NAIZ

Bilboko Gazte Topaketak berotzeko hainbat hitzaldi antolatu dituzte hurrengo egunetan

Ekainaren 19an burutuko diren Bilboko Gazte Topaketak berotzeko hainbat hitzaldi antolatu dituzte hurrengo egunetan. Gazte konpartsak, etxebizitza eskubidea, krisi ekologikoa, auzoak eta segurtasuna izango dira mintzagai.

Bilboko Gazte Topaketen aurkezpena. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Bilboko Gazte Topaketen aurkezpena. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Gazteek dituzten erronkei konponbidea aurkitzeko eta borroka ezberdinetako konfluentziak ehuntzeko antolatu dituzte Bilboko Gazte Topaketak ekainaren 19an. Eguna berotzen joateko, hainbat hitzaldi antolatu dira datozen egunetarako Bizkaiko hiriburuko hainbat txokotan.

Ekainaren 2an, asteazkena, ‘Ezin bada dantzatu, hau ez da nire iraultza’ hitzaldia egongo da Santutxuko Karmelo plazan 18.00ean. Bertan, Matxingorri Deustuko gazte konpartsak, Uribarrikoak eta Kaskagorrik jai herrikoiak «kontrabotere espazio» bezala aztertuko dituzte.

Ostiralean, ekainak 4, ‘Ez teilaturik, ez eta eskubiderik ere? Lan eta etxe duinak’ mahaingurua izango da Berbaizu euskara elkarteko egoitzan 19.30ean. Andrea De Vicente EHUko irakaslea, Miguel Virizuela Bilboko Maizterren sindikatuko kidea eta Luisa Oleaga Euskadiko Gazte Kontseiluko etxebizitza teknikaria izango dira hizlariak.

‘Hiria eta krisi ekologikoa: mehatxuak eta erronkak’ hitzaldia ekainaren 10ean izango da Alde Zaharreko Zirika! Herri gunean 19.00etan. Bilboren garapen eredu kapitalistaren ondorio ekologikoak ezagutu eta gazte mugimendutik alternatiba ekologista hausnartuko da.

Auzoak eta ergigunea

Ekainaren 14an, 18.30ean, ‘Auzoetatik Bilbo eraiki’ mahaingurua egongo da Deustuko Erriberan: Bilboko hainbat auzotan antolatutako gazteen arteko eztabaida. «Auzoetan sortzen diren harreman eta komunitateek osatuko dituzte hiriaren eta sistemaren aurkako lubaki eraginkorrenak. Lubaki hauek saretu beharra dago hiria eta mundua eraldatu nahi baditugu», diote Gazte Topaketen antolatzaileek.

Ekainaren 15ean, 18.30ean, ‘Kanpoaldea vs erdigunea. Zentralizazioaren arazoa’ hitzaldia egongo da Otxarkoagako Sukabi Gazte Lokalean. Bilboko auzo periferikoen baztertzea eta honek gazteengan sortzen duen eragina aztertuko da bertan.

Azkenik, ekainaren 16an, ‘Seguridad: ¿Derecho o excusa para criminalizar?’ hitzaldia egongo da San Frantzisko auzoko Mariaren Bihotza plazan 18.00etan.

Ekainaren 19an egun osoko egitaraua antolatu dute Santutxuko Karmela espazio autogestionatuan. Hurrengo egunetan, egun horretako xehetasunak emango dituzte.