NAIZ

Urriza-Zalduak eta Ansa II.a-Labakak jokatuko dute Sagardoaren Txapelketako finala

Bereziartuako ordezkariek tanto bakarraren aldearekin irabazi zieten Gaztañagako Segurola-Larrañagari partida handi batean eta Setienekoek ere lana egin behar izan zuten Gurutzetako Goikoetxea V.a-Aizpuru III.a 30-22 gailentzeko.

Urrizak lan handia egin behar izan zuen finalera heltzeko. (Maialen ANDRES/FOKU)
Urrizak lan handia egin behar izan zuen finalera heltzeko. (Maialen ANDRES/FOKU)

Sagardoaren Txapelketaren finala erabakita geratu zen astelehen gauean eta orain arteko bi bikoterik sendoenek, Urriza-Zaldua eta Ansa II.a-Labakak, lortu dute datorren astelehenean izango den finalerako txartela. Beraz, finala Bereziartua eta Setien sagardotegien artean jokatuko da.

Finalerdietan Segurola-Larrañaga (Gaztañaga) eta Goikoetxea V.a-Aizpuru III.a (Gurutzeta) gainditu zituzten ETB1eko Erremontari saioaren barruan.  Lehenengo finalerdian Urriza eta Zalduak ikaragarri sufritu behar izan zuten Segurola eta Larrañaga gainditzeko. Azkenean, errebotez bi paretako jokaldia ongi irten zitzaion Urrizari eta 30 eta 29koa igo zuen markagailura. 29na iritsi eta gero edonork irabazi zezakeen, baina txanpona Bereziartua ordezkatzen duen bikotearen alde erori zen.

Partida oso orekatua izan zen eta inork ez zuen lortu markagailua haustea. Egiari zor, gorriak joan ziren agintzen ia partidu osoan, baina abantailak tanto bakarrekoak edo bi tantokoak ziren gehienez. Urdinak beti egon ziren gertu eta amaiera aldera aurretik ere jarri ziren. Hala ere, azken tantoan zortea lagun izan zuten gorriek eta finalerako txartela eskuratu zuten.

Errazago baina sufrituta

Bigarren finalerdian Ansa eta Labakak erosoago lortu zuten garaipena, 30-22, baina horrek ez du esan nahi partida erraza izan zutenik. Alderantziz, urdinek beraien aukerak izan zituzten. Hasiera parekatua izan zuen partidak, baina Ansa eta Labakak lehiaren erdira hurbiltzen ari zirela aldeak handitzen hasi ziren eta zortzi tantoren aldea ere eskuratu zuten 24-16. Orduan Joxi Aizpuruk atsedena eskatu zuen eta ongi etorri zitzaien geldialdi hori urdinei.  Sei tanto egin zituzten erreskadan eta 24-22, bi tantora hurbildu ziren. Hala ere, berriz sakea eskuratu ondoren, gorriak 30garren tantora joan ziren zuzenean.

Beraz, bi bikote faboritoak pasa dira finalera eta astelehenean jokatuko da finala, Setien eta Bereziartuaren artekoa.