Asier Aiestaran

Dauphineko bigarren etapa eta maillot horia, Lukas Postlberger austriarrarentzat

Bora taldeko txirrindularia eguneko ihesaldian sartu da eta abentura kide guztiak atzean utzita helmugara bakarrik iristea lortu du. Tropela 11 segundora heldu da, Colbrelli (Bahrain) eta Valverde (Movistar) bigarren eta hirugarren postuan sailkatuz. Alex Aranburu nagusian bosgarren ipini da.

Postlberger, helmugan garaipena ospatzen (Alain JOCARD / AFP)
Postlberger, helmugan garaipena ospatzen (Alain JOCARD / AFP)

Lukas Postlberger austriarrak irabazi du Dauphineko bigarren etapa, 173 kilometro Brioude eta Saugues artean, eta bera da probako lider berria. Bora taldeko txirrindularia eguneko ihesaldian sartu da eta abentura kide guztiak atzean utzita helmugara bakarrik iristea lortu du.

Tropela saiatu da erritmoa bizitzen, baina ez du iheslaria harrapatu ahal izan eta 11 segundora heldu da, Sonny Colbrelli (Bahrain) eta Alejandro Valverde (Movistar) bigarren eta hirugarren postuan sailkatuz hurrenez hurren.

Aipagarria benetan Alex Aranbururen lana. Astanako gipuzkoarra bederatzigarren izan da etapan eta sailkapen nagusian bosgarren ipini da. Eta astearteko hirugarren etapa oso egokia da beretzat, azken bi kilometroak goraka egiten dutelako aldapa ez gogorregi batean.

Ihesaldia etapa hasi eta berehala sortu da. Postlbergerrekin batera Delaplace (Arkea), Holmes (Lotto), Archbold (Deceuninck) eta Power (Qhubeka) izan dira aurrera egin dutenak eta boskoteak bost minutuko errenta lortu du etaparen lehen kilometroetan.

Baina ibilbidea oso gorabeheratsua zen gaurkoan, guztira bost mendate puntuagarri –ez oso gogorrak–, eta tropela apurka-apurka alde hori murrizten joan da. Aurrean txirrindulari ahulenak atzean geratzen joan diren bitartean –Robert Power izan da gelditzen lehena 60 kilometroren faltan eta ondoren proba utzi egin behar izan du– atzean erritmoa bizia izan da, Bahrain taldeak etapa zein liderraren maillota bereganatu nahi zituen Colbrellirentzat lan egin duelako.

Aldeak behera egiten zuela ikusita, Postlberger eta Archbold izan dira ihesaldiari beste martxa bat sartu diotenak 35 kilometroren faltan, eta elkarrekin lan eskerga egin ostean, 18ren faltan geratu da bakarrik austriarra.

Tropela ez zegoen barkatzeko. Bezperan Van Boer ezezagunak ezustekoa eman ostean, bazirudien oilarrek ez zutela horrelakorik errepikatzea nahi eta lanean ibili dira Bahrainekin batera Ineos, Jumbo, Trek eta Cofidis ere.

Baina une erabakigarria iritsi denean, zalantzak sortu dira. Azken aurreko mendatean gora, bigarren mailako Cote de la foret de Pourcheresse, Bahrain ez da gai izan erritmoa behar beste bizitzeko, eta Ineos edo Jumbok ez dute irrika berezirik erakutsi iheslaria harrapatzeko. Hori bai, Van Boer liderra atzean geratu da erritmoa jarraitu ezinik. Mendate gainean, helmugarako zazpi kilometroren faltan, aldea 50 segundokoa zen.

Eta eguneko azken zailtasuna laugarren mailako Cote de Masset kilometro eta erdiko aldapa motza zuten. Ben O’Connor (Ag2r) saiatu da tropeletik irtenda Postlberger harrapatzen, baina ez du bere helburua lortu. Austriarrak 20 segundoko aldearekin ekin dio azken jaitsierari eta helmugara iristea lortu du, etapa eta maillota bereganatuz.