditudala, pilotan ondo aritu naizen boladak. Azken urtea nahiko txarra izan da; enpresarekin arazoak izan ditugu, pandemia… Baina espero aurrera egitea, arazo guztiak konpontzea eta, pilotarentzat ona bada, denontzat ona izango da.

Alde horretatik, nahiko ere berezian den arren, jenderik gabe eta jokatu ezinda, enpresak agurtzeko aukera eskaini dizu. Iker Arretxerekin bere garaian gertatu zena eta gero, esanguratsua iruditzen zait. Zerbait aldatu da?

Bai, pilotarien artean elkarte bat osatzea lortu genuen, eta hor lortu genuen pilotari bakoitzak bere agurra izatea merezita zuela onartzea, nahiz eta nire kasuan praka zuriak jantzita ez den izango; agur bat izateko aukera izango dut behintzat enpresaren aurrean eta pilotarien aurrean. Euren aldetik detaile bat da eta gustura geratzen naiz.

Julen Arretxeren garaian gertatutakoa ez zen oso polita izan, ez dakit nola esan, eta, nire aldetik, pilotariak ados egonda, enpresak ere bai, zerbait polita egin nahi didate eta horrek pozten nau. Espero egun polita izatea.

Aurrerantzean ere frontoietan ikusten jarraituko zaitugu...

Bai, Alegiako Intxurre klubean pilota saileko monitore gisa nabil Alegiako eta Ikaztegietako umeekin; kirol magisteritza eginda daukat eta horiei heltzen saiatuko naiz. Pilota eskolan gustura nabil eta jarraituko dut, gainera, ni bezala Iñaki Artola ere erreferente handi bat daukagu klubean eta horri eutsiz aurrera egin nahi genuke.

Zure agurraz gain, egun handia da oso gertukoa duzun Iñaki Artolarentzat...

Orain oso momentu politean  dago, Beñat Rezustaren aurka oso partida zaila dauka, denen artean laguntzen saiatuko gara eta ea irabaztea daukan. Bolada oso zailak izan ditu; eskuetako arazoak, iskiotibialean, psikologikoki ere momentu ez hain onak... Baina orain oso ondo dago Iñaki, konfiantzaz lepo eta, nire partetik behintzat, ea irabazten duen eta momentu on bat pasatzeko aukera dugun.

Presiorik gutxieneko urtean egin du eztanda, ezta?

Bueno, nik uste aurten galtzeko ezer ez zuela; Agirreren aurka oso partida borrokatua atera zuen, gero, Urrutikoetxearen aurka, biktima paperean joan eta irabazteko aukera izan zuen. Partida honetan ere ezer galtzekorik ez du, bere pilota ibilbideko momenturik onenean dago.

Urrutikoetxeari irabaztea inflexio moduko bat izan daiteke, askotan puntan dabiltzan pilotariek eskaloi bat igotzen badute, gero eztanda egiten dute. Hori ikusi dugu Ezkurdiarekin edo Zabaletarekin. Ea Iñakirekin.