NAIZ

Bilboko Konpartsek jarduera alternatiboen programa bat iragarri dute Aste Nagusiaren ordez

Aste Nagusia bigarren urtez bertan behera geratu ondoren, Bilboko Konpartsek kultur jardueren programa bat iragarri dute uda honetarako. Konpartsek salatu dutenez, Udala «gure lana isilarazten saiatu da».

Bilboko konpartsen agerraldi baten artxiboko irudia. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Bilboko konpartsen agerraldi baten artxiboko irudia. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Bilboko Konpartsek aurten ere ez dagoela «baldintzarik ohiko Aste Nagusi parte-hartzaile eta aldarrikatzailea antolatzeko» deitoratu dute ostegun honetan. Dena den, Jai Batzorde Mistoko kideek konpromisoa hartu dute datorren urtean «Mari Jaia eta Aste Nagusia buelta daitezen lan egiten segitzeko».

Bide horretan, Bilboko Konpartsek lan egiteko asmoa dute, datorren urteari begira ez ezik uda honetan ere garatuko den kultur-programazio herrikoiak Bilbori «irria berreskuratzen lagun diezaion», covid-19ren oinazearen eta konfinamenduetako nekearen ostean.

Hala, laster, ekainaren 12an, Gora Txosnagane! mendi-igoera neurtua izango da, eta dagoneko izen-ematea zabalik dago; hilaren 23an, San Juan bezperarako antzezpen indartsu batez gozatu ahal izango da; eta abuztuaren azken astean kulturaz eta ezustekoz blai izango da Bilbo, konpartsakideen ekimenez.

«Bideo-spoilerra», Udalari kritika

Azkenik, Bilboko Udalak Jai Batzorde Mistoaren agerraldia egin nahi ez izana eta JBMren prentsa-oharra kaleratu baino lehen «bideo-spoilerra» egin izana salatu dute Konpartsek. «Nahiz eta Udala gure lana isilarazten saiatu den, Bilboko Konpartsok, eredu parte-hartzaile, feminista, herrikoi eta euskalduna indartuz segituko du», jakinarazi dute.

Bigarren urtez jarraian, Aste Nagusia bertan behera utzi zuten asteazken honetan Bilboko Konpartsek eta Bilboko Jai Batzorde Mistoa osatzen duten beste eragileek, haien artean Bilboko Udalak eta Bilboko Udal talde politikoek. «Elkar-zaintzaren filosofian oinarritu ginen erabaki hori hartzeko, denon osasunaren alde jokatuz», esan dute Bilboko Konpartsek.