Asier Aiestaran

Colbrellik bakarrik lortu du Alex Aranburu menderatzea Dauphineko hirugarren etapan

Astanako txirrindulari gipuzkoarrak sekulako erasoa jo du azken metroetan, beste faborito ia guztiak aztean utziz, baina Sonny Colbrelli italiarrak gurpila hartu dio eta harentzat izan da garaipena. Sailkapen nagusian hirugarren jarri da.

Colbrelli besoak jasotzen alboan Alex Aranburu duela (Alain JOCARD / AFP)
Colbrelli besoak jasotzen alboan Alex Aranburu duela (Alain JOCARD / AFP)

Alex Aranburu ezkiotarra Dauphineko hirugarren etapa irabazteko zorian izan da. Astana taldeko gipuzkoarrak bazekien gaurko amaiera, azken kilometroan errepideak gora egiten zuelako, beretzat oso egokia zela eta bera izan da esprinta urrutitik jaurti duena. Oso indartsu dagoela erakutsi du eta taldetxoa erabat apurtzea lortu du, baina Sonny Colbrellik bere gurpila hartzea lortu du eta azken metroetan gehiago izan da Bahrain taldeko italiarra.

Sailkapen nagusian Lukas Postlberger austriarrak jarraitzen du lider, Sonny Colbrelli bigarren dago, eta Alex Aranburu bosgarren postutik hirugarrenera igo da, liderrarengandik 18 segundora kokatuz. Hori bai, asteazken honetan 16,4 kilometroko erlojupekoa dute txirrindulariek eta pentsatzekoa da saikapenean atzera egingo duela.

«Azken kiloemtroak oso eroak izan dira. Talde bakoitzak pare bat txirrindulari zeuzkan asko jota, eta inork ezin izan du esprinta ongi prestatu. Alde batera eta bestera ibili naiz gurpil onaren bila, eta aurrean ikusi naizenez jotzea erabaki dut. Azken metroetan indar apur bat falta izan zait garaipena lortzeko», deskribatu du Aranburuk etapa amaiera.

Helmugako azken borroka hori izan da etapak utzi duen ikuskizun bakarra, ordura arte nahiko aspergarria joan baita eguna. Omer Goldstein (Israel) eta Loic Vliegen (Wanty) izan dira eguneko ihesaldia osatu duten bi txirrindulariak, baina gaurkoan ez dute helmugara iristea lortu. Vliegen izan da aurrean gehien iraun duena baina 23 kilometroren faltan harrapatu du ordurako oso azkar zebilen tropelak.

Tentsioa eta urduritasuna handia izan da azken txanpa horretan, haizeak ere jotzen zuen, eta erorikoak izan dira. Aipagarriena Guillaume Martin (Cofidis) eta Warren Barguil (Arkea) frantziarrek izan dutena, 15 kilometroren faltan. Barguilek ezin izan du tropelean sartu eta Guillaume Martinek sekulako berotua hartu behar izan du taldekideen laguntzarekin aurrekoekin bat egiteko. Aurrez, Mads Pedersen izan da erori eta lasterketa utzi behar izan duena.

Gaurko erlojupekoak aldapa dezente ditu eta egokia izan daiteke Ion Izagirrerentzat. Aranburu berak ere lan ona egiteko asmoa erakutsi du: «Saiatuko gara. Eta hurrengo egunetan ere etapa gogorrak datoz, Sailkapen nagusiari begira lan egin beharko dugu, baina agian ihesaldiren bat harrapatzeko aukera ere egon daiteke. Ikusiko dugu».

Dauphine - Hirugarren etapa
1. Sonny Colbrelli (Bahrain)     3:56:36
2. Alex Aranburu (Astana)     d.b.
3. Brandon McNulty (UAE)    d.b.
4. Jasper Stuyven (Trek)    d.b.
5. Wilco Kelderman (Bora)    d.b.
6. Clement Venturini (Ag2r)    d.b.
7. Carlos Barbero (Qhubeka)    d.b.
8. Clement Russo (Arkea)    d.b.
9. Tim Wellens (Lotto)    d.b.
10. Kasper Asgreen (Deceuninck)     d.b.
11. Alejandro Valverde (Movistar)     d.b.
12. Quentin Pacher (B&B)     d.b.
13. Ion Izagirre (Astana)    d.b.
97. Imanol Erviti (Movistar)    1:49ra
100. Oscar Rodriguez (Astana)    d.b.

Dauphine - Sailkapen nagusia
1. Lukas Postlberger (Bora)     12:35:08
2. Sonny Colbrelli (Bahrain)     2ra
3. Alex Aranburu (Astana)    18ra
4. Alejandro Valverde (Movistar)    20ra
5. Kasper Asgreen (Deceuninck)    23ra
6. Quentin Pacher (B&B)     24ra
7. Patrick Konrad (Bora)    d.b.
8. Geraint Thomas (Ineos)    d.b.
9. Ilan Van Wilder (DSM)    d.b.
10. Steven Kruijswijk (Jumbo)    d.b.
11. Sepp Kuss (Jumbo)    d.b.
12. Alexey Lutsenko (Astana)     d.b.
19. Ion Izagirre (Astana)    d.b.
47. Oscar Rodriguez (Astana)    2:23ra
109. Imanol Erviti (Movistar)    17:01era